argia.eus
INPRIMATU
Bron/Broen X
Itxaro Borda 2018ko uztailaren 10a

Duela bi aste, hamar hilabete berritzen pasa ondoan, San Izpiritu zubia ireki diete autobus eta beribil saldoei. Ziuntaz pasatzen dira, gauez eta egunez, dioxido partikulak airean hedatuz eta gure biriken sakoneraino barreiatuz.       

Telesaila nordikoz eta latino-amerikarrez hazi euskal idazlea naizenez, erraz imajina dezaket atmosferaren kutsaduraren biktima litekeen hilotz bat, zubiaren erdi erdian etzana, burua San Izpiritun eta zangoak Baiona Handi opulantean, Joan Tartas idazle zaharrak lerrakeen eran!

Uda honetan, ederki estreinaturiko zubiak –haurren ekitaldiak, tango dantzaldia, Cranberiesen Zombie kanta megafonietatik eta su ziriak– jasango duen hilotz bakarra Baionako Bestetan sobera mozkortu izakiren batena baizik ez bide dateke… Baina baliteke ere jende gutxiago hurbiltzea, eredu maskulinista gorenaren ildotik hordimen kolektiboa lege jartzen duten ospakizun hauetara: Baionan errotzen ez direnek zortzi euroko sarrera ordaindu beharko dute, bestaren baitan bana-bestean gastatzen dituzten hirurehun euroz gainera! Baionarrek aldiz esku-muturreko horia eramanen dute, lekuko biztanleak direla frogatzeko! Bereizketa bitxia ez?

Hilotzak ez dira beti uste dugun tokian…