Euskal Herrian patata-laboreen lehen aipamenak izan litezkeenen bidez jakin dugu patata lantzeko esperimentuak 1776an Bergaran abiatu zituela Rafael Garitano Aldaeta apaizak. Amerikatik ekarri eta eguneroko jaki bihurtu zen patata da oraindik ere baserri askok lantzen duten soro bakanetakoa.
Europar inbasioaren ostean, Amerikatik landare eta animalia espezie berri ugari ekarri zituzten. Hauek nekazaritza eta abeltzaintza eredu berriei ireki zizkieten ateak, Europako gizarteen egitura sozio-ekonomikoan, landa-paisaian nahiz dietan eraldaketa handiak eraginez. Prozesu honi “artoaren iraultza” esan ohi zaio, zereal hori (Zea mays) izan zelako produktu berrien artean garrantzitsuena, baita goiztiarrena ere: XVII. menderako orokortuta zegoen kontinente zaharreko eskualde askotan, besteak beste Euskal Herriko isurialde atlantiarrean. Beste produktu batzuen inguruan, berriz, oso gutxi dakigu. Babarruna (Phaseolus vulgaris), tomatea (Solanum lycopersicum), patata (Solanum tuberosum) edota piperra (Capsicum annuum) ezagunak ziren Europan XVI. mendeaz geroztik, garai horretako hainbat herbario eta errezeta-liburuetan agertzen baitira; besteak beste, Pietro Andrea Mattioli toskanarrak 1544an argitaratutako Diskurtsoetan, edo John Gerard ingelesaren 1597eko The Herballen. Alabaina, baina noiz eta nola hedatu ziren, nola lantzen zituzten eta zer erabilera zuten?
Galdera hauei erantzuteko, Donostiako Koldo Mitxelena liburutegian bada altxor txiki bat: Euskal Herrian patata-laboreen lehen aipamenak izan litezkeenak jasotzen dituen agiria, hain zuzen ere. Testuak Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak –Azkoitiko Zalduntxoen “Bascongada” famatuak– 1771 eta 1793 artean egindako urteroko Batzarren aktetan jasota daude, Extractos de las Juntas Generales celebradas por la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País izenburupean. Nekazaritzari eta ekonomiaren gainerako sektoreei lotutako beste hainbat gaien artean, 1770eko eta 1780ko hamarkadetan patata-laboreekin egindako esperimentuak jorratu zituen elkarteak, haien izaera berritzailea azpimarratuz.
Patatak Andeetan du jatorria, eta europarrak Amerikara iristean ohiko laborea ziren kontinente berriko gizarteen artean. Euskal Herrira, dirudienez, Irlandatik ekarri zuten lehen aldiz, Europako beste herrialde batzuetan ordurako aspalditik ezagutzen zutenean. 1765etik aurrera, Hondarribian sartu zutela dirudi, eta handik gutxira Bilbon, Begoñan, Gabirian, Legazpin eta Bergaran ere aipatzen da.
Azken herri honetan abiatu ziren, hain zuzen ere, labore berria egonkortzeko lehen esperimentu sistematikoak, Oxirondoko Santa Marina parrokiako erretore zen Rafael Garitano Aldaetaren ekimenez. Euskal Herriko historian elizgizon erreakzionario edo karlistaren irudia oso presente egon daiteke agian, baina, kasu honetan, badirudi jakinmin zientifiko bizia zeukan apaiz ilustratu baten aurrean gaudela. Adiskideen Elkartearekin harremanetan egoteaz gain, badakigu Europako beste herri batzuetan egindako aurrerapenen berri bazuela. Esaterako, Antoine-Augustin Parmentier higienista frantsesaren lanak ezagutzen zituen, patatarekin irina egitea proposatzen zuen bertan. Eta horregatik erabaki zuela patata-laboreekin esperimentatzen hastea.
Erretoreak bere baratzeko bi sail hautatu zituen patatekin esperimentatzeko. Bertan, gainerako fruituak ―garia, artoa nahiz arbia― hondatu egiten omen ziren, paraje ospela zelako, jendea etengabe pasatzen zelako eta, etxea hurbil egonik, oilo eta oilaskoek haziak jaten zituztelako. Urte gutxian, aleak modu harrigarrian ugaritzea lortu zuela dirudi, eta labore berria bizkor zabaldu zen Bergara inguruko eskualdeetan, isurialde atlantiar osoko baserrietan ohiko produktu bilakatzeraino.
XIX. mendearen lehen erdian, patata-laboreak Arabara ere hedatu ziren, arrakasta handiko tradizioari abiapuntua emanez. Bide honetan funtsezkoak izan ziren aurreko hamarkadetan Adiskideen Elkarteak martxan jarritako esperimentuen emaitzak. Izan ere, elkarte horretako hainbat kide herrialde horretako Diputazioko goi kargudun bilakatu ziren, eta ideia ilustratuak administraziotik aplikatzeko aukera izan zuten.
Europan ohikoa zenez, patata abereak elikatzeko erabili izan zen hasieratik; 1780ko batzarrean aipatu zenez, “arto ugari aurrez liteke, hegaztiak (bereziki kapoiak) patataz elikatuz gero, hauek nahiago baitituzte patata egosiak artoa baino”. Baina, horrez gain, gizakiak elikatzeko ere erabil zitekeen. Hondarribian, kasu, egosita eta erreta kontsumitzen zuten. Oxirondoko apaizak, berriz, ogi-orea egiteko erabili zuen patata, arto nahiz gari irinarekin erdibana nahasiz. Legazpin ere errezeta bera erabiltzen zuten.
Artoarekin edo babarrunarekin alderatuta, beraz, patata berandu zabaldu zen Euskal Herrian eta oro har Europan; baina, behin egokituta, irmoki egonkortu zen. Izan ere, beste produktu batzuk ez bezala, patata ez zen, normalean, merkatura edo errentak ordaintzera bideratzen, autokontsumora baizik. Jende xumeen jana zen. XIX. menderako, Europako landa-populazioaren parte handi baten dietak produktu hau zuen oinarri eta, 1840ko hamarkadan Phytophthora infestans onddoaren izurriak patata jo zuenean, eskasiak gogor gaztigatu zituen hainbat eskualde. Adibiderik muturrekoena, ziur aski, Irlandakoa dugu; izan ere, kolonialismo ingelesak eragindako desberdintasun sozialen ondorioz, herrialde horretako laborarien dieta patatan oinarrituta zegoen ia soilik, eta honen gaitzak areagotu egin zituen An Drochshaol edo ‘Gosete Handia’ delakoaren ondorioak.
XVIII. mendeko apaiz ilustratu haren esperimentuek, beraz, itzal luzea daukate. Egungo Euskal Herrian, oraindik ere, landa-paisaiako nahiz gastronomiako ohiko elementua da patata. Arabakoa Eusko Label zigiluarekin babestuta dago, eta presente dago herrialde horren inguruko estereotipo guztietan. Isurialde atlantiarrean, berriz, garai bateko polilaborantza gainbehera makalean dagoen honetan, baserri askotan oraindik lantzen diren produktu gutxien artean patata topa daiteke toki askotan.