Abuztuaren 3an hil zen Pedro Berrioategortua Murgoitio (Apatamonasterio, 1928 – Zornotza, 2018), frankismo garaian abade, erregimenari aurre egin zion borrokalari nekaezina. Kamioiarekin freskagarriak banatzen zituenean nola Guardia Zibilak jazartzen zuenean, Derioko itxialdian nahiz Zamorako apaiz-kartzelan, ez zuen sekula tinkotasuna zerion irribarrea galdu.
“Gaur hemen gaudenok soberan ezagutzen dugu Periko Berrioategortuaren izate humanoa. Euskal herri langilearen aldeko iraultzaile eredugarria izan baitzen, eta horregatik jasan izan zituen ulertu ezinak, atxilotzeak, kartzela eta gerra zikina. Abertzalea izan zen beti, euskaltzalea, independentista, sozialista eta solidarioa”.
Hitz horiek eskaini zizkion Berrioategortuari bere lagun eta borroka bidaide Juan Mari Arregik, Zornotzan irailaren 8an egin zioten agur zibilean. Ekitaldian izan ziren, senideez gain, harekin kartzelan egondako Xabier Amuriza eta Miren Amuriza Perikoren alababitxia; Juan Mari Areitio laguna eta Juan Mari Zulaika apaiz preso ohia; hala nola ezker abertzaleko eta Goldatu frankismoaren preso eta errepresaliatuen elkarteko ordezkariak. Senideetako batek Joxean Artzeren eta Mikel Laboaren Txoria txori abestu zuen gitarraz, eta estreinatzeke dagoen Zamorako apaiz-kartzelari buruzko dokumentalean abade zornotzarrak izandako azken elkarrizketaren pasarteak ere irakurri zituzten.
Baserriko semea, sotana jantzi zuen unetik Eliza barrutik aldarazi eta diktaduraren kateak hautsi beharraz jabetu zen. Zornotzako abade-etxetik ekin zion zeregin horri, lehen aldiz 1960an, 339 euskal apaizek gutun ezaguna kaleratu zutenean. Lehen isuna, lehen abisua. Berrioategortuak erabaki zuen jende xeheen zoru bera zapaltzea, izan Bandetako grebalarien ondoan, izan kontsumo kooperatibak sortzen –La Zornozana Eroski-ren erroetako bat izan zen– edo morroi gisa lanean. Abadeak uko egin zion Estatuko soldatari, eta beste zenbait bezala, beharrean jarri zen, eliztarren harridurarako.
1968. urtea berezia izan zen. Tolosako Bentaundin Txabi Etxebarrietaren heriotzak halako hotzikara sortu zuen eta agerian utzi erregimenak ez zuela xalokeriaz erantzungo. ETAko militantearen aldeko hiletak debekatu zituen gobernadore zibilak eta herrietara guardia zibilak bidali. Berrioategortua ez zen kikildu eta Zornotzako elizako ateak zabalik eman zuen meza. Zamorako apaiz-kartzelan hilabete eta erdi egin zuen; bere hezurrek orduan ezagutu zuten espetxeko pareten umela zer den. Ez zen azkeneko aldia izango. Zamorako apaiz-kartzela (Txalaparta, 2011) liburuan utzi zuen lekukotasuna: udan eguzki errea eta negu luzean sekulako hotza egiten zuen patio txikiak erakutsi zien “Madril eta Vatikanoren kartzela hark barnean ezkutatzen zuen krudelkeria klimatikoa”.
Espetxean zirela, indarra baino ahulezia sarriagotan sumatzen zutela zioen Periko Berrioategortuak, baina ahultasun horrek, ostera denak “elkartzea lortzen zuen”. 68ko azaroan Derioko seminarioko itxialdiak ahalduntze kolektibo bat ekarri zuen euskal elizgizonen artean –tartean zen bera ere–. Mende erdia da 80 apaizek Eliza pobrea, librea, dinamikoa eta indigena aldarrikatu zutela, ekintza zuzenaren bidez. Jose María Cirardaren mehatxua ere zuzena izan zen zeharo: “Nire autoritatearen pisu osoz diotsuet oso larria litzatekeela diskordiaren bekatua ereitea”, zabaldu zuen pastoral bidez gotzain frankistak Bilboko egoitza apostolikoaren administradore egin orduko. Konkordiaren aitzakia, errepresio frankistaren eta torturen aurrean ezikusiarena egiteko.
