Udarekin batera heldu dira auzo, herri eta hirietako jaiak. Sarri, urtean zehar mantendutako erritmo eta errutinetatik ihes egiteko abagune bezala hauteman ohi diren arren, festak ez dira ez ihesbide ezta jendartetik at dauden bake gune. Jaietan ere jendarteko gatazkak eta desparekotasunak islatzen direnez, askotan ez dira izaten denontzat plazer eta poz iturri.
Miren Guilló ikerlari feministak Festak, genero-harremanak eta feminismoa lanean azaltzen duenez, “subertsioz eta plazerez ehundutako harremanak eta gorputzak gara festetan. Baina festa, negarra begitik daraman tenpesta izateaz gain, min eta negarrerako parada ere bada”. Izan ere, plazera eta aldarte ona ez den ezerk tokirik ez duen irlak izatetik oso urrun, jaiak jendartearen isla gordina dira: bertan birproduzitzen dira, besteak beste, sozietatearen nortasuna, ideologia eta balioak, baita botere harremanak ere. Azken aspektu hori, jaietan “dena libre” denaren aitzakiaz, biziagotu egiten da maiz. Eta eraso sexistak dira horren ondorio nabarmenetako bat.
Errealitate honen aurrean, asko dira jai parekideen aldeko lanketan murgilduta dabiltzanak. Lanketa horretan estrategia erabilienak eraso sexistei aurre egiteko protokoloak dira akaso, baina bada azken urteetan Euskal Herriko hainbat txokotara hedatu den beste tresna bat: Brigada Moreak.
Brigada Moreek mugimendu feministak aldarrikatzen duen autodefentsa feminista jarrera dute oinarritzat. Lasarte-Oria, Ermua, Villabona-Amasa, Laudio, Pasai Antxo, Zaldibar, Antzuola, Irura, Durango eta Ondarroa zerrendatu ditzakegu, besteak beste, Brigada Moreak martxan jarri dituzten herrien artean. Kasuan kasuko herriaren errealitatera egokitu ohi direnez, funtzionamendu ezberdinak izaten dituzte: jai giroan aktibo egoten dira batzuk, gerta daitekeen edozein erasoren aurrean erne; beste batzuk, adibidez, emakumeei* etxera itzultzeko babesa eskaintzen diete. Tresna honen funtzionamenduaren gainean ideia bat egitea xede, Ondarroako esperientziaz jardun gara bertako mugimendu feministako kide diren Alaitz Monasterio eta Naroa Argoitiarekin.
Aurreko urteetan jai parekideen alde egindako lanketarekin jarraitu eta urrats bat gehiago emateko helburuarekin sortu ziren iaz Brigada Moreak Ondarroan. Dinamika Udaleko Berdintasun Sailak eta Etxelila emakumeen etxeak bultzatu zuten hasiera batean, baina Emaginen gidaritzapean indarkeria matxistaren gaineko formazioa jaso ostean, era autonomoan funtzionatzen hasi zen aurrerago Brigada Moreen talde motorra bilakatuko zena. Lehen urratsa nolako Brigada Moreak nahi zituzten zehaztea izan zen, eta lan hori egiteko beste herrietako esperientziak ardatz hartu zituztela adierazi dute Monasterio eta Argoitiak. Ostean, herriko jai nagusiak diren Andra Marietara begira beraien esku-hartzea planifikatzeari bide eman zioten.
Eraso sexisten aurrean erantzutea, erasoon gaineko informazioa ematea zein erasoen aurrean erasotuari babesa eta arreta eskaintzea zehaztu zituzten brigada kideen eginkizun bezala. “Erreferente izan nahi genuen, erasorik emanez gero erasotuek nora jo izan zezaten, epaituak izateko beldur barik” diote Argoitia eta Monasteriok. Erreferentzia hori lortzera bidean, brigada kideak identifikatzea erraztu asmoz, zapi more bat jantzita eramatea erabaki zuten. “Billurrak guaz jai!” lemapean kalera ateratzeko eguna heldu zenerako, 80 pertsona ingururi banatua zioten zapi morea.
