Nerabeak ginen, hamalau eta hamabost urte genituen bi uda horietako opor txikietan. Arantxaren gurasoek kostaldeko herri batera joateko ohitura zuten eta haiekin astebetez joatera gonbidatu ninduen. Gauero ohe berdinean lo egiten genuen, eta kasualitatez, nire azalak berea igurzten bazuen gorputza pizten zitzaidan. Lokartzen nintzenean ametsek sasi guztien gainetik eramaten ninduten, baita nire buruarekin egiten nituen isilgordekako masturbazio jolasetan ere. Baina nire buruari hezur-haragizko errealitate hori ukatzen nion. Nola izango nuen nik ba desira lagun horrekiko? Ez al nuen nik Alberto maite? Nola esango nion? Zertarako? Zer esplikatuko nieke gurasoei? Tortillera nintzela? Falta zena! Ez, ez, ni heterosexuala nintzen, mutil batekin maiteminduta nengoen eta bera izango zen “heriotza”-k banatu arte nire maitale bakarra eta nire seme-alaben aita.
Familian, eskolan eta katekesian ondo irakatsi zidaten doktrina horretan, gertuko eremuetan ez nuen LTGBIQ+ pertsonarik ezagutzen eta konfiantzazko pertsonen ahotik entzuten nuen bakarra “pertsona horiekiko” mespretxua eta iraintzeko hitzak ziren. Gu-aren barruan egoteko, beharrezkoa zen “haietako” bat nintzela ez nabaritzea. Nahita ezkutatu zidaten gure familian bazeudela pertsonak beste modu batez harremantzera ausartu zirenak. Zoritxarrez, genealogia horren behar handian nengoenerako biak hilda zeuden.
Ez al nuen nik Alberto maite? Nola esango nion? Zertarako? Zer esplikatuko nieke gurasoei? 'Tortillera' nintzela? Falta zena!
Eskolako lagunarekin sentitu nuena ez zen nerabezaroaren gauza igarokorra eta, unibertsitatera joateko garaia iritsi zenean, armairuaren ateak irekitzen hasteko –armairuak ez direlako askotan egun batetik bestera suntsitzen– indarra eta jauzi horretan lagundu zidaten erreferente zein bidelagunekin topatzeko aukera iritsi zen. Garai hartan bizitzak oparitu zizkidan adiskide berriak, konplizitate eta intimitateko aliatuak, irakurketak, genero, klasea eta arrazaren arteko bidegurutzeak eta ezagutzen nuen arauak barnebildu ezin zituen harreman ereduak.
Geroztik urteak pasa dira egunerokotasunean barneratutako lesbofobiari eta kanpotik datorrenari aurre egiten. Amorrutik, desiratik, kontzientziatik, ekintza zuzenetik eta elkartasunetik. Ez da egun bat pasatu lesbofobia zantzurik bizi ez dudanik. Sotilagoak edo gogorragoak, den-denak mezu berdinarekin: ez zara izan behar den modukoa, tokiz kanpo zaude.
Geroztik urteak pasa dira zizailak zorrozten, giltzarrapoak eta hesiak mozten. Bizipozetik, gorputz-gogoaren grinetatik, goxotasun erradikaletik eta gu-aren eraikuntzatik. Ez da egun bat pasatu bihotzetan daramagun mundu berri horren laginik esperimentatu ez dudanik. Erradikalagoak edo erreformistagoak, gure kontraesanekin, den- denak norabide berdinean: bagara, bagaude, bagoaz!