Afganistango 40 urteko gerra amaiezinak 10 eguneko bake aldi bitxia ezagutu du ekainean Ramadanaren bukaera ospatzearekin. Tartean, bakearen aldeko mobilizazio deigarriak ikusi dira, txikiak izan arren esanguratsuak. Adiskidetze irudi hunkigarriak gertatu dira herrietan. 1978tik hona ia bi milioi herritarren heriotza eta bost milioi gehiagoren ihesa ekarri duen gerrarekin nekatuta daude jendeak, bakea eskatuz karriketan manifestatzera arriskatzeraino.
Common Dreams hedabide aurrerazaleak zabaldu zuen ekainaren 11n: “Bakea nahi dugu: oinezko ibilaldi bat doa Kabulerantz gerra eta okupazioa salatuz. (...) Gerra amai dadila eskatzeko, dozenaka afganiar ari dira oinez egiten Helmand hiritik Kabulera dauden 650 kilometroak”.
Denak gizonezkoak, gazteenak 17 urte, 60tik gorakoak asko, ibiltarien artean baziren baserritarrak, militar erretiratuak, unibertsitateko ikasleren bat, irakasleak, kaletar ofizio ezberdinetakoak... Batzuk gerrak gogor zauritutakoak: poeta dela dioen batek oraindik petxuan darama tiroka sartu zizkioten lau baletako bat, mekaniko izandako bat gerrak itsu utzi zuen, bazen gaizki artatutako poliomielitisagatik makuluak behar dituen bat ere. Zaher Ahmad Zindanik, bide bazterreko bonba batek itsutu zuenak, dio kazetariari: “Nekatuta gaude odoluste honetaz”.
Martxoan hasi zen protesta Helmand probintzian. 23an, ostirala eta jai eguna, Lashkar Gah hiriburuan suizida batek jende artean leherrarazitako bonbak 14 hildako –tartean haur mordoxka– eragin zituenean, zenbait militantek triskantzaren lekuan eserialdia antolatuz erreakzionatu zuten. Mujib Mashal eta Taimoor Shah kazetariek idatzi zuten New York Times-entzako kronikan: “Beren haserre eta tristuraren erdian, ez zuten mendekua eskatu baina bakea”.
Ondoko egunetan biktimen guraso asko hurbildu zen Lashkar Gahko plaza hartan ekintzaileen oihalezko etxolara, beren penak kontatu eta protestan ari zirenei atxikimendua adieraztera. Ekintzaileek bakearen aldeko ibilaldia hasteko asmoa zabaldu zutenean, Helmand probintzia gehiena kontrolatzen duten talibanek ez abiatzeko agindu zieten. Mugitu ezinean, gose grebari ekin zioten orduan, Taliban aginteari bezala Kabuleko gobernuari eskatzeko su-eten bat, denik eta laburrena izanda ere. “Ez dugu asko eskatzen: bi eguneko su-etena”.
Hilabete eta erdi geroago, maiatzarekin bederatzi lagun partitu ziren Lashkar Gahtik oinez Kabulerantzako ibilaldian. Haien izenean Bacha Khan Mawladadek jakinarazi zizkien beren eskariak kazetariei: “Lau gauza eskatzen ditugu. Bat, borrokan ari diren alde guztiek onartu dezatela su-etena Ramadanak dirauen bitartean. Bi, erabaki dezatela zein lekutan hasi bake elkarrizketak. Hiru, adostu dezatela denen arteko gobernu bat. Lau, elkarrekin adostu dezatela atzerriko tropa guztiek Afganistandik alde egiteko data”.
Afganistango albisteak hedatzen dituen Tolo News-en kronikek jarraitu dituzte bakezaleen urratsak. Lau egun behar izan zituzten Helmandeko hiriburutik Kandaharreraino iristeko. Ibiltariek herritarrei deitzen zieten hurbiltzera: “Oker ari baldin bagara, esaiguzue, baina zuzen ari baldin bagara lagundu gure kanpaina aurrera ateratzen”.
