Atlantic City (AEB), 1968ko irailaren 7a. 1969ko Miss America aukeratzeko ekitaldia egin zuten eta, kanpoan, New York Radical Women erakundeak deituta, 400 bat emakume bildu ziren lehiaketaren aurka protesta egiteko.
Biharamunean, New York Post egunkarian, Lindsy Van Gelder kazetariak idatzitako artikuluak titular hauxe zeukan: Bra Burners and Miss America (bularretako erretzaileak eta Miss America, alegia). Eta handik aurrera, azken mende erdian, bularretakoak erretzea borroka feministaren ikur izan da, protestaldi hartan inork bularretakorik erre ez zuen arren.
New Yorketik Atlantic Cityra autoetan eta alokatutako autobusetan hurbildu ziren emakume feministetatik lauk sarrerak zeuzkaten eta antzokira sartzeko aukera izan zuten. Han, Women’s Liberation! zioen pankarta zabaldu zuten eta emakumeen askapenaren aldeko dozena erdi oihu botatzeko aukera izan zuten, poliziak indarrez kanporatu zituen arte.
Kanpoan, hainbat ekitaldi sinboliko egin zituzten. Ardi bat miss koroatu zuten, halako lehiaketek emakumeak ganadua bailiran tratatzen zituztela salatzeko. “Askatasunaren zaborrontzira” bota zituzten sukaldeko tresnak, Playboy eta Cosmopolitan aldizkariak, betile faltsuak, makillajea, takoidun oinetakoak, kortseak... Eta, bai, bularretakoren bat ere bai. Zaborrontziari su emateko asmoa ere bazuten, baina poliziak galarazi zien.
Han banatu zituzten eskuorrietan garbi azaldu zuten haien aldarrikapenak ez zirela feminismora mugatzen. Arrazismoaren kontrako aldarriak jaso zituzten –1921ean sortu zenetik, Miss America lehiaketaren finaletan soilik emakume zuriak onartu zituzten–, baita militarismoaren edo kontsumismoaren kontrakoak ere. Baina New York Post-eko titular hark bularretakoei su eman eta ñabardura horiek guztiak itzali zituen.
Bonnie J. Dow idazle feministaren ustez, feminismoaren eta bularretakoak erretzearen arteko lotura antifeministek bultzatu zuten, emakumearen eskubideen aldeko mugimendua baliogabetzeko. “Feministek arinkeriaz jokatzen zutela eta bularretakoak kendu eta erretzea gizonak erakartzeko trikimailua zela sinestarazi nahi izan ziguten”.
Carol Hanisch protestaldiaren antolatzaileetako batek gerora esan zuenez, “komunikabideek bularretako erretzaile deitu ordez kortse erretzaile deitu izan baligute, AEBetako emakume guztiek gurekin bat egingo zuketen”.