argia.eus
INPRIMATU
Eraldatu dezagun industria militarra
  • Gerra batean –deklaratuta egon edo ez–, haurren sarraski bat gertatzen denean eta arma, lehergailu nahiz munizioaren jatorria Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan dagoela jakiten denean, jende guztia antimilitarista bihurtzen da eta politikariek adierazpenak egiten dituzte gerra hori kondenatzen. Badaude boikota eta armak ez saltzea eskatzen dutenak; aireportu eta itsas portuetan horiek esportatzea eragozteko mugimenduak ere sortzen dira, Saudi Arabiara eramaten dituzten armekin Bilboko portuan gertatu bezala.

Juan Mari Arregi 2018ko irailaren 18a

Baina denbora igarotzen da eta Yemengo edo beste herrialdeetako gerra irudi ikaragarriak urrundu egiten dira. Eta pentsaera militarista itzuli, industria militarraren eta negozioaren defendatzaileen eskutik. Normalean, arduradun politiko, sindikal eta sozial horiek esan ohi dute beti izan direla bizitzaren aldekoak “terrorismoaren” eta “biolentzia ororen” aurrean.

Saudia Arabiak Yemenen haurren kontra egindako sarraskiaren ondoren, horixe da gertatzen ari dena PSOEren Gobernuan herrialde arabiarrari saldutako 400 bonba “gidaturekin”. Ondo gelditzeko iragarri zuen bertan behera geratzen zela salmenta, baina orain, sokatik zintzilik geratu da eta bonbak saltzea erabaki du. Navantiako ontzioletako andaluziar langileak kalera atera dira enpleguaren defentsan, arabiarrek mehatxu egin baitute bost korbetaren eskaria bertan behera utziko dutela; ez dezagun ahaztu, gerrarako ontziak dira korbetak, eta hiltzeko balio dute.

Koherente izateko unea da, industria militarra goitik behera eraldatzekoa, zibil bihurtu arte. Lehenago egin izan da, baita Euskal Herrian ere. Gobernuak ezin gaitu tuntuntzat hartu “irtenbide diplomatikoak” bilatzen ari dela esanez, badakigu gezurrean eta manipulazioan oinarriturik daudela. Lehergailuak Saudi Arabiara iritsiko dira.