argia.eus
INPRIMATU
Txosna arteko errimak
  • Bilboko Aste Nagusian (abuztuaren 21ean), Mamiki konpartsan eginiko bertso saio feministaren kronika. Bertsolariak: Iratxe Ibarra, Oihane Perea eta Jone Uria.

Dabi Piedra 2018ko irailaren 06a
Argazkia: Dabi Piedra.
Argazkia: Dabi Piedra.

Bertsozaleak izaten du non aukeratu Bilboko Aste Nagusian, Santiago plazan egunero-egunero antolatzen diren ohiturazko saioak eta konpartsek han-hemen egiten dituztenak aintzat hartuz gero. Oholtza gainera agertzen direnen artean oreka bilatzeko, Mamiki konpartsak hiru emakume eraman zituen jaietako astearteko saio feministara: Iratxe Ibarra, Oihane Perea eta Jone Uria. Arratsaldeko eguzkia indartsu, beste txosnetako musika urrunean entzungai, jaizaleen joan-etorriak... bertsotarako giro ezohikoan saio polita ateratzeko gai izan ziren hirurak, Izar Mendiguren gai jartzailearen esanetara.

Festaren alde onak eta txarrak maiz aipatu zituzten bertsolariek, gaiek horretarako bidea ireki baitzuten. Binaka, Iratxe Ibarrak Aste Nagusiaren alde egin zuen eta Jone Uriak kexatzeko arrazoiak eman zituen. Hurrengo ariketan, Ibarra zegoen zalantzati, parranda egin ala ez, eta Uria aingerutxoa eta Perea deabrutxoa zituen buruan jiraka. “Izan nahi baduzu, behar den moduko ama/ ez zaitezela hurbildu Oihanerengana”, bota zion Uriak. Deabrutxoak, ordea, persuasio gaitasuna erakutsi zuen: “Badakizu infernuan, txosna asko daudela” biribildu zuen bertsoetako bat. Truke polita eskaini zuten ariketa horretan, publikoaren pozerako.

Koplaka aritzeko, jaietan saltzen dituzten sobre sorpresa horietako bana eman zien gai-jartzaileak bertsolariei. Plastikozko pistola egokitu zitzaion Ibarrari, betaurreko more handiak Pereari eta ileorde koloretsua Uriari. Betaurreko moreek eman zezaketen zeresana saio feminista batean, baina pistolari etekin handiagoa atera zioten. Zorriak garbitzeko ur pistola etorri zitzaion burura Pereari eta Uriak, aldiz, boladun pistola zelakoan, zera bota zuen: “Pilotaria dugu Iratxe ta kontuz/ baietz bidali bolak urrunago eskuz”.

Umorea eta adar jotzea nagusi izan ziren saioan, testuinguruak hala aginduta, baina seriotasunerako tartea hartu zuen Uriak, bakarka, bost urteko umea aldean hartuta festarik festa kaleko saltzaile dabilen andre etorkinaren azaletik. Aldarrikapen ukitua, berriz, Ibarraren zigilu eta guzti etorri zen. Aste Nagusiaren 40. urteurrenaren harira, Marijaiaren paperean, jai eredu herrikoia defendatu zuen: “Beste 40 urte nahi dodaz, holan jarraitzeko/ gura dodana esateko ta, nahi dodana egiteko”.

Mamikik antolatutako saioa feminista izan zen, baina ez feminismoari buruzkoa. Feminista baita, berez, emakumeek oholtza hartzea, askotariko gaiak lantzeko, orain umoretsu, orain aldarrikatzaile. Hala ere, zoritxarrez, Ibarrak azken agurrean egindako eskaria gogorarazi beharra dago oraindik ere: “Guk dakigun bezala, egin dagigun jai/ kalea gurea da, ta gaua ere bai”.