“Etxe ekoizleak bakarrik egiten du lan bere txokoan: bakarrik egiten du lehengaia, bakarrik transformatzen eta saltzen. Elkartea sortzeko lehen beharra elkartzea izan zen, ekoizleak elkar ezagutzea eta bakartasun horretatik ateratzea”. Isabela Barreix Idokiko langileak azaldu dizkigu Euskal Herriko Etxe Ekoizleen Elkartearen (EH EEE) hastapenak. 1989an jarri zuten elkartea martxan Ipar Euskal Herriko laborariek, eta 1992an Idoki kalitate agintza sortu zuten, etxaldeko ekoizpenari balioa eman eta hura zabaltzeko asmoz. 90 etxalde inguru daude egun kalitate agintzaren barruan.
Etxalde txiki eta ertainetako laborantza iraunkorra oinarri
Laborantza iraunkorraren printzipioetan oinarritzen da Idoki kalitate agintza. Etxalde txiki eta ertainetan ekoiztutako produktuak daude markaren barruan, eta gutxieneko baldintzak bete behar dituzte etxaldeek bertan egoteko: ekoizleek beren lehengaiak soilik erabiltzea, salmenta zuzena eta merkaturatze zirkuitu laburrak lehenestea, abereak egun guztiz kanpoan izatea edota kalitatezko osagaiak erabiltzea etxe-ekoizpenetan (koloratzaile eta beiratzaileak debekatuak dituzte, esaterako).
Azken bi urteetako gogoetaren ondoren araudiak zorroztea eta aurrera begirako urrats berriak ematea erabaki dute: 2027. urterako etxalde guztien praktikak inongo gai kimikorik gabekoak izatea erabaki dute. “Trantsizio fasean gaude: hurrengo 3, 6 eta 9 urteetarako lan ardatzak finkatuak ditugu. Etxalde bakoitzak hautatuko du nondik hasi behar duen”. Elkartearen lana izanen da ekologikorako trantsizio fase horren jarraipena egitea, lan taldeak sortzea eta etxaldeen artean trukaketa eta formazioak egitea.
Merkatuak eta iniziatiba kolektiboak
Marka soila izatetik urrun, ekimen ugari egiten ditu urtean zehar Idokik. “Antolatzen ditugun merkatuekin eta ekitaldiekin urtea zertxobait arrimatzea da gure nahia”, dio langileak. Esaterako, Ezpeletan urtero antolatzen duten Idoki feriak 20. urtea beteko du aurten, abuztuaren 10ean.
Bestalde, laborarien arteko iniziatiba kolektiboak ere bultzatu dituzte azken urteetan: Xuhito haragia transformatzeko gune kolektiboa adibidez, baina baita laborariek garatu dituzten salgune kolektiboak ere. Gune horiek egituratzen eta garatzen lagundu du etxe ekoizleen elkarteak. “Txikia zarenean, kolektiboan eginez bakarrik ahal daiteke. Denbora gehiago hartzen du, nekezagoa da agian, baina azken batean kasik posibilitate bakarra da aitzinera joateko”.