argia.eus
INPRIMATU
Kiropraktika
Garunaren eta gorputzaren arteko komunikazio bidea
  • Bizkarrezurra da nerbio sistema babesten duena, garunaren eta gorputzaren arteko komunikazio bidea. Jakitun ez garen arren, edozein osasun arazoren iturburua izan daiteke. Hala kontatu digu Xabier Mendiaraz kiropraktikoak.

Ainhoa Mariezkurrena Etxabe 2018ko uztailaren 13a

Hezur-muineko nerbio guztiak gorputzeko atal guztietara iristen dira, zelula guztiak kontrolatuz. Ornoren bat mugitzeak nerbio sisteman eragiten du zuzenean, garuna eta gorputzaren arteko komunikazioa moztuz. Hori gertatzen denean, gorputzaren funtzionamendua kaskartzen hasiko da. Hau guztia azaltzeko, gorputzaren auto-erreparazio eta berregituratze gaitasuna azpimarratu dizkigu Mendiarazek: “Zauri bat egitean, garbi mantenduz gero itxi egingo da. Gorputzak berak sendatzen du. Nik eskumuturreko hezurra puskatu dut eta mugitu ez dadin zerbait jarri didate. Nire garunak beharrezko zelulak sortzen ditu eta beharrezko lekuan jarri hiru hilabete pasata berriro ongi egoteko”. Hori, nerbio sistemaren bitartez kontrolatzen dela dio kiropraktikoak. “Ongi funtzionatzen ez badu, osasun arazoak ekar ditzake: depresioa, antsietatea, lo egiteko arazoak, sabeleko mina...”.

Ornoak lekuz mugitzearen arrazoiak, ordea, makina bat izan daitezke: postura txarrak, erorketak, estres emozionala... Mendiarazek estresaz hitz egin digu, gehienbat: “Egun, gizarte honetan, gaixotasun gehien sortzen dituen arazoa da estresa. Gaixotasun modernoaren oinarrietako bat da. Neurrian ona da, bizirik mantentzen gaituelako, baina sobera handitzen bada kalteak sor ditzake gure osasunean”. Gaixotasunak bizi estiloaren araberakoak direla dio. Gorputz bakoitzak estresa desberdin jasotzen duela azaldu digu, estres bera bi gorputzentzat desberdina izan daitekeela. Estres egoeretan, nerbio sistemaren bitartez egokituko dugu gorputza; piezaren batek huts eginez gero, egokitze-lan hori konplikatu egin daiteke. Estresa gestionatzen jakitea oso garrantzitsua dela dio Mendiarazek.

Gorputzaren oreka, funtsezkoa

Kiropraktikak egiten duena da interferentzia guztiak bizkarrezurrean aurkitu eta tratamendu egokiaren bidez arazoa konpontzen saiatu, horretarako nerbio sistema indartuta. Ornoak bere lekura itzultzea, alegia. Egokitze bertebrala deitzen diote. Horretarako teknika ugari daude, 200 baino gehiago. Gehienak eskuekin egiten dira, baina tresnak ere erabiltzen dituzte, presioa egiten dutenak batik bat. “Pistola antzeko bat dugu: angelu batean ipini eta indar bat jartzen zaio. Kolpe batez ornoa mugitzen du”.

Lehenbizi bizkarrezurra aztertzen dute, nerbio sisteman nola eragiten ari den ikusteko. Normalean egokitze bat baino gehiago egin behar izaten da eta ez du inongo minik ematen. Mendiarazek kontatu digu bezero asko jada osasun arazoak dituztela joaten direla kontsultara: migrainak dituela, nekatuta dagoela, lorik egiten ez duela... Egoera horietan ez dago aurreikuspenerako aukerarik: “Gehienetan konpon daitekeen arren, batzuetan beste zerbaiten beharra izango da; kirurgia, adibidez. Gure helburua ez da sintoma itzaltzeko zerbait ematea, kausa konpontzeko gorputza orekan jartzea baizik”. 

Bizkarrezurraren eraginaz eta garrantziaz jabetzen ez garela uste du. Gorputzaren funtzionamenduaz ezagutza txikia daukagula, baita kiropraktikari buruz ere. Gipuzkoan dauden 20-25 kiropraktikoetako bat da Mendiaraz. Kontsulta dauka Donostian eta pazienteekin lan egiteaz gain hitzaldiak ematen ditu bertan asteazkenero, edonorentzat eta doan: “Kiropraktikaren beste alor bat da, diziplina hau eta gorputza bera ezagutzera ematea”. Izan ere, Munduko Osasun Erakundeak lanbide sanitario bezala onartzen badu ere, Europako hainbat herrialdetan ez dago doitua, tartean Espainiako Estatuan. Bai, ordea, Frantziako Estatuan, Danimarkan, Portugalen, Suitzan, Italian edota Erresuma Batuan. Zabalduen, dena den, AEBetan dago.