Jai esparruan emakumeak* aske sentitzeko espazioen eraikuntzan eraso sexistak oztopo nagusiak direla ohartarazi nahi izan zuten Ondarroan
Zapia hainbeste jendek eraman arren, funtzioei dagokienez ezberdinak ziren bi talde eratu zituzten. Batetik, hamar bat emakumez osatutako talde motorra zegoen, formazioa jaso zutenez erasoen aurrean esku hartzeko “lanketa minimo bat” zeukatenak. Bestetik “gaiaren gainean kontzientzia” zeukaten herritarrak zeuden. Denak ere eman zitekeen edozein erasoren aurrean erne egon arren, erabakimena talde motorrak zeukala azaldu dute bi kideek.
Erasoen aurrean erantzuteko ardura hartzeaz gain, Andra Mari jaien argazki errealago bat egiteko xedez, jaietan ematen ziren erasoen gaineko erregistroa ere burutu zuten. Horretarako, emandako erasoekin erregistro orriak betetzeaz gain, salaketak egiteko buzoi eta posta elektroniko helbide bat jarri zituzten emakumeen eskura. Salatzeko unean konfidentzialtasuna eta anonimotasuna bermatzea bilatu zuten baliabide hauekin, erasotuak zama isilpean eramateko daukan joerarekin apurtu asmoz.
Bestetik, jaietan ematen diren eraso sexisten gaia sozializatu eta herriari ondorengo mezua helaraztea ere bilatu zutela azpimarratu dute: “denok nahi dugu ondo pasatu, pentsa dezagun nola lortu”. Jai esparruan emakumeak aske sentitzeko espazioen eraikuntzan eraso sexistak oztopo nagusiak direla ohartarazi nahi izan zuten, eta lortu zutelakoan daude. “Jendeak jakin-mina agertu zuen, Brigada Moreak zer ziren eta zein funtzio betetzen zuten jakin nahi zuten”, diote. “Hasieran, jai parekideak aldarrikatzeko zapia zelakoan, askok jantzi egin nahi zuten”, azaldu du Argoitiak, eta horrek aldarrikapen hutsa egiteko zapia ez zela eta berau janzteak zer eskatzen zuen azaltzeko aukera luzatzen zuela gehitu. “Onerako zein txarrerako, eztabaida herriratu genuen eta kontzientziazioari bide eman genion”, bat datoz biak.
Esperientziaren balorazio positiboa egiten dute. Prozesu osoan zehar “beraien buruen zaintza” erdigunean jarri izanak esperientzia polita eragin zuelakoan daude. “Jaiak beste toki batetik bizi izanaren sentsazioa” eragin zion esperientziak Argoitiari, “biktima edo erasotuaren roletik emakume aktibo rola izatera pasa eta gauzak aldatzen aritzearen sentipena” azpimarratuz. Gainera, prozesuaren bitartez herriko emakume askok elkar ezagutu dutela eta saretu egin direla ziurtatu dute. “Eta horrek beste indar bat ematen dizu”, aitortu du Monasteriok.
Brigada More gisa jardun bitartean herrian sortzen ziren zenbait erresistentziaz ohartu ziren, diskurtso matxista legitimatzen duten zurrumurru matxistak kasu. Hala bada, aurreko hilabeteetan zurrumurruen kontrako lanketan aritu dira, hauek identifikatu eta desarmatzen asmatzeko. Ikasitakoa praktikara eraman beharrean ikusi dira oraintsu, herrian eman den bortxaketaren kontura zurrumurru pila sortu baitira. Zurrumurruak daukaten indarra eta eragiten duten kaltea gertutik ikusi duten honetan, “erasotzailea geroz eta gertukoagoa izan, kuestionamenduak orduan eta indartsuagoak” direla azpimarratu dute.
Herrian jazotako azken erasoari lehentasuna guztia eman diote, eta gauzak horrela, jaietan Brigada Moreak egingo dituzten ez dute erabaki oraindik. Edozelan ere, erasoaren aurrean erantzuten eta erasotuari babesa helarazten dihardute, biak ere Brigada Moreen eginkizunak. Aurtengo Andra Marietan brigadak antolatu edo ez, autodefentsa feministak kaleak hartuko dituela usaindu daiteke Argoitiaren hitzetan: “Gertakari honekin mugimendu feminista bezala artikulatzen hasi gara herrian”.
