Euskal kulturaren erraldoia Espainiako Estatuko liburu-banatzaile handienetakoa ere bada

  • Aldaketa handiak egin ditu Elkar taldeak azken urteetan eta horien ondorioz, besteak beste, Espainiako Estatuko liburu banatzaile handienetako bat bihurtu da. Ekainean prentsari azaldu dizkiote enpresa-konglomeratuaren azkenaldiko apustu estrategiko batzuk, euskal kulturan leku zentrala daukan fundazioaren erradiografia egiteko aukera paregabea eskainiz.

Elkarrek Donostiako Fermin Calbeton kalean daukan dendetako bat. 18 Elkar denda daude guztira Euskal Herrian (argazkia: Dani Blanco).
Elkarrek Donostiako Fermin Calbeton kalean daukan dendetako bat. 18 Elkar denda daude guztira Euskal Herrian (argazkia: Dani Blanco).

Ekainaren 19an Elkar fundazioak kazetariak konbokatu zituen Donostiako Barceló Costa Vasca hotelean. Ezohiko agerraldia, taldearen egitura osoaz eta martxan dauzkaten negozio-lerroez informatzeko baliatu zuena, orain arte publikoarentzat oso ezagunak izan ez diren datuak eskainiz. Denbora gutxian Elkarrek egin duen bigarren agerpen publiko esanguratsua da, aurretik Siadeco ikerketa elkarteari euskal kulturaren kontsumoa azter zezala eskatu eta martxoan aurkeztu baitzuen zeresana eman duen inkesta: ondorio nagusietako batek dio euskaldunen erdiek baino gehiagok ez dutela euskal kulturarik kontsumitzen.

Elkar fundazioari buruzko pertzepzio publikoaz ere galdetu zieten inkesta hura erantzun zutenei: euskal herritarren %65ek du enpresa-taldearen ezagutza, baina fundazioko lehendakari Joxemari Sorsek Donostian emandako azalpenen arabera, “kasurik gehienetan oso mugatua eta partziala” da ezagutza hori. Hara hor, beraz, denbora gutxian bigarren aldiz plazara atera izanaren zergatietako bat: “Ezagutzera ematea garrantzitsua dela baloratu da, are gehiago kultur munduak –eta bereziki liburuaren munduak– etengabeko aldaketa bizi duen une hauetan”, irakurtzen da goizeko kafearen bueltan bildu ziren prentsako langileei banatutako txostenaren sarreran.

Ondoko orrialdean, euskal kulturaren konglomeratu enpresarial nagusiaren mapa ikusten da: bost argitaletxe –gehi beste bitan partizipazioak–; beste bost banatzaile –horietatik lau Euskal Herritik kanpo–; 18 liburu-denda; eta beste enpresa batzuk, hala nola, Leitzaran inprimategia, ikus-entzunezkoen ekoiztetxe baten zati bat, Hamaika TB telebista katearen %10 eta Martin Ugalde kultur parkearen %50 –beste erdia Berria-rena da–. Hori da Elkar gaur egun: 433 langileko taldea, 2017an 120 milioi euro baino gehiagoko fakturazioa izan zuena, lau milioi euroko irabazi gordinarekin –amortizazio, zerga eta finantza gastuak kendu gabe, alegia–. Banaketaren alorra da talde handi horren zutabe nagusia.

Espainiako Estatuko banatzaile nagusien artean

Zehazki, 90,7 milioi euroko fakturazioa izan du Elkarren banaketa-adarrak iaz, Donostian emandako datuen arabera. Eta orain arte oso ezaguna izan ez den zerbaiti buruz informatu du: fakturazio horren %21 besterik ez dagokio Euskal Herrian egiten den banaketari. Beste guztia Euskal Herritik kanpoko distribuzioari zor zaio: %79 –71 milioi euro baino gehiago–.

Banaketaren alorra da Elkarren zutabe nagusia: iaz 90 milioi euro baino gehiago fakturatu zituen jarduera horri esker

Mikel Esnal Elkarreko zuzendari kudeatzaileak esplikatu zuen azken bost urteetan egin duten apustua, baina aurretik nabarmendu zuen liburuaren sektoreak Espainiako Estatuan 2008tik 2016ra izan duen bilakaera negatiboa –salmentak ia heren bat gutxitu ziren tarte horretan; krisi ekonomikoaz gain, Esnalek “faktore ezkor” espresioa erabili zuen bestelako kausak seinalatzeko, besteak beste, testu-liburuen berrerabilpena eta irakaskuntza-eredu digitalak–. Testuinguru horrek eragin du Elkarren estrategia-aldaketa Costa Vasca hotelean aditzera eman zutenez. Tamaina handiagoko aktore izatea jarri zioten beren buruari helburutzat: “Euskal Herri mailako jokalari izateak merkatu dimentsio txikian aritzea esan nahi du, posizio ahulean kokatzen den jokalari txikiegia izatea”. Beraz, politika espantsiboak gidatu du fundazioaren banaketa-ildoa azkenaldian eta zenbait apustu egin dituzte norabide horretan: Dispe banatzaile madrildarra erosi dute, baita Valentziako Morcillo ere –biek ere liburuak, ikasmaterialak, jokoak eta papertegiko produktuak banatzen dituzte–.

