1996an itxi zuten Irlandako azken Magdalenen garbitegia, ustez bide okerretik abiatutako emakumeak moja katolikoen agindupean zerratuta lan derrigortuan edukitzen zituen komentu-lantegia. Ingelesekiko gatazka armatuaz bezala apaiz katolikoek haurren kontra erabilitako bortxaz, oroimen historikoan bide luzea egina du Irlandak azken urteotan, baina justizia egin ezinik dabil mende luze batez elizak estatu independentearen laguntzaz emakumeei eginiko zanpaketaz.
“Dublingo Magdalena garbitegi ohiaren etorkizuna eztabaidan”, zioen Eireko Irrati-Telebista publikoaren ekainaren 28ko tituluetako batek. Egun hartan ehun lagunetik gora bilduak ziren aztertzeko nola doazen Dublingo Udalak Toyoko multinazionalarekin daramatzaten negoziaketak eraikin zahar tristearen orubean eraiki ditzan 350 gelako hotela, supermerkatua eta 76 etxebizitza. Polemika bizirik dago: herritar askok nahi dute leku hura bihur dadila Magdalenak oroituko dituen gune publiko bat.
Kristauen Ebanjelioek aipatzen duten Maria Magdalena Eliza Katolikoak santutzat goraipatzen du uztailaren 22an baina herritar xehen irudimenean nagusitu den Magdalena da emakume galdua Jesusek bide onera eraman zuena. Independentziatik orain arte Elizak ia dena kontrolatu duen Irlandan Magdalene laundry bateko neskak estigma hori zeraman soinean: okerreko bidetik ibili den emakumea moja katolikoak arrastoan sartzen ari direna bere bekatuak garbituz labanderia batean eginda...
Nathalie Sebbane irakasle frantsesak “Les silences d’Irlande“ artikuluan laburbildu berri du milaka irlandarren errealitate gordina. “Magdalene Sisters filmaren arrakastari esker, dagoenekoz oroimen kolektiboan daude galbidetik sartutako emakumeak zigortzeko Irlandak erabili dituen erakunde horiek. Baina gizarte mailan asko aurreratu den arren, biktimek ez dute oraindik lortu ez barkamen eskari ofizialik eta ez kalte-ordainik”. 1922tik 10.000 emakume baino gehiago eduki dituzte derrigorrezko itxialdian preso.
Ez da Irlandan asmatutako errepresio sistema. XIII. mendean Italiako Florentzian zabaldu zuten Maria Magdalenaren izena zeraman mota honetako lehenbizikoa, komentu bati lotutako egoitza prostituziotik damututako emakumeak bezala horretan erortzeko arriskuan egon zitezkeenak biltzeko. Geroztik Ingalaterra eta Irlandan zabaldu ziren, hasieran aberats filantropoek finantzatuak.
Irlandan XIX. mendean lau moja ordena katolikok hartu zituzten beren gain, eta “babes-etxeon instituzionalizazioak ekarri zuen erregimen ia totalitarioa”. Ustezko aterpetuei lan orduak luzatu zizkieten eta hasieran ofizio bat ikastea izan behar zuena bilakatu zen instituzioa finantzatzeko esklabo-lan.
Magdalena garbitegiak baziren Irlanda guztian (Dublin, Galway, Cork, Limerick, Waterford, New Ross, Tralee, Belfast...), bakoitza komentu bati lotua eta gehienetan ondoan zeukana ama solterentzako Mother and Baby Home babes-etxe bat eta bekatuzko haurrek hazi ahala lan egiten zuten Industrial School bat. Horra sistema oso bat, Estatuaren eta Elizaren artean herri eta auzoetako jendeak beldurrez arrastoan sartzeko antolatua.
“Erregimen honek –dio Sebbanek– daukan esanahi moralizatzaile eta erlijiozkoaz gain, badauka marka sozial gogor bat ere. Beren gogoz kontra garbitegi horietan preso eduki zituzten milaka emakumeak gehiengo handi batean familiarik behartsuenetatik atereak baitziren, eta txirotasuna lotzen zitzaion immoralitateari”.