Amurrioko Emakume Sareak elkarretaratzera deitu du eraso matxistari erantzuteko, asteartean 19:00etarako. Bilbon, adin txikiko neska bati egindako sexu erasoa salatzeko mobilizazioa egin du Itaiak astelehenean.
Izena duen oro bere izanaren jabe liburua plazaratu du LAB sindikatuko idazkaritza feministak, hainbat kide feministaren lekukotasunak oinarritzat harturik. "Genealogia edo glosario bat gauzatu dugu edo, agian, gauza biak batera dira edo baliteke ez izatea ez bata ez... [+]
Inkestatuen %45,6k alarde parekide bakarra nahiago du herriarentzat eta %65ak baino gehiagok alardearen gatazka konpontzeko herritarrek gai horren inguruko hitzaldi eta tailerretan parte hartu behar dutela adierazi dute.
Euskadi irratian baineraren ordez dutxa jartzeko iragarkiak etxeko komunean obrak ya hastera animatzen duen kuña hori. Obra erraza, inbestitze txikia eta aldaketa handia iragartzen da. Komunetako sanitarioen joerak aldatu dira eta ahoz aho zabaldu da zeinen eroso eta... [+]
Prozesu onkologikoetarako tresnak lantzen ditu Paula Barrio yoga onkologikoko irakasleak: “Gorputzarekin eta lesionatutako zonaldearekin konektatzen dugu”.
Zalantza asko izan ditut, meloia ireki ala ez. Ausartuko naiz, zer demontre! Aspaldian buruan dudan gogoeta jarri nahi dut mahai gainean: ez da justua erditu den emakumearen eta beste gurasoaren baimen-iraupena bera izatea. Hobeto esanda, baimen-denbora bera izanda ere, ez... [+]
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak indarkeria matxistari buruzko jardunaldiak egin ditu asteburuan Atarrabian. Sistema judiziala jarri dute ezbaian, justizia eta autodefentsa feministaren balioak aztertu dituzte.
Màtria o barbàrie (Angle Editorial) liburua aurkeztera etorri da Júlia Ojeda irakasle eta literatur kritikaria, Donostiako Emakumeen Etxera. Liburuan parte hartu duten 30 emakume katalanek matria eraikitzea proposatzen dute feminismo nazionalista ardatz... [+]
Lau ardatz nagusiren inguruan egin dute 2024ko azterketa: indarkeria matxista; lurraldea; gerra eta gatazka armatuak; eta eskuin muturra. Euskal Herrian “erresistentziak metatzea” funtsezkoa dela ondorioztatu du Talaia Feministak, eta analisiaren sozializazioaren... [+]
“Heterosexualitatea da klase antagonikoarekin kolaborazionismoa, hau da, gizonen klasearekin”. Uma Ulaziak Euskal Herriko greba feministak, diskurtsoaren analisia feminismo materialistatik (Lisipe, 2024) argitaratu berri du. Euskal Herrian egin ziren bi greba... [+]
Indarkeria matxistari buruzko testigantzak jasotzeko Instagram kontua 2024ko azaroan jarri zuen abian emakume talde anonimo batek. Espainiako Estatuan Cristina Fallarás kazetariak abiatutako #Cuentalo egitasmoan oinarritu dira. Emakumeek, testigantza anonimoen bidez,... [+]
Fiskaltzak hamalau urteko espetxe zigorra eskatu du Mario López saskibaloi entrenatzaile ohiarentzat. Akusazio partikularrak hemezortzi urtekoa eskatu du. Gernika-Lumoko Sare Feministak elkarretaratzea deitu du Bilboko epaitegi aurrean. Lópezi 1998 eta 2001 artean... [+]
Goldatz talde feministak antolatua, ortziralean, urtarrilaren 3an, Jantzari dokumentala proiektatuko dute Beralandetan (17:30ean) eta biharamunean, urtarrilaren 4an, Berako bestetako tradizioak aztergai izanen dituzte Maggie Bullen antropologoarekin leku berean (10:30).
Ander Magallon, Mikel Irure eta Xabier Jauregi Metropoli Forala saioan egon dira maskulinitate berrien inguruan mintzatzen.