Juana Bixenta, ez etsi!

  • Jon Garaño eta Aitor Arregiren 2017ko Handia filmak XIX. mende erditsuko Gipuzkoa sakoneko –halakorik baldin bada– giroa hedatu zigun pantailetan: etxetiarren pobrezia larria, jabeen opulantzia, bakoitza berea ateratzen saiatzen zela, batzuek anaia baten akromegalia txanpon trukean maneiatzen zutela eta besteek, Juana Bixenta Olabe distiratsuaren pare, finean Nagusi Jaunarekin ezkontzea lortzen zuketela!


2018ko uztailaren 19an
Irudia: Ainara Azpiazu
Irudia: Ainara Azpiazu "Axpi".
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Indalezio Bizkarrondo “Bilintx” erraldoiaren bertsoek, goseak larrutzen zuen euskal baserritar jendartearen muineraino eramaten gaituzte. Hogeita bat koplatan sortzen digu egoera bitxia: ez dakigu zertan dabilen Nagusi Jauna, etxetiarren saria ezin ordainduz datorren Juana Bixenta alaba gazte ederraren aurrean. Sozietate kristauak baimentzen zuen happy end batekin bukatzen da sesioa, Nagusi Jauna eta Juana Bixenta elkarrekin ezkonduko baitira eta handik hilabete gutxira haur bat munduratuko dute.

Dama gaztiak, ez egon lotan,
begira zaitezte ispilu hontan:
gustatuta bertute ederra
andretzat hartu bere maizterra
du nagusiak:
horla irabaztera graziak
saia zaitezte beste guziak.

Aholku ederra ematen du Bilintxek eta funtsean, kontatzen diguna lurra lur denetik antza, funtzionatzen duen zerbait da. Honakoa, emakumeek nahitara ala nahi gabe zurubi sozialean gora hupatzeko erabiltzen duten baliabideetako bat dugu, Hollywooden edo lan-tokietan ere erabiltzen dena, teorian emazteen gain uzten delarik sedukziorako joera. Promotion canapé deitzen zaio eta duela gutxi arte jendarteak onartzen zuen. Alderantziz balitz alta? Gizonezkoek balute beraien botere eta ar indarra balantzan jartzen, emakumearen egikera bideratzeko? #NiEre edo #SalatuZureUrdea traolek hitza askatu dute hondar hilabeteotan eta aukeraz aprobetxatuko gara Juana Bixenta Olaberi jarri zaion alegiazko anbiziotsu maskorra kentzeko.

Bertsolari donostiarraren koplak Juana Bixenta eta Nagusi Jaunaren arteko elkarrizketa mamitsuz osatuak dira, une batez Nagusi Jaunaren mutila edo morroia ere sartzen dela solasaldian, Juana Bixenta onik eraman zuela gurasoen etxera ziurtatzeko.

Aingeru hari lagundu eta
horra, jauna, egin ostera buelta.
Bidean bai, beldurtxo zen bera
baina ailegatuta etxera
kontentu zegon.
Orain kezketan ez du zer egon
ohera joan ta pasatu gau on.

Bilintxek, nagusi eta subalternoen artean gertaturiko bortxaketa –sinboliko ala erreala?– baten lekukotasuna ekartzen digula suma dezakegu. Ez da testuan biolentzia horren aztarnarik ageri, baina gure idazle erromantikoak, bakarra agian euskal literaturan, agituaren hegi zorrotz eta mingarriak leundu eta urtuko zituen bere diskurtso lainoan. Hasieratik beretik ikusten da Nagusi Jauna fabore baten eske datorren neskaren amainatzeko zereginetan galtzen:

– Nagusi Jauna, hauxe da lana,
amak bidaltzen nau berorrengana.
– Ai, bidaliko bazinduke maiz!
Zu ikusita kontsolatzen naiz.
Sinista zazu
oso zoraturikan naukazu!
Horren polita nola zera zu?

