Greziako Olinpiako santutegian grekoz idatzitako buztinezko plaka aurkitu dute, Homeroren Odisea-ren hamairu bertso dituena.
Zehazki, Odiseok Eumeo mirabearekin daukan elkarrizketa jasotzen dute bertso horiek. Greziako Kultura Ministerioaren arduradunen arabera, idazkunaren lehen azterketatik ondorioztatu daiteke erromatar garaikoa dela, K.o. III. mendea baino lehenagokoa. Epopeia ezaguna K.a. VIII. mendean konposatu zutela uste da eta, beraz, aurkitu berri den idatzia originala baino milurte bat berriagoa litzateke.
Eta, hala ere, datazio zehatzagoak hasierako hipotesia baieztatuko balu, orain arte aurkitutako Odisea-ren zati idatzirik zaharrena litzateke.