Berrioategortuak bere larrutan nozitu zuen jazarpena: motorra kendu zioten, autoa erre, sarritan atxilotu eta egurra eman. “Hidalgo kapitainak nirekin nahi zuena egin zuen, neurri batean”, aitortu zion Miel A. Elustondo kazetariari hil aurretik (Berria, 2018-09-02). Manuel Hidalgo Salas Gernikako guardia zibilen burua peskizan ibili baitzen beti: “Bizkaian ez da Berrio abadea ezagutzen ez duenik”, esan zion behin atxilotuta zeukan bati.
1975ean, salbuespen egoera betean, Noticias del País Vasco durante el estado de excepción buletin klandestinoa banatzen hasi ziren militante eta herritar konprometitu askoren laguntzari esker. Hidalgok uste zuen Durangaldean zegoela aldizkariaren argitalpen zentroa –Madrilen zegoen arren–, eta jo puntuan zeukan Zornotzako Astepe auzoko Casa Garaje etxea. Han bizi ziren ordurako Eliza utzirik zuen Periko eta Txaro Aranbarri bikotekidea –duela urtebete hila–. Astepeko etxe hura, informazio iturri ez ezik, Zamorako apaiz-kartzelan zeudenak laguntzeko gune ere izan zen, eta horretan Aranbarriren ekarpena ezinbesteko izan zen.
Franco hil ostean prentsaren munduan murgildu zen Berrioategortua, Egin egunkariaren sorreran parte hartu eta lan eginez. Bere bizitzako azken urteetan elkartasuna eta konpromisoa izan zituen ardatz, preso politikoen eskubideen defentsan, Boroako zentral termikoaren kontra eta herriko eragile askorekin elkarlanean, beti irribarrea ahoan.
“Azken astean ospitalean zela –azaldu zuen agur ekitaldian Juan Mari Arregik– telefono mugikorra erakusten nion, bere egoeraz arduratuta zegoen jendearen dei eta mezu asko jasotzen ari nintzela esateko. Eta Perikok beti maitasun eta esker oneko irribarretxoa egiten zuen”.
Astelehenean abiatu zituzten lanak eta frankismo garaiko 20 biktima berriren gorpuak topatu dituzte honezkero. Asteburura arte luzatuko dute gorpuzkiak lurpetik ateratzeko hirugarren kanpaina.
Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]
Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak gogor kritikatu du Iruñeko Erorien Monumentuaren inguruan EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNek egindako akordioa. "Pedagogia" egiteko toki hobeagoak daudela dio eta interpretazio zentroari Maravillas Lamberto izena... [+]
Iruñeko Erorien monumentua faxismoaren salaketarako eta memoria demokratikorako Maravillas Lamberto interpretazio zentroa bilakatzea adostu dute EH Bildu, PSN eta Geroa Baik. Eraikinaren parte bat eraitsiko dute, eta adiera frankistako elementuak kendu edo estaliko... [+]
"88 urteko isiltasuna nahikoa da; gure herritarrek behingoz aitortza ekitaldi bat merezi dute"
Espainiako eta Frantziako Estatuak “nazio askapen mugimendua ito” nahi dutela ohartarazi du Sortuk, eta Santi Brouard eta Josu Muguruza HBko militanteen erailketak estatu biek egiten duten “gerra zikinaren parte direla” adierazi du.
Saturraran Elkarteak antolatuta, Oroimen Eguneko ekitaldian batu dira larunbatean 1939tik 1944 bitartean Saturrarango Emakumeen Kartzela egon zen inguruan, bertan preso egondako emakume eta umeak oroitu eta omentzeko.
Egun hartan Espainiako Poliziak bost langile hil zituen eta dozenaka zauritu. Orain, identifikatu gabeko beste zazpi zauritu aurkitu dituela iragarri du Martxoak 3 elkarteak. Oraindik, alabaina, ez dute lortu zauritutako beste 20 pertsona identifikatzea.
Espainiako Gobernuak dokumentu bat helarazi die Salvador Puig Antichen arrebei, Oroimen Demokratikorako ministro Ángel Víctor Torresen eskutik. Frankismoak anarkista katalanari jarritako heriotza kondenaren “baliogabetasun akta” dela diote. Harrigarria... [+]