Amak zergatik bidaltzen duen bere alaba nagusi jaunari etxe-saria ordaintzeko epea atzeratzeko mesedea eskatzera, zergatik ez doa bera edo bere senarra? Ama horren itxura arketipikoa dela erran genezake: amak ezkonduak, amak salduak, amak igorriak franko baitira euskal kantetan. Irudia: Ainara Azpiazu "Axpi".

Irudikatu behar da horrelako konplimendua entzuten duen emakumearen erreakzioa. Ezer erakutsi gabe askotan barne-barnetik desarmatua bezala sentitzen da, ez dakiela nola eman lehen dantza urratsa. Bat batean, Juana Bixentaren bihotzean bi borondate kuzkatzen dira: amarena eta nagusi jaunarena. Galdera oraino zera liteke: amak zergatik bidaltzen duen bere alaba nagusi jaunari etxe-saria ordaintzeko epea atzeratzeko mesedea eskatzera, zergatik ez doa bera edo bere senarra? Amak ere inplizituki badakike alabaren edertasun fisikoak nagusia beratuko duela. Ama horren itxura arketipikoa dela erran genezake: amak ezkonduak, amak salduak, amak igorriak franko baitira euskal kantetan.

– Amak esan dit, etxeko errenta
pagatzeko dirurik ez zuen-ta,
ia egingo dion mesere,
hilabetean gehienaz ere,
itxoitea:
Bada zierto dala ematea
Pasa baino lehen hilabetea.

– Logratutzea, erraz halare,
nahiz hori ta beste zernahi gauza’re,
seguru dela esan amari,
zu baldin bazatoz mandatari;
dudarik gabe
neure borondatearen jabe
zu zara Juana Bixenta Olabe.

– Beraz bertatik noan etxera
poz handi bat amari ematera;
orain ariyo, nagusi jauna,
presaka joan bihat amagana.
– Ez zoazela!
Portatu zaite nik nahi bezela,
gaur etxera joan ez zaitezela!

Nagusi Jaunak Juana Bixenta presionatzen du portatu zaite nik nahi bezala gomendatzen diolarik. Bortxa edo gorenetik apalenera harilkatu indarkeria susmoa hemen errotzen da. Hain gozoa eta hitzetan zabala zirudien gizona une honetan zakar azaltzen da, bere kutizia neskaren begitartera aurtikitzen duela! Baina, astuna den arren, jendetasuna zaintzen badaki: Juana Bixentaren etxea urrun dago, zer egin behar du gauez, beldurtua, peligro haundiz bertsoak dioenez. Bere ontasunak ere azaltzen dizkio: Malagatik etorri ardoa, afari oparoak, hamasei duroko urre fina… eta berriz berotzen da, Juana Bixentaren ohorea zalantzan jartzeraino:

– Ezetz etsia egon liteke
ni hemen gelditu ezin ninteke;
amak espero nau gauerako
eta hark espero nauelako
joan behar dut nik;
alaba ikusi bagetandik
amak izango ez luke onik…

– Gainera berriz, Juana Bixenta,
utziko dizuet etxeko errenta
kito zor didazuten guzia
kunplitzen banazu kutizia.
– Lotsa gogorra!
Sufritzen dago gaur nire honra
penaz malkuak darizkit horra!

Azkenean, bere burua defendatzeko Juana Bixentak, abila baita, Nagusi Jaunaren afruntuak ofentsatzen duela agertzen dio, salbatzearren biktimizatzen du bere burua. Etxeratuko da morroiaren konpainian eta handik hamar egunetara, amaren baimenarekin, bi gazteak ezkonduko dira elizan eta jendea franko bazuten jiran. Zoriontsu daude eta espero dute haurtxo bat aurki. Bilintxen kontseilu ironikoa orduan dator: graziak irabaztera saia zaitezte beste guziak.

