argia.eus
INPRIMATU
Usoei begira
Edu Zelaieta Anta 2018ko irailaren 11

Lehen aldiz balitz bezala begiratzea omen da kontua. Hain da zaila, baina, biziaren laugarren hamarkadan sartuta! Udan oparitu dizuten John Bergerren liburuak lagundu dizu biluzte horretan. Eta, batez ere, enperadoreen jantziak ongi bereizten ez dituzten hamar urteko semearen begi zoliek. Azken asteotan egin dituen –dituzuen– behaketen artean, hiriko usoak hartu dituzue hizpide behin baino gehiagotan. Ahantzixea zenuen mundu bat berreskuratu duzu zuk (zenbat uso zauritu eraman zenituen txikitan gurasoen etxera sendatzeko asmoz?), berak mundua deskubritzen jarraitu bidenabar.

Ohi den gisan, galdera berriak ekarri dituzte behaketa horiek: zer gertatu zaio uso horri hankabakarra izateko, aita? Zergatik ezin du horrek hegan egin normal? Uso zaurituak etxera eramaten zenituenean, zer esaten zizuten aitona-amonek? Usoak ere familiaka bizi dira, gu bezala? Denetarikoak izan dira erantzunak, zalantzak, isiluneak eta interneteko bilaketa azkarrak.

Bergerri irakurri diozu animaliak behatzea ariketa atabikoa dela. Animaliei begira, edozein izanik ere, geure buruaz hitz egin dezakegulako.