Ghazni hirira iritsi zirenerako, bakearen erromesen albisteak zabalduak ziren eta jendetza handiak egin zien ongi etorria, nahiz eta bidean oztopo bat baino gehiago aurkitu inguruetan nagusi diren talibanen aldetik. “Baina elkarrekin hizketan hasita, berehala ohartu ginen haiek ere gerraz nazkatuta daudela”. Wardak probintzian ere jende asko hurbildu zitzaien. Ordurako dozena batzuk izatera iritsiak ziren ibiltariak. Tartean zeramaten Nek Mohammad 75 urteko aitona ere, bere familia Ghazniknlagata.
Emakumeak irten dira Jalalabaden
Ekainaren 18an, ehunka konta zitezkeen Kabul hiriburuko karrikak bake aldarrikapenak eginez zeharkatu zuten ibiltariak. Hala bukatu zuten 650 kilometro oinezko bidaia, udaberriko bero galdatan eta gehienik Ramadan betean egina, esan nahi baita, goizeko 06:00etatik iluntzeko 21:00etara ez janik eta ez urik hartu barik. Hala ere, egunean 20-25 kilometro aurreratu beharra zeukaten garaiz iristeko.
Amaierako argazkietan ibiltariak leher eginda ageri dira, oinak zaurituta, batzuei hidratatzeko sueroa jarri behar izan zieten. Hala eta guztiz ere, bide osoa burutu duen ekintzailetako batek, medikuntza ikasten ari den Iqbal Khayberrek, merezi izan duela esan die kazetariei: “Ikusi ditut gauzak sekula ikusi gabe neuzkanak. Egon gara jende askorekin bai talibanek eta bai gobernuak kontrolatutako eremuetan eta denak daude gerrarekin nekatuta”.
Sekula edo aspaldi ikusi gabeetako bat izan da ekaineko su-etena bera, Ramadanaren amaiera markatzen duen hiru eguneko Eid al-Fitr festa dela eta Afganistango lehendakari Ashraf Ghanik ekainaren 12tik 20rako eta taliban buruzagiek justu festako hiru egunetarako iragarri zutena. Meniazko egun horietan irudi hunkigarriak ikusi ahal izan omen dira Afganistango bazter guztietan, urte luzez elkar ikusi gabeko senide eta lagunak topo egiten, aspaldi etxetik ihesi joandakoak bisita laburrerako bederen sorlekura itzultzen... Tamalez, treguak ez du segidarik izan, bateko eraso eta besteko atentatuekin ondo nabarmendu dutenez.
Asteotan izan da gertakizun harrigarri gehiago ere, gure begi-belarrietara iritsi ez diren arren. Aipatu bakearen aldeko ibilaldia martxan zebilen egunetan, tregua abian jarri berritan, Jalalabad hirian bi dozena emakume irten ziren kalera bakea eskatzeko manifestazioan: “Dozenaka emakume manifestatu dira Jalalabadeko Mukhaabrat plazatik Pashtunistan plaza artean ekainaren 13an, iftar [Ramadan egunetan baraualdia bukatzeko ordua] ondoren, talibanei eskatzeko beraiek ere aldarrikatu dezatela su-etena”. Asia Times-ek bildu zituen bere kronikan neska eta andrazkoek paperetan zeramatzaten mezuak: “Urteak daramatzagu gerran eta aski da”, “Borroka honek ez digu ezer onik ekarri, soilik hilketak, zaurituak eta ezinduak gure haur eta senideen artean”...
2018ko lehen hiru hilabeteetan gutxienez 2.200 zibil hil ziren edo gobernuaren aldeko tropen edo matxinoen erasoz. Afganistandik NATOko militar gehienak 2015ean erretiratu ziren arren, AEBek ez dituzte erasoak inoiz amaitu eta, hori gutxi balitz, Donald Trump lehendakariak agintea hartu bezain fite adierazi zuen berriro indartuko zuela militar yankien presentzia herrialdean. Gerra amaitzeko esperantza gutxi.
Kathy Kelly militante bakezaleak adierazi berri duenez, AEBk interes handia daukate Indu Kush mendien lurpean pilatutako metaletan, Kabul inguruan kobrea ematen duen Mes Aynak meategi erraldoian bezala. Horiek ustiatzeak, ordea, are larriago bihurtzen du klima aldaketak han urritu duen uraren eskasia. Gerra, lanik eza, soroen agortzea... Afganistango herritarren %60 dira 35 urte baino gazteagoak. Atzerrira joango lirateke, baina nora joanik ez dute. Europan amets egitea alferrik dute.