argia.eus
INPRIMATU
Lan prekarietatea, hiltzailea
  • Ez da normala uda betean, pasa den abuztuan, Hego Euskal Herrian lan “istripuz” zazpi pertsona hiltzea: arrantzale bat, bi kamioilari, eraikuntzako langile bat, beste bat traktoreak harrapatuta, kargarako plataforma batek zapaldutako Michelingo langilea eta Correos-ekoa. Laneko errealitate hiltzaileak hor jarraitzen du.

Juan Mari Arregi 2018ko irailaren 04a

Zergatik gertatu dira heriotza horiek? Prekarietateak laneko ezbeharren kopurua eta osasuneko kalteen areagotzea ekarri ditu, baina egia da ezin zaiola erru guztia horri bota. Enpresek segurtasun eta osasun arauak hausteak ere badu zerikusirik beharginek euren lanpostuetan jasaten duten egoerarekin, eta langileek eta enpresa batzordeek ere badute ardurarik, askotan ez dutelako exigitzen behar den tokian laneko segurtasun neurriak bete daitezela. Edozein modutan, behin-behinekotasunak, azpikontratazioak, aparte sartzen diren orduek, hots uda garaian areagotzen den lan prekarietateak, hiltzen du. Eta ikusi dugunez, abuztuan gertaturikoak hori baieztatu baino ez du egin.

Hori guztia egungo sistema neoliberalak –hau da, kapitalistak, hizkera modernoago batez esanda– sustaturiko politika ekonomiko-laboralaren parte da. Sistema hori jaun eta jabe da Europako gizartean, baita Euskal Herriko lurraldeetan eta Iruñea eta Gasteizko gobernuetan ere; herritarroi eragiten digu, iparreko zein hegoko izan. Sozialagoa, justuagoa eta humanoagoa den beste sistema bat ezartzeak lan munduko egoera hobetzea ekarri beharko luke ezinbestean. Badugu erantzukizun pertsonal bat hori lortzeko bidean, eta gizartea eraldatzea bilatzen duten politikari guztiek ere bai.