Euskal Herritik kanpo egiten den banaketaren argazkia osatzeko, fundazioak “betidanik” izan dituen enpresak gehitu behar dira, alegia, Bartzelonan kokatuta dagoen MCL, Katalunian eta Balear Uharteetan funtzionatzen duena; eta Madrilen dagoen ACL, erkidego horretaz gain Gaztela Mantxa, Gaztela Leon, Asturias, Galizia, Aragoi, Valentzia eta Murtziaraino iristen dena.

Madrilgo banatzaile bat eta Valentziako beste bat erosi ditu azken urteetan, baita Uppali frankiziaren erdia ere

Donostiako aurkezpenean ez zuten aipatu beste enpresa bat, zeinaren erdia erosi zuen fundazioak 2015ean: Uppali frankizia-negozioaren %50 Elkarrena da gaur egun. Bi urte lehenago Abacus banatzaile kataluniarrak martxan jarri zuen formatu berria da, haurrentzako liburu, jostailu eta eskulanetarako materialak saltzen dituzten dendak sortzera bideratua. Elkar sartzearekin batera, testu- eta narratiba-liburuak ere eros daitezke Espainiako Estatu osoan saltokiak irekitzen ari den kate horretan –adibidez, 2019rako Aragoin bost denda berri irekiko direla argitaratu zuen iazko azaroan Heraldo egunkariak–.

Biltegietan ere berrikuntzak egin ditu Elkarrek, Donostiakoan zentralizatu ditu Madril eta Bartzelonakoak, mekanizazioan inbertsio garrantzitsuak egin… Dena batuta –enpresen erosketak eta biltegietako aldaketak– 24 milioi euro kosta da estrategia-aldaketa. Emaitza onak eman dizkienik ezin uka, ekainaren 19an publiko egin zituzten zenbakiak ikusita %95eko hazkundea izan baitute banaketaren alorrean 2012tik 2017ra bitartean, Espainiako Estatuko liburu-banatzaileen artean lidergotik gertu kokatzeraino –fakturazioan lehenak direla aipatu zuen Esnalek–.

Paperezko erraldoia

Elkar marka duten
18 liburu-dendez gain, beste 20 dendak taldearen kudeaketa sistema erabiltzen dute

Euskal Herrian ere ez da mugimendurik falta izan azkenaldian, Kepa Matxainek aldizkari honen 2.603. zenbakian argitaratu zuen moduan: Elkarrek Bitarte banatzailea erosi du eta operazio horrek badu zerikusirik Iruñeko Auzolan liburu-dendaren itxierarekin, hau banaketa-enpresa nafarraren parte baitzen. Esnalek Donostiako agerraldian azaldu zuen Bitarteko langileek lanean jarraituko dutela Elkarren eta tratuaren onurak nabarmendu zituen: “Garaia da indarrak uztartzeko. Pozik gaude akordioa lortu izanagatik”.

Denden eta banatzaileen arteko harremana da liburu-salerosketaren gakoetako bat. Elkarrek, bere saltokiak edukitzeaz gain –Zuberoan eta Nafarroa Beherean izan ezik, probintzia guztietan du presentzia–, beste formula bat ere jarri du abian azken lau urteetan, “denda laguna” izenekoa. Beste 20 liburu-denda daude sare horretan sartuta. Zer esan nahi du horrek? Aurretik zeukaten gestio-sistemaren ordez, Elkarrena jartzen dutela beraien dendetan, “bikaintasunez” lan egitea ahalbidetuz, zuzendari kudeatzailearen hitzetan; baina “autonomia osoa” mantenduz, kudeaketa sistema propioa ez edukitzeak uzten duen heinean behintzat.

Kaleko dendetan jarri du fokua Elkarrek, sareko salmentetan lehiatzeko aukerak urriagoak direla ikusita. Eta terreno horretan, bada nor: iaz liburu-denden adarrak %34,5eko merkatu-kuota izan zuen Hego Euskal Herrian, sektorearen batez bestekoa baino kasik hiru puntu gehiago haziz.

