argia.eus
INPRIMATU
María Torrellas . Dokumentalista
“Gutxi ezagutzen da Kubako iraultza feminismoaren ikuspuntutik”
  • Herri komunikatzaile moduan definitzen du bere burua Maria Torrellasek (Aviles, 1955). Asturiarra sortzez, duela 23 urte etorri zen Euskal Herrira, Carlos Aznarez bikotekidearekin batera. Hemen euskaldundu eta hemen izan zuen Nagore alaba. 2004an Uruguaira joan zen bizitzera eta Argentinara ondoren. Bertan, Resumen Latinoamericano aldizkarian dihardu. Berak zuzendutako Cubanas; Mujeres en Revolución film dokumental berria aurkeztera etorri da gurera.

Jabi Zabala @sarean 2018ko irailaren 13a

Zer egiten duzue Resumen Latinoamericano aldizkarian?
Latinoamerikako borroka prozesuak jarraitzen ditugu, erresistentziak, salaketak… Argentinan da edizio nagusia baina Brasilen, Venezuelan, Perun eta Kuban ere argitaratzen da, tokian tokiko aldaerekin. Eztabaidarako tresna da, borrokarako, oso garai zaila delako hau. Latinoamerikan, eskuin muturra aurrera ari da bere aurpegirik krudelenarekin. Egia esan, egun, mundu osoaz ari den albiste agentzia da gurea.

Nola sortu zen Kubako emakumeei buruzko dokumentala egiteko ideia?
Krisialdian ezagutu nuen Kuba, 1993an. Iraultzaren zalea nintzen aurretik, baina asko hunkitu ninduen hango emakumeen borrokak garai latz hartan. Eskasiari nola egiten zioten aurre. Kubako emakumeen jarraipena egiten hasi nintzen orduan, hango feminista bikain baten bidez. Isabel Moya zen bera eta aurtengo martxoan zendu zen, baina dokumentalean ere ageri da, zorionez. Gutxi ezagutzen da Kubako iraultza feminismoaren ikuspuntutik, ikuspegi orokorra dago, gizonezkoena, baina Vilma Espín, Celia Sánchez eta Haydée Santamaría ez dira hain ezagunak Kubatik kanpo, ezta iraultzaren lorpen feministak ere. Errealitate hau ezagutzera emateko pentsatu nuen dokumentala egitea.

Zer eman die iraultzak Kubako emakumeei? Dokumentaleko galdera da.
Bai, eta erantzuna argia eta erabatekoa da, elkarrizketatu guztiek zein kalean ausaz aurkitutakoek eman didate: “Iraultzak dena eman digu. Zer ginatekeen iraultzagatik ez balitz”. Hezkuntza, alfabetizazioa, ikasketak, lan egiteko aukerak, berdintasuna, duintasuna, kultura, kirola...

Familia giroan, hala ere, matxismo handia dago oraindik.
Bai, eta hori etxe barnekoa dela argitu behar da. Parlamentuan %49 dira jada emakumeak, unibertsitatean eta zientzian %60 dira, baina kulturari, sinboloei eta familia rolei dagokienez zailago dute aldaketa.

Argazkia: Iñigo Azkona

Iraultzaren hastapenetik hona ere bilakaera handia egon da.
Homosexualitatearen ikusgarritasuna asko landu da, esaterako, Mariela Castrok zuzentzen duen Sexu Heziketa Zentro Nazionalak lan handia egin du azken 30 urteotan LGTB kolektiboaren onarpenerako. Ez ninduke harrituko orain eztabaidatzen ari diren konstituzio proiektuan sexu bereko ezkontzak onartuko balira, gizartea prestatuta baitago hori ulertzeko.

Argentinan, aldiz, guztiz bestelako egoera duzue, abortua debekatu dute.
Senatua dinosauroz beteta dago, emakumezko senatari eskuindar horiek… Jendea oso haserre dago Elizarekin, fetuak salbatzeaz obsesionatuta daude eta nahiago dute abortu klandestinoetan neskak hiltzen jarraitzea. Zapi laranja ezaugarri duen apostasia mugimendua sortu da.

Argentina-Kuba lotura handia dago, Guevaraz harago.
Chek Argentinako iraultzaileen belaunaldiak markatu ditu, lotura historikoa sortu zuen. 2006an Fidel Chavezekin Argentinara bisitan joan zelarik, 50.000 lagun hurbildu ziren unibertsitatera bera ikustera. Lotura horren erakusgarri, behin, Santiagon nengoela, parke batean emakume talde bat topatu nuen. Agurtu eta, Argentinatik nentorrela entzunda, txartel bat eman zidaten Maiatzeko Amei helarazteko esanez. Eraman nien mezua eta haiek mezua grabatu zuten Kubakoei bueltan emateko.

Nolakoa da Argentinako egoera?
Gobernurik gabeko herrialdea da, eskuin muturreko gobernua dago baina Nazioarteko Diru Funtsak agintzen digu. Oso egoera larria dago, Greziarena gogora ekartzen dit. Hasi dira krudeltasun handiz ministerioak desagertzen, irakaskuntza, ospitaleak...

Argentinarrek nola erreakzionatu dute?
Hedabide hegemonikoak lan handia egin du jendea loguratzeko, zentzuna galarazteko, horregatik bozkatu dute eskuin muturreko gobernu hau. Sektore borrokalariak oso apalduta daude baina horiek batzeko beharra dugu, kubatarrek egin zuten moduan. Hori da zailena eta hori da Kubak eman digun lezioa, batasunarena.

Ezkerreko gobernuen garaia igaro da neurri handian. Zein da Resumen Latinoamericano-ren talaiatik egiten duzuen balantze kritikoa?
Gobernu aurrerakoi batzuk izan dira, Chavezek aitzinatuta, baina horiek ez dituzte euren politikak behar bezala erradikalizatu eta mapatik ezabatuak izan dira. Uruguairen kasuan, Frente Amplio eskumarantz lerratu da, multinazionalekin hitzarmenak egin dituzte eta hezkuntza publikoa hondatu dute, Nikaraguan ere berdin egin dute. Hiru borroka iraultzaile indartsu gelditzen zaizkigu: Kuba, Venezuela eta Bolivia. Brasilen Lula kendu dute, hauteskundetara aurkeztu ez dadin. Egoera larria da, kapitalismoak hil egiten duelako, herriak suntsitzen ditu eta behar duen guztia egiten du baliabideak lortzeko.