Iruñean, semaforo batean geldirik. Aurrean, Villavesa. Haren atzealdean, iragarki erraldoia: Zoco patxaran botila, lelo batekin: “Benetan batzen gaituena” (Lo que de verdad nos une). Pentsakor geratu naiz, lelo hura beste nonbait irakurria nuen susmo lauso eta harrapaezinarekin. A, bai! Euskaltelen aspaldiko leloa: “Batzen gaituena”. Hala ere, Nafarroako patxaranak “benetan” gehitu du. Bere esanahia izango du, nonbait, agian Euskaltelena ez zela fidagarria edo...
Lotura batzuk jira-biraka hasi ziren nire buruan. Patxaranak nafarrok batzen omen gaitu, Euskaltelek, alta, euskaldun guztiok –edo erkidegotarrak?–. Nola ahaztu Frantziako Tourrean ordezkatzen gintuen marea laranja hura, hain kirolzalea, jatorra eta transbertsala –hau da, klaseen artekoa, apolitikoa, naturala...?–.
Nafarrok ongi dakigu Zoco patxarana nondik datorren: Gerra Zibileko erreketea eta Diputazio frankistaren ordezkaria zen Ambrosio Velascok (Vianako jauntxoen semea) sortu zuen, eta monopolioaren bidez, Zoco patxaranaren sinonimoa bihurtu zen: “Ez esan Zoco, esan patxarana!”.
Euskaldunok –erkidegotarrak bereziki– jakin beharko genuke Euskaltel nondik datorren. 1996an, Ibarretxe eta Mayor Orejaren akordioak Aznarri bere lehen inbestidura eman zion. Edukien artean, Euskaltel sortzeko Estatuaren baimena. Horren truke, EAJk PPren lehen agintaldi beltz hura ahalbidetu zuen. Telekomunikazio-enpresa publiko gisa sortu zen Euskaltel –Eusko Jaurlaritzaren eta artean publikoak ziren aurrezki kutxen kontrolpean– eta euskal ikur distiratsuena bihurtu zen, Tourmaleten zein enpresa teknologikoen olinpoan. Euskaldunok, aizue, harro egoteko moduko enpresa bat daukagu!
Esan gabe doa, ate birakariak jiraka hasi ziren, enpresaren presidenteengandik (Ardanza) hasita, eta administrazio kontseilu osora iritsiz: EAJren hatz miragarria. Baina kapitalismoaren bideak ezin asmatuzkoak direnez, Eusko Legebiltzarrak onartutako pribatizazioak langileen kaleratzeak eta kontrol publikoaren amaiera ekarri zituen. Alta, euskal ikurrak, “Batzen gaituena”, bizirik jarraitu zuen, eta zuzendaritza etekinak poltsikoratzen hasi zen, milioika –9,2 Alberto García Erauzkinentzat, adibidez–.
Egun, March sendiaren (Francori Gerra Zibila finantzatu ziona) funtsaren eta nazioarteko putreen eskuetan dago Euskaltel eta bere egoitza Euskal Herritik alde egiteko arrisku frankoan dago; Velasco familiak nafarron ikurra Pernod-i saldu zion bezalaxe.
Zoco-ren arrastoa jarraitu du gure marea laranja jator hark.
Denon ikurrak, gutxi batzuentzako mozkinak.
Benetan batzen gaituena?
Leitzarango bi aldeetan korralitoa.