argia.eus
INPRIMATU
Gol mundiala
Edu Zelaieta Anta 2018ko uztailaren 17a

Bukatu da, ederra kostata hori bai, munduko futbol txapelketa. Gauzak zer diren, baina, munduko txapelketaren ondotik ikusi dut nik gol mundial bat, telefono konpainia baten kaleko iragarki batean. Jokalaririk edota belarrik ez bazegoen ere, marketinaren gol bikaina iruditu zait, erretorika saltzaileak maite dituen letra handitan, gazteak erakartzeko asmoz: “Gu gara beti konektatuta egoten direnak”.

Konpainiak “eskaintzen” duen produktua gehiago saldu nahian, identitate ezaugarri batera jo du errukigabe; areago, identitate ezaugarria sortu du. Ez duzu zertaz lotsaturik: gaztea bazara normala da etengabeko konexioa nahi izatea, baita gurasoei eskatzea ere. Belaunaldi kontua da. Izan ere, gu, zuek ez bezala, beti egoten gara konektatuta. Ulertu behar duzu, aita, gauzak aldatu egin dira eta.

Helduengandik –xaharrengandik, gurasoengandik– bereizteko jokaldi ederra da, unean uneko belaunaldien arteko arrakala maisuki baliatuz. Ahalduntzeko bidean daude, beraz, beti konektatuta egoten diren horiek. Harro ager daitezke “direna”-z.  

Munduko txapelketa bukatuta, berandu bide da VAR eskatzeko. Gol mundiala egina du selekzio guztietan jokatzen duen marketinak. Beste bat.