Hego Euskal Herrian Elkar denden merkatu kuota %34,5ekoa izan zen 2017an eta sektorearekin alderatuz, gehiago hazi da

Paperezko erraldoia dirudi fundazioaren aterkipean dagoen enpresa-taldeak, fakturazioaren parterik handiena liburuei lotuta baitago eta beste formatuetan egindako apustuek ez diote nahi bezalako emaitzarik eman. Horrek esplika dezake aurkezpen hartan egindako beste iragarpen bat: Elkar.eus interneteko dendaren bidez liburu elektronikoak saltzeari utziko diotela. Erabakia esplikatzeko, liburu numerikoen merkatuan gertatu den polarizazioaren berri eman zioten prentsari: edo “pirateria” edo “denok ezagutzen dugun erraldoia” –alegia, Amazon– nagusitu dira eta horietatik kanpo aukera handirik ez dagoela ikusita egin dute hautua, baita irakurgailuak saltzeak zentzu handirik ez zeukala sinetsita ere: “EITB telebista-aparailuak saltzen hasiko balitz bezala da”, esan zuen Joxemari Sorsek erabakiari buruzko xehetasunez galdetuta. Nolanahi ere, taldeko argitaletxeek jarraituko dute euskarri digitalean argitaratzen eta liburu horiek erosi ahal izango dituzte irakurleek, editorialaren webgunearen bidez.

Txertoa argitaletxearen funtzio berria

Beste negozio-lerroekin konparatuta fakturazio txikiagoak dituzte Elkarren argitaletxeek, talde guztiaren %8, baina eztabaidaezina da euskal liburugintzan duten pisua. Argitaratzen den bost liburutik bat da fundazioko editorialen batekoa eta horietan ere izan dira aldaketak. Nabarmenena, Txertoa eta Ttarttaloren rol-banaketa. Aurrerantzean, Txertoa arduratuko da orain arte Ttarttalok publikatu dituen helduen liburuez eta bigarren argitaletxe hori haurrentzako lanak publikatzen espezializatuko da.

Liburu elektronikoen apustuak ez du espero bezalako emaitzarik eman eta horregatik, Elkarren interneteko dendan hauek saltzeari utziko diote

Badirudi historikoki eduki duen pisua berreskuratuko duela Txertoak ostera ere. 1968tik dago martxan, hau da, Elkar argitaletxea bera baino lehenagokoa da; baina zenbait urtez ondo definitutako ildoa falta izan zaio, unearen arabera gaztelaniazko saiakerak, haurrentzako biografiak edo sukalde-liburuak argitaratu izan ditu. Orain marko zehatzagoa izango duela ematen du, euskarazko eta gaztelaniazko saiakerak, gaztelaniaz aritzen diren Euskal Herriko idazleen lanak eta euskal idazleen itzulpenak. Azken Durangoko Azokan jada sumatu zen aldaketa, besteak beste Lander Garroren Gerra txikia nobelaren itzulpena (La pequeña guerra) erdal irakurleen esku jarri baitzuen. Euskaraz argitaratu dituen azken bi saiakerek –Pako Suduperen Telesforo Monzon, aristokrata abertzalea eta Hektor Ortegaren Tretatxu, lapurren gobernadorea– zeresana eman dute –bigarrenari buruzko erreportajea publikatu zuen Urko Apaolaza Avilak ARGIAren 2.599 zenbakian–. Zer esanik ez Joan Mari Torrealdairen Asedio al euskera-k, duela 20 urteko El libro negro del euskera osatzera etorri den 400 orrialdetik gorako bolumenak.

Datu, lan-ildo, enpresa eta apustu estrategiko askoren berri eman zuen Elkar taldeak ekaineko agerraldian, ondorio ugari ateratzeko adina. Begi-bistakoena, honakoa: liburu bat ekoizten den momentutik erosleak eskuratzen duen arte, banaketa-saretik eta dendatik pasaz, fundazioaren enpresek zeresana dute produktuaren kate guztian. Eta kasu batzuetan –banaketarenean nabarmen– ez da Euskal Herrira mugatzen den indar-posizioa. Presentzia hori baliatu zuen taldeak berriz ere bestelako kultur politikak eskatzeko. Olatz Osa Elkar argitaletxeko zuzendariak aurreratu zuen, abian jarri dutela “etxe barruko gogoeta” gai horri buruz eta ondorioak partekatuko dituztela beste eragile kulturalekin. Siadecoren ikerketarekin irekitako lanketa publikoak aurrerago ere segida izango duela dirudi beraz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Elkar fundazioa
Gexan Alfaro. Olerkari militante euskaltzale
“Kantuak egin du hemen politika-militantziak bezainbat lan”

Ez da haren nortasuna errazki definitzen. Anitz egin du, anitzetarik. 60ko hamarkadaren amaieraz gero, kantagintza berriaren izenetan ageri da Gexan Alfaro. Militante zaildua da, euskararekin kultura, kulturarekin politika, Ipar Euskal Herriaren historiaren jakile dugu joan den... [+]


Joan Mari Irigoien, idazlea
“Topikoek beren eragintxoa dute talde bakoitzaren inkontziente kolektiboan”

Altzan jaioa 1948an. Hogeita lau urtez idazle profesional moduan aritu zen Irigoien, Elkar argitaletxearen bitartez. 2013an, osasun arazoak zirela-eta –esklerosia du– erretiroa hartu zuen. Jarduna gutxitu arren, baina, idazten jarraitzen du. Horren froga dugu bere... [+]


Eguneraketa berriak daude