Alabak ez dezala familia osoa lotsarazi
Magdalene laundry batean giltzaperatzen zuten emakume bakoitzari izen berria ezartzen zioten, santu batena, bere iragana ezabatu eta salbatze bidean jartzeko lehen urrats. Ileak mozten zizkioten, harrokeria den bekatuaren tentaziotik baztertzeko. Janzki itsusi eta kolore ilunekoz bezti arazten zuten, edozein feminitate arrasto ezkutatzeko. Lanaldi akigarriak ezartzen zizkioten berehala, otoitzez, lan gogorrez eta derrigorrezko isiltasunez hornitutako egunak.
Irlandako iritzi publikoak luzaz bestela uste bazuen ere, milaka emakume baldintza horietan preso eduki izanaren erantzukizuna ez zen soilik Eliza Katolikoarena. Auzitegietako epaileek, poliziak eta baita osasun zerbitzuek ere Magdalenen garbitegietara bidali zituzten bazterketa arriskuan zeuden pertsonak, izan umezurtzak edo ama ezkongabeak beren ume sasikoekin, horrela kondenatuz sare horretan harrapaturik geratzera bizi osorako.
Hala ere, erreformatoriootan egon diren 10.000 emakumeetako gehienak beren familiak sartu zituen apaizaren laguntzaz. “Aginte moralaren berme izaki –dio Sebbanek–, parrokiako apaizek familiei gomendatzen zieten beren alaba ustez galduak garbitegi batera bidaltzea, lotsaizuna saihestu eta familiaren ohorea babesteko. Tarteka gertatzen zen ere zenbait neska gazte bertara bidaltzea besterik gabe politegia zelako eta bekatuan erortzeko arriskua zuelako edo mutikoei probokatzekoa. Izan ziren beren erabakiz joandako neskak ere, beste irtenbiderik aurkitu ez zutelako”.
Ofizialki establezimenduok erakunde pribatuak izaki, aterpetuen lana zuten diru iturri bakarra. Bertan itxitako emakumeek ez zuten inolako soldatarik jaso sekula. Seguritate sozialean ez zuen inoiz inork utzi kotizazio bakar bat ere. Batzuek egonaldi laburrago edo luzeagoa egin ostean lortu zuten beren familietara itzultzea. Izan ziren hesia urraturik alde egitea lortu zutenak ere. Beste batzuk neskame lanen bat aurkituta irten ahal izan ziren. Baina askok urte luzeak eman zituzten itzalpean, beren senideek baztertuta, gizarteak ahantzita.
90eko hamarkadan eskandalu handiek astindu zuten luzaz Irlandako gizartearen zutabea izandako Eliza Katolikoa: apaiz, gotzai eta kongregazio maskulinoetako erlijiosoek –herrialdeko hezkuntza sistemaren parte handi bat beren gain daukatenek– haur eta gaztetxoei eragindako sexu abusuak. Irlandari bere historiaren alde ezkutu bat azaldu zitzaion. Baina asko haizatu ziren arren delako Industrial Schooletan gertatutako desmasiak, zalaparta bera ez zen iritsi Magdalenen garbitegietara, hauek izan arren kontrol sistema errepresibo haren kate-begi minberena. Haietatik irtendako azken emakumeek isilik eta lotsaturik alde egin zuten Ingalaterrara bizi berri baten bila.
1993an eztanda berri bat: Dublingo garbitegi handiena mojek saldu zutenean etxebizitzak eraikitzeko, hondea-makinak sartutakoan dozenaka emakumeren hezurrak azaldu ziren bertan, heriotz agiririk gabe legez kontra lurperatutako garbitzaile anonimoak.
Emakume taldeak mobilizatu ziren, Justice for the Magdalenes kanpaina berotu. Estatuaren erantzukizuna demostratu behar izan zuten. Ofizialki garbitegiok erakunde pribatuak ziren arren, 2013an Dublingo legebiltzarraren batzorde berezi batek erakutsi zuen Estatuak zeharka finantzatzen zituela beren ikuzketa zerbitzuak erabiliz kaserna militar, ospitale eta beste zenbait atal publikoen gobada lanak egiteko.
Egia mantso dabil emakumeontzako. Oraindik kalte-ordainik ez zaie bideratu. Azken Magdalenak itzaliz doaz isilik.
