argia.eus
INPRIMATU
Kursaal eta estraperloa
  • Donostia, 1934ko irailaren 12a. Gran Kursaal kasinoan Straperlo izeneko bi erruleta mekaniko jarri zituzten abian.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2018ko irailaren 13a
Donostiako Gran Kursaal kasinoa. 1934ko irailean Straperlo izeneko iruzurrezko bi erruleta jarri zituzten bertan. Hortik dator “estraperlo” hitza. (Arg: Paris: Marín; Levy et Neurdein Réunis)
Donostiako Gran Kursaal kasinoa. 1934ko irailean Straperlo izeneko iruzurrezko bi erruleta jarri zituzten bertan. Hortik dator “estraperlo” hitza. (Arg: Paris: Marín; Levy et Neurdein Réunis)

Makina haiei bultzatzaileen abizenen hasierak batuta jarri zieten izena: Daniel Strauss, Joachim Perlowitz eta lehenengoaren emazte Frieda Lowann –beste iturri batzuen arabera, gailua bataiatzerakoan soilik bi gizonezkoen abizenak izan zituzten kontuan, emaitza berdinarekin–. Herbeheretar judu hirukoteak aurrekari ilunak zituen zorizko jokoen esparruan eta, gainera, Espainian jokoa debekatuta zegoen 1924tik, Primo de Riveraren diktadura garaitik. Bigarren Errepublikan ere hala jarraitu zuen. Eta, hala ere, eroskeria medio, Straperloak Donostian martxan jartzea lortu zuten.

Badirudi urrezko erlojuak eta dirua banatuz erosi zituztela baimenak eta, gainera, hainbat karguduni irabazien ehuneko bat jasotzea eskaini zietela. Gerora Straussek deklaratuko zuenez, Madrilgo gobernuan zegoen PRR alderdiko buru Alejandro Lerrouxek %25 jasoko zuen, handik gutxira Kataluniako gobernadore nagusi izendatuko zuten Joan Pich i Ponek %10, eta beste hiruk, tartean Lerroux beraren ilobak, %5na.

Horrenbestez iraileko arrats hartan hasi zen bolatxoa bueltaka eta hiru ordu geroago gelditu, polizia, pistolak erakutsiz, Zurriola ondoko kasinoan sartu zenean. Erruletak hamahiru zenbaki besterik ez zituen eta, beraz, jokalariek beste joko batzuetan baino aukera gehiago zeukaten irabazteko. Teorian behintzat. Praktikan, hasi eta berehala konturatu ziren bertaratutakoak bankua nahi beste irabazten ari zela; croupierrak nahi zuenean geldiarazten zuen gurpila botoi bat sakatuta.

Straperloa iruzur baldarra zela garbi geratu zen arren, handik hilabete ingurura Mallorcan, Formentor hotelean berriro jarri zuten martxan makina parea. Straussek adierazi zuenez, Francisco Francok berak erruletak jartzeko baimenean zeresana izan zuen, Balear Uharteetako komandante militarra baitzen garai hartan. Astebete iraun zuten hoteleko kasinoan, Herrizaintza ministroak egoitza ixteko agindu zuen arte.

“Strauss eskandaluaren” itzala, ordea, luzea izan zen. Errepublikako gobernu kontserbadorearen gainbehera faktore askok eragin zuten, baina Straperlo erruletak izan ziren Biurteko Beltzaren akabua. Ustelkeria kasua 1935eko urrian eman zen ezagutzera publikoki, ezkerreko oposizioaren eskutik, itxuraz. Ondorioz, hilaren 26an, Chapaprieta ministroak dimititu zuen eta handik hiru egunera orduan ministro zen Lerrouxek gobernua utzi zuen. Hurrengo hauteskundeak Frente Popular koalizio ezkertiarrak irabazi zituen.

Orduz geroztik, “estraperlo” hitza amarru, azpijoko edo iruzurren sinonimo moduan erabiltzen hasi zen. Eta gerraostean merkatu beltzeko jarduera bihurtu zen estraperloa. Egun, definizio hau du hiztegian: “Legez kanpoko salerosketa, bereziki lehen mailako produktuekin eskasia garaian egiten dena”.