argia.eus
INPRIMATU
“Geltokin elikagaiak tokikoak, sasoikoak eta ekologikoak izanen dira”
Garazi Zabaleta 2018ko uztailaren 19a
nnpek

Iruñeko autobus geltoki zaharrak itxura berria hartu du. Kanpotik baino, aldaketa barrutik are handiagoa izan da: garai bateko leihatila zaharren artean Geltoki proiektua jarri dute martxan, hiriburuan ekonomia solidarioaren, elikadura burujabetzaren eta kultura alternatiboaren alde egin nahi duen egitasmoa. Ekainaren 9an ireki zizkieten hiritarrei gune berriko ateak proiektuaren bultzatzaileek.

Elkarlanetik sortu eta aurrera eramandako proiektua

Urte hasieran esleitu zion Iruñeko Udalak geltoki zaharraren espazioa egitasmoaren bultzatzaile den Geltoki Iruña Elkarteari. REAS Nafarroako Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sareak, NNPEK Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak, Nafarroako EHNE sindikatuak, Emausko Trapulariek eta Nafarroako Elikagai Artisauen Elkarteak osatzen dute Geltoki Iruña. Hamar langileko kooperatiba sortu dute gune berria kudeatzeko.

Ekainaren bukaeran amaitu den diru-bilketa kanpainaren bidez beharrezko azpiegiturak lortzeko babesa jaso du proiektuak. “Kontzientziak piztu eta norberaren kontsumo ohituren gainean hausnarketa bultzatu nahi dugu: erostera goazena benetan beharrezko dugun, zein jatorri duen, nork eta nola egina den…”, azaldu zuten bultzatzaileek kanpainaren aurkezpenean.

Bertakoa eta ekologikoa

Hainbat gunetan banatuak egonen dira Geltokiren 900 metro koadroak. Leihatilen gunean, esaterako, tokiko produktu ekologikoak eta jasangarriak egonen dira erakusgai eta salgai. “Hemen erraza izanen da erosketa saskia betetzea eta ez da ezertan pentsatu beharko: elikagaiak tokikoak, ekologikoak eta sasoikoak izanen dira guztiak”, zioen Edorta Lezaun NNPEKko lehendakariak. Kafetegian ere Nafarroako eta garaiko barazki ekologikoak eskainiko dituzte, 0 Kilometro filosofian oinarrituta eta eskaintza jasangarri eta osasuntsua eginez.

Helduentzako nahiz haurrentzako irakurketa puntuak, liburutegia, ludoteka tematikoak… Aukera zabala egonen da Geltoki elkargunean. Erosketak egiteko, aisialdirako, baina batez ere, kontzientziaziorako.

Hemen, Xabier Letonak Geltokiko Katrin Gineari eginiko elkarrizketa.