argia.eus
INPRIMATU
Mugarik gabeko rocka
Joxi Ubeda Goikoetxea 2018ko uztailaren 10a
Zozo. Zozo. Autoekoizpena, 2018.

Zozo taldeak lehen diskoa kaleratu du, lan ederra. Post-rock eta hardcore kutsuko doinuak jotzen dituzte, adore, grina eta kemen handiarekin. Mugarik ez duen rocka da azken batean, soinu eta zarata bitxiz osatuta.

Gitarra, baxu eta bateria indartsuak, doinu errepikakorrak, distortsioa, esperimentazioa, oihuak eta aieneak entzun daitezke kantetan. Erritmoak sendoak dira, eta bat-bateko aldaketak eta mozketak gertatzen dira. Kantak oro har biziak dira, eta batzuk poliki edo lasai samar hasi arren, barealdiaren ostean laster ekaitza etorriko da edo eromena ageriko da.

Funtsean giroak sortzen dituzte. Egoerak dira, gogo-aldarteak. Kanten bidez ezinegona, frustrazioa, haserrea eta amorrua transmititzen dute: “Hondarrezko erlojutik amiltzen gara” (Submarino Faraday), “Gizarteak lapurrak sortzen ditu gauero, elikatzen egunero” (Errobi), “Soldatapeko lanak zorrotzak ditu labanak bizitzeko denbora kentzen diguna, kemena ta adorea ta irten hadi zulotik ta apurtu loturak” (Tripalium), “Nere gorpua lurrak irentsi dezala, putre ta arratoiek goza dezatela, ez dut nahi lorerik, ez dut nahi eskelarik, ez dut nahi hilobirik” (Ipuin errotikoak), “Behin ta berriro, etengabe bide bera ibilarazten gaituzte, legeetan idazten dihardute makurtu ta nora begiratu behar ez den” (Andolf),

Astigarragakoa da Zozo taldea. 2016ko irailean egin zuten lehen kontzertua. Ander Merino (bateria), Jon Agiriano (baxua), Andoni Olaetxea (gitarra), Fermin Mendazona (gitarra) eta Beñat Irazusta (ahotsa) dira taldekideak. Gazteak, baina ez hasiberriak, Blaka, Morphina, Goragaleak, Pelax, Hirugabebi, Desegin eta Rukula taldeetan aritutakoak baitira. Trebeak beren tresnekin, zer egin nahi duten argi dute.

Ekoizpena ongi burutu dute Martxel Arkarazorekin Garate estudioetan, kantak ozen entzuten baitira, energia handiz. Soberan egon litezkeen apaingarririk batere gabe, kantak janzteko gitarra marrazki batzuk, eta soinu eta zarata batzuk bakarrik erabil dituzte.

Pozik egoteko moduko diskoa egin dute, eta, dudarik gabe, jendaurrean ikusteko moduko taldea da Zozo.