"Pictura est laicorum literatura", utzi zuen Umberto Ecok idatzita, Il nome della rosa eleberrian. Irudien bidez mintzatzen da herria, hitzez baino maizago. Artearen funtzio narratiboa nabarmena da Erdi Aroko irudietan, egungo begiekin zail gerta daitekeen arren haiek... [+]
Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]
Biarnoko Lestelle-Betharramgo ikastetxe katolikoan ikasleek urtetan sufrituriko indarkeria fisikoa eta sexu-abusuak argitara eman ostean, biktimen eta Betharramgo kongregazioko ordezkarien lehen topaketa lotu dute, biktimei entzutea helburu. "Betharram ez da libratuko... [+]
Bermeon jaioa, frantziskotar eginik Hego Korean egin zuen bizimodurik gehiena, 40 urte. Sasoi batean mutil-koskorretan askok egin zuena egin zuen, komentura bidea hartu. Gero, handik mundura jauzi egin zuen Uriagerekak, bestelako hizkuntza eta kultura arrotzetara.
"Ez dut ezer musulmanen kontra"... baina mezetara gero eta fededun gutxiago joatea immigrazioarekin lotu du Cascanteko apaiz Jesús Planillo Bartosek, herriko festetan emandako sermoian. Esandakoek eliztarren artean marmarra eragin du, eta abadeak barkamena... [+]
Hil arte bizirik sentitzearen beharraz ari da Olatz Mercader. Gaixorik egon izan delako bere bertsio gutxitua hurbilegi ikusi duenak badaki zein garrantzitsuak diren konpromisoa, grina eta desioa.
Indarkeria fisikoa eta sexuala jasan izana salatua duten Betharramgo Notre Dame ikastetxeko kasik ehun ikasleei beste 26 salaketa batu berri zaizkie. Horien artean, oraindik ikastetxean lanean ari den begirale baten kontrakoa dago: 12 urteko mutikoa bortxatu zuela frogatu... [+]
Espainiako Gotzainen Batzarrak asteartean egindako bilkuran onartu du abusuak jasan dituzten biktimei kalte-ordain ekonomikoak ordaintzea, baina elizbarruti eta kongregazioek ez dute nahitaez bete behar izango. Espainiako Gobernuak gogor kritikatu du plana,... [+]
Paris, 1845. Frédéric Bastiat (1801-1850) ekonomialari eta politikari lapurtarrak Pétition des fabricants de chandelles (Kandelagileen eskaera) satira idatzi zuen. Protekzionismoaren aurkari sutsua, kandelagileek "bere argia salneurri baxuegitan... [+]
70 urteko apaizari urtebeteko espetxe zigorra jarri diote, baita bost urteko debekua adin txikikoekin lan egiteko ere. Bere ordenagailuan pedofiliazko edukia aurkitu zuten ikertzaileek. Itaiak elkarretaratzea egin du Baionan, epaiketa hasi aurretik.
El Paísek 24 testigantza jaso ditu idazle eta elizgizon legorretarrak egindako sexu-abusuak berresten dituztenak. Erasoak 8-9 urtetik 17 urtera bitarteko adin txikikoei egin zizkien. 1990. hamarkadan erasoez jakitun ziren Ezkiagaren lankideak, baina zituzten ekintzak... [+]
Auzoan Bizi Etxebizitza Sareak salatu du Berakah programa beste bi familia etxegabetzen saiatzen ari dela, iaz beste familia batekin egin zuen bezala. Dagoeneko salatutako hauetaz gain, Berakahko kasu gehiago ari dira heltzen etxebizitza sarera. Berakah programa Santa... [+]
Berria egunkariak eman du salaketen berri, garai hartan bertan egondako ikasle batzuen lekukotasunak ere bilduz. 1960ko hamarkadatik 1990eko hamarkadaren bukaera artean gertaturiko indarkeria fisiko, sexu bortizkeria eta bortxaketei buruzko lekukotasunak bildurik,... [+]
Klaratarrek Urduñako komentua erosteko kontratua sinatu zuten, baina Elizak atzera egin du salerosketan eta mojek testu luzea argitaratu dute, zeinean Pablo de Rojas Sanchez-Francoren diziplinara batu diren. Mario Izeta apezpikuak eskumikatu zuen erlijioso hori 2019an... [+]