argia.eus
INPRIMATU
Gure Sustraiak
Guztion beharretara egokitutako Baserri Eskola
Garazi Zabaleta 2018ko abuztuaren 29a

Biologia ikasketen amaierako proiektuan baserri eskola sortzeko ideia landu zuen Gure Sustraiak proiektuko kide batek 2002an. Karrera amaitu eta gutxira, lagun batekin elkartu eta paperetik errealitatera salto egitea erabaki zuten: Gure Sustraiak Baserri Eskola proiektuaren lehen urratsak ziren. Geroztik, lekua eta proiektuaren ezaugarriak aldatuta ere, Ollarango (Nafarroa) baserri eskolak bizi-bizi jarraitu du hasierako helburuetako bat zena oinarri hartuta: ingurumenaren eta jasangarritasunaren bueltan lan egitea.

Baserria, baratzea eta basoa

Hiru gune horiek darabiltzate baserri eskolan ingurumen hezkuntza lantzeko. “Baserrian, adibidez, animaliei jaten ematen diegu eta animaliekin lagunduriko terapia egiten dugu. Baratzean hainbat jarduera egiten ditugu: ureztatzea, landatzea… dena iraunkortasun printzipioekin lan eginez”, azaldu digu Leire Rivas Jorge proiektuko gizarte hezitzaileak. Basoan, berriz, naturarekiko errespetua eta ekosistemak lantzen dituzte; gizakiak munduan duen eragina aztertu eta eragin hori positiboa izan dadin zer egin daitekeen hausnartzen dute.

Tailer eta formazio saioak ere antolatzen dituzte bertan: ogia egiteko tailerrak, ukendu eta belar tailerrak edota energia berriztagarrien ingurukoak, adibidez. Eta horrez gain, kanpotik etorritako profesionalek hainbat formazio saio eskaintzen dituzte Gure Sustraiaken egoitzan: estimulazio multisentsorialaren edo permakulturaren ingurukoak, esaterako. Familiak eta lagun taldeak asteburu pasa edo bazkaltzera, eskolak kanpaldietara, behar bereziko entitateak astebete pasatzera… profil eta plan anitzek dute tokia Olloko gune honetan.

Behar bereziak dituztenentzat egokitutako gunea

2005ean mundu berri batean sartzen hasi ziren proiektuko kideak, erdi kasualitatez. “Uda hartan behar bereziak zituzten hainbat zentrok baserri eskolan egin zituzten oporraldiak”. Proiektuaren inflexio puntua izan zela azaldu du gizarte langileak: ingurumen hezkuntza behar berezien mundura zabaldu zuten orduan proiektuko kideek. Egoitza tokiz aldatzea erabaki zuten pertsona guztien irisgarritasuna bermatzeko eta Baserri Eskola edonoren beharretara egokitzeko.

2013tik, gainera, urritasun intelektualak dituzten 12 pertsonentzako pisu funtzionala ere badute baserri eskolako aterpeko bigarren solairuan. “Astelehenetik ostiralera erabiltzen dute, jarduera produktibo eta hezitzaileak egiteko”. Ingurumen hezkuntza eta inklusibitatea eskutik doaz Gure Sustraiak Baserri Eskolan.