argia.eus
INPRIMATU
Bankuek Sánchezi xantaia, pentsioengatik
  • Pentsio publikoen jasangarritasuna, krisi eta hazkunde garaietan izan behar duten eguneraketa, pentsionisten duintasuna, beren aldarrikapenak egiteko erakutsi duten ausardia eta irmotasuna...

Juan Mari Arregi 2018ko ekainaren 27a

Gobernuen mahai gainean eta eztabaida publikoan dauden gaiak dira. Pentsionisten mugimenduak eragin du hori, bereziki Euskal Herrian, hobekuntzak agindu dizkieten arren denboran eutsi egin baitiete mobilizazioei, euren ustez ez direlako nahikoak. Joan den astean Espainiako Senaturaino joan dira euren aldarrikapenak politikariei eramatera.

Pentsionisten helburuak gertutik jarraitzen dituzte multinazionalek eta banku handiek, pentsioen defizitaren arazoa konpontzeko zerga berezia ezarri nahi baitiete. Bankuek, BBVAren kontseilari delegatuaren ahotik, mehatxua eta xantaia egin dio Pedro Sánchezen Gobernuari zerga hori ez dezan onartu. “Akatsa” litzatekeela dio eta “kredituaren garestitzea” ekarriko lukeela. Bankuek, multinazionalek bezala, ez dute euren etekin pilaketa ukitzerik nahi, ezta akziodunek jasotzen dituzten dibidendu ederrak ere. Horregatik egiten dute mehatxu, zergak euren bezeroei eragingo diela esanez. Gobernuari xantaia egiteko modua da.

Sánchezen Gobernua ahula da jaio zenetik, baina ez luke xantaia horren aurrean amore eman behar eta tinko eutsi beharko lioke pultsuari, behingoagatik enpresa eta banku handiek jar dezaten euren irabazi milioidunetatik zati oso txikia litzatekeena. Aurrera, beraz, pentsioen defizitari irtenbidea emateko zerga horiekin. Lortzeko, pentsionisten babesa izango luke, eta horren ondorioz, espainiar parlamentuaren zati handi baten babesa ere bai, Moncloara hala iritsi baitzen.