Lakuako Gobernuak, bere kontseilari Arantza Tapiaren bidez, jarraitzen du tematuta Euskal Y-a erakitzeko, Europako Kontuen Auzitegiak bere bideragarritasuna oso zalantzan jarri duen arren, esanez “mosaiko ez eraginkorra” eta “iruzur ekonomikoa” dela. Ajuriaeneakoek jarraitu nahi dute zorakeria faraonikoarekin, kontuan izan gabe haren xahutze ekonomiko publikoa, ez politikoki ez herritarren artean sekula eztabaidatu gabea gainera.
Bere tesiak mantentzeko kalkulu “akatsak” errepikatzen dituzte kostu ekonomikoen edo bidaiarien inguruan. Ahaztu zaie esatea Supersur autobide garestiaren bidaiari aurreikuspena ere puztu egin zutela; halaxe ikusten dugu orain kasik trafikorik gabe. Ez die inporta herritarreneganako engainu horrek. Zertara dator orain Tapia, esanez AHTk zortzi milioi bidaiari izango dituela, Adif-ek 4,9 milioi aurreikusten dituenean? Europako Kontu Auzitegiak beharrezko ikusten dituen bederatzi milioietatik oso urrun daude. Nondik ateratzen du Euskal Y-aren egiazko kostua kilometro bakoitzeko 27,4 milioi euro izango direla, aditu independenteek 40 milioi izan litezkeela diotenean?
Herritarrei adarra jotzen ari direla dirudi, kostu ekonomikoa euren poltsikotik ordainduko baita. Hori bai, zementu enpresak eta konstruktorak oso pozik daude, euren negozioarekin segi dezaketelako. Eta obrak amaitzen direnean (inoiz amaituko al dira?), Urkullu, Tapia eta gainerakoak auskalo non egongo diren eta zeinek eskatuko dizkien erantzukizunak euren kalkulu “akatsengatik”. Lotsagarria! Herri mobilizazio handi batek baino ez du hau geldituko, Lemoizko munstro nuklearra geldiarazi zuena bezalakoa. Zorakeria gelditu behar baita, odoluste ekonomiko publikoak ez dezan segi.