Xabier Letek (1945-2010) osorik abestu eta grabatu zuen Juana Bixenta Olabe bertso sailean alegrantzia eta tragedia susmatuarekin jostatzen da. Galdera geldituko da airean: erromantizismoak eta ironia samurrak ez ote dute klase sozial ezberdinetako gizon eta neska gaztearen arteko bortxazko harremana ezkutatzen?

Indalezio Bizkarrondo Ureña, "Bilintx"

Karrika bat dauka Donostiako Parte Zaharrean, 1831 eta 1876 artean bertan bizitza osoa eraman zuenak. Berrogeita bost urtetan hil zen hegoaldean foruak deuseztatu ziren egunean. Sei hilabete lehenago bere etxeko leihotik sartu karlisten granada batek, zartatzerakoan, zangoak moztu zizkion. Rosalia de Castrorekin batera Galiziako literatura berrituko zuen Manuel Curro Enriquez kazetariak Bilintxen heriotzaz artikulu famatua izkiriatu zuen 1876ko urtarrilaren 21ean Madrilgo egunkari batean. Erran behar da Antzoki Zaharraren zaindaria liberala zela eta hirugarren karlistadan Donostiako liberalen laugarren batailoian sutsuki borrokatu zela!

Ez zuen zorte handirik ukan Bilintxek. Gaztetan eskaileretan erori zen eta aurpegia arras markestua gelditu zitzaion. Txori harrapari moko batekin ibiltzeaz gain, beranduago zezen batek –Pasaiako herritik ihes joandako hark?– kolpatu zuen soka-muturrean jolasten ari zela eta ondorioz maingu edo herrenka aitzinatzen zen. Ez zitekeen gozo Donostiako kale hertsi eta ilunpean Bilintx bezalako izaki baten gurutzatzea.

Baina bere bertsoetan nabaritzen zitzaion funtsezko poztasunari esker agian, ezkondu zen eta hiru haur ukan zituen. Ez zion zorigaitzaz bizimodua trabatu, baina hori bai, malenkonia sakona, umore eta ironia gaziarekin uztartzen jarraitu zuen hiltzeraino. Ez zuen gaiztakeriarik ordea, ez mendekatzeko xederik ere. Bere jenio handitik datozkigu hainbat kanta ezagun hala nola Behin batean Loiolan, Dama gazte polit bat, Ume eder bat ikusi nuen, Kontxesirentzat, Loreak udan ihintza bezala edo dantzatzeko melodia airosa destinoaren pesimismoarekin josten duen Triste bizi naiz eta:

Triste bizi naiz eta
hilko banintz hobe
Badaukat bihotzean
hainbeste naigabe
Maite bat maitatzen dut
baina haren jabe
Sekula izateko
esperantzik gabe…


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsoak
2024-09-23 | Estitxu Eizagirre
"Ilargia eta landareak" 2025eko agendaren aurkezpena
Landareei eta piztiei buruzko hitzaldia, ilustrazioak eta bertsoak Tolosan irailaren 26an

Jakoba Errekondok Ilargia eta landareak 2025eko agenda eskutan, ilargiaren arabera baratzeko lanak nola antolatu azalduko du eta entzuleen galderak zuzenean erantzungo ditu. Antton Olariagak argitalpen horretarako egin dituen hamabi piztiren ilustrazioak erakutsiko ditu eta... [+]


2024-06-07 | Bertsozale.eus
Portugaleten izango da IV. Señora Sariketa, ekainaren 8an

Emakumeen eta hegemonikoak ez diren gainontzeko identitateen ikusgarritasuna du helburu ekimenak; zortzi bertsolarik hartuko dute parte aurtengo edizioan.


Zuzeneko kronika
Igel artean zintzarri bat

XV. Kopla Txapelketa

Non: Hiruputzu gaztetxean (Zarautz)

Noiz: Abenduaren 22an

Koblakariak: Aner Peritz, Oier Aizpurua, Alaia Martin, Jexux Mari Irazu, Etxahun Lekue, Aitor Bizkarra, Eneritz Artetxe, Maider Arregi, Joanes Illarregi eta Oihana Arana.

