Disko ederra egin du Voltaia taldeak. Punk stoner rock zurrunbilo bat da, sekulako energia erauntsia. Erritmoak biziak eta jostalariak dira, kanta hastearekin batera eramaten gaituzte, eta soinua oso indartsua da, bateriaren eta baxuaren erritmo oinarri sendoaren gainean gitarraren riffekin eta marrazkien ederki osatua.
Halaber, aipagarriak dira ahotsak eta harmoniak, melodia politak sortu dituzte, eta gainerako ñabardurak, xehetasunak eta moldaketak arreta handiz gauzatu dituzte. Oso ekoizpen lan ona egin dute, azken batean.
Hasieratik rock gogorra jo izan dute, 70eko hamarkadako hard rockaren eraginak nabari zaizkie, lan honetan ere bai, baina beren doinua ez da lehen bezain gogorra. Bilakaera bat izan dute eta orain melodiak nabarmenago sumatzen dira.
Harremanak, desioak, izatea, bizitzaren zentzua eta arazo sozialei buruz mintzo dira kantetan, gordin: “Infernu honetan zerua ez da ikusten” (Zure bila), “Deabruaren hirian biztanle bihurtu gara” (Dekadentzi ritmiko), “Ez dakigu non ezkutatu, bizitzeko gogoz” (Bizi gogoak), “Aurrera ezin eginik zentzuak ditugu minduta, jarraitu