argia.eus
INPRIMATU
Amaiera akatsgabea
Montserrat Auzmendi del Solar 2018ko irailaren 11
Sinfonieorchester KölnLeonea Musika. (Hamabostaldia). Zuzendaria: Jukka-Pekka Saraste. Donostiako Orfeoia. Zuzendaria: J. A. Sáinz Alfaro. Tenorea: Maximilian Schmitt. Egitaraua: Hector Berliozen “Requiem op. 5”. Kursaal Auditorioa. Abuztuaren 1a.

Abuztuan zehar, bakarlari, talde eta orkestrak aritu dira Musika Hamabostaldiko aurtengo edizioan. Edizio ona, mamitsua, non publikoak oso ongi erantzun duen. Hamburgoko Orkestrak, Rotterdamekoak eta Budapestekoak zapore ona utzi dute, baina Sinfonieorchester Köln taldeak zur eta lur utzi gaitu, dudarik gabe.

Esan daiteke Koloniako orkestra hau Europako irrati orkestra nagusietako bat dela, bere 65 urteko ibilbidean, oso malgua eta moldakorra, baina esan behar da arrakastaren zati handi bat Jukka-Pekka Saraste zuzendariari zor diola. 2010-2011 denboraldian Saraste izendatu zuten zuzendari titularra eta soinu eta dotorezia bereziak eman dizkio finlandiarrak taldeari.

Horren froga Hamabostaldiaren amaierako kontzertua izan zen. Hector Berliozen Requiem op. 5 obra erronka izugarria da edozein orkestrarentzat, hain obra aberatsa eta orkestazio ikaragarrizkoa denez. Sarastek obraren ezagupen sakona duela erakutsi zuen. Inongo gehiegikeriarik gabe atera zuen pasarte bakoitzetik behar den sentimendu eta ñabardura. Requiem hau ez da ohiko lan erlijiosoa. Berlioz bera ez zen oso gizon elizkoia, eta horrexegatik ohiko bideetatik alde egiten du. Ez du sentimendu erlijioso barnerakoia ustiatzen. Horren ordez, azken judizioaren kontakizun epiko eta handia egiten du.

Donostiako Orfeoiak lan fin eta delikatua egin zuen, doi-doia uneoro, oso enpastatua orkestrarekin. Bestalde, bikain bat eman behar diogu bakarlariari. Maximilian Schmitt tenoreak ahots ederra eta ongi menderatua erakutsi zuen. Agian, agudoren bat zertxobait behartua atera zitzaion, baina zinez gozo eta distiratsua izan zen haren kantua.

Saio espektakularra, beraz, jaialdiari behar bezalako bukaera emateko.