argia.eus
INPRIMATU
Donostian ere kontsumo kooperatiba sortzeko lehen urratsak ematen
Garazi Zabaleta 2018ko uztailaren 16a
Argazkia: proiektuko kideek utzia.
Argazkia: proiektuko kideek utzia.

“Donostian kontsumo kooperatiba bat sortzeko eskuak, ideiak, bihotzak… behar ditugu” zioen kartela iritsi zen nire postontzi elektronikora ekainaren hasieran. Bilera baterako deialdia zen, aipatu helburuari begira interesa duen Donostialdeko jendea elkartzea asmo zuena. Oraindik egitasmo berri honen sortze prozesuan daudela zehaztu digu Joseba Parronek, lehen pauso horietan partaide denak. “Guk esaten dugu oraindik habiatxoan gaudela”. Habian, baina habiatik hegan abiatzeko prestaketetan.

Antzeko proiektuak eredu

Oiartzungo eta Bilboko Labore kooperatibetako lagunek egin zieten lehen proposamena donostiarrei azaroan. “Haiek aukera ikusten zuten Donostian antzeko proiektua martxan jartzeko, eta batzuei eta besteei deika, lagun talde bat bildu ginen bileratxo bat egin eta elkar ezagutzeko” dio Parronek. Giza Eskubideen Zinemaldian New Yorkeko Food Coop kooperatibaren inguruko pelikula proiektatu zutela eta Oiartzungo Laborekoak ere han zeudela aprobetxatuz, bertan zegoen jendea bilera ireki batera gonbidatu zuten.

Maiatzean egin zuten lehen bilera hura Uliako Mintegiak parkean, eta 30 lagun inguru elkartu zirela eta proiektua sortzeko interesa bazegoela ikusita, urratsak ematen hastea eta hamabostean behin elkartzea erabaki zuten. “Orain bisitak antolatzen ari gara inguruan ditugun antzeko proiektuak ezagutzeko, pixkanaka definitzen joateko bakoitzak nola ikusiko lukeen Donostiako kontsumo kooperatiba hori”. Masa kritikoa sortzeko lanean ari dira, proiektua bururaino eramateko jende askoren ekarpena beharko dela aurreikusten baitute.

Agroekologikoa, tokikoa eta soziala

Hiru ardatz horiek adostu dituzte orain arte. Alegia, etorkizunean Donostian sortuko duten kontsumo kooperatiba horrek produktu agroekologikoak eta tokikoak behar lituzkeela eskaini, eta proiektuak ikuspegi soziala behar lukeela izan. “Batzuek agian indar gehiago jartzen dute ekologikoan, beste batzuek arlo sozialean… Horretan gaude”.

Amaierako helburua ez ezik kontsumo kooperatiba sortzeko prozesua bera ere garrantzitsua da partaidearen ustez. Ahalik eta modu horizontalenean eta irekienean ari dira, eta orain arte parte hartze zabala eta aberatsa izan da: “Oso adin tarte zabaleko jendea biltzen gara, 27-28 urtetik 70 urte bitarteraino”. Presa handirik gabe, pauso txikiak baina seguruak emanez egin nahi dute bidea. “Prozesua bera gozatu eta horretan sakondu”.