[+]


2023-11-16 | Estitxu Eizagirre
"Bertsopentsiotan", Pentsiodunen I. Bertso Jarrien Lehiaketa
Astelehenero kalera ateratzen diren aldarriak bertsotara eramateko deia

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bertso lehiaketa berezia jarri du martxan: "Bertsopentsiotan". "Ari garela, ari garela, astelehenero kalean" gaiari bertsoak jartzeko urtarrilaren 15a arte (astelehena) dute epea 60 urtetik gorako Euskal Herriko eta... [+]


2023-08-16 | Ilargi Manzanares
1826ko bertso “berriak”, sei emakume haurdun utzi zituen doneztebarrari jarriak

Ricardo Urritzola ikerlariak aurkitu du bertso sorta Nafarroako Errege Artxiboan eta Ekaitz Santaziliak Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek aztertu ditu. Fermin Altxu Beristain maisuari leporatutako salaketa baten harira idatzi ziren.


2022-10-17 | ARGIA
Entzun EITBk zentsuratu dituen Ion Parot preso ohiari buruzko Maddalen Arzallusen bertsoak

EitbNet-eko zuzendaritzako kide baten agindua izan da, Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkidearen arabera, Euskadi Irratiko Faktoria saioan ostiralean Arzallusek kantatutako bertsoak saretik kentzea; Parot euskal preso askatu berriari buruzkoak ziren. EH Bilduk azalpenak... [+]


2022-02-01 | ARGIA
Danel Goikolearen azken bertso sorta, hizkuntzez

Danel Goikolea Arrasateko bertsolaria urtarrilaren 14an joan da. Hil baino ordu batzuk lehenago, bertso sorta kantatu hau zabaldu zuen lagunen artean. Umore handia darabil eta Pablo Milanesen Yolanda kantu ezagunaren hoskidetasunarekin jolasten du: Holanda du izenburu sortak,... [+]


2021-09-09 | ARGIA
Irailaren 18an berriz abiatuko dute Xilaba bertso txapelketa

Udazkena bertso saioz josia ukanen dute Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako bertsozaleek. Xilabaren finala Donibane Lohizunen iraganen da azaroaren 13an.


2021-03-23 | ARGIA
Ander Fuentes eta Nahia Etxeberri dira I. Aitor Sarasua bertsopaper lehiaketako irabazleak

Bertsularien Lagunak Elkarteak jakitera eman ditu I. Aitor Sarasua bertsopaper lehiaketaren irabazleak: helduen mailan Ander Fuentes Mujikaren bertso sorta izan da saritua, eta gazteen mailan Nahia Etxeberri Lopepe. Bigarren eta hirugarren saria jaso dute, helduen mailan... [+]


2021-01-04 | Estitxu Eizagirre
Luis Otamendi bertsolaria hil da

 Luis Otamendi Aiako bertsolaria hil da. Azken agurra Zarauzko beilatokian egingo zaio urtarrilaren 4an, goizeko 10:00etan.


Xenpelarren bertso sorta: Miseriaren adarrak

Konfinamendu aro hau arintzeko aukera bat izan daiteke bertso zaharrak entzutea, eta horregatik, Xenpelarren "Miseriaren adarrak" bertso sorta berreskuratu eta musikatu egin dugu, nahi duzuenean entzuteko.


2020-04-05 | ARGIA
"Potto" saio birtuala
Etxetik etxera bertso saioa egin du Bilbo Hiria irratiak

Eneko Abasolo “Abarkas”, Nerea Elustondo eta Eneko Fernandez bat-batean aritu dira bertsotan apirilaren 1ean, nor bere etxetik. Saioa hemen dago entzungai.


Eguneraketa berriak daude