argia.eus
INPRIMATU
Guardasolen eta parasolen azpian
Edu Zelaieta Anta 2018ko ekainaren 26a

Luze joan dira negua eta udaberria. Aspaldi ez bezalako eguraldi bustia izan dugu aurten. Elurra, kazkabarra eta euria maiz izan ditugu bisitari; ohi baino maizago, alegia. Jendearen komentarioek horren berri ematen dute, bai eta meteorologia-agentziek bildutako datuek ere.

Udaren hasieran gaude orain eta, batzuek iragarri dutenez, estreinatu berri dugun sasoia ere ildo bertsutik joanen da. Ostalaritzaren sektorea ez omen dago sobera kontent; bai, ordea, parasolak edo guardasolak saltzen dituzten denden jabeak. Izan ere, gauza jakina da: inoiz ez du euria egiten denen gusturako.

Ipar Euskal Herriko “parasola” eta Hego Euskal Herriko “guardasol” hitzak herrikoitzat (herr.) eta lagunartekotzat (lgart.) ditu Euskaltzaindiak, hurrenez hurren. Alde horretatik, irakurketa antropologiko bitxia egin dit ondoko lagunak: “(lehengo) euskaldunek, euritik babesteko tresna izendatzeko orduan, eguzkiari egin izan diote erreferentzia, eta ez, inguruko hizkuntza erromanikoetan bezala, euriari”.

Eguzki orduak ausarki biltzen dituen herria izatea tira, baina ez izaki gure kasua, dudak eraso dit: uste baino kontu zaharragoa ote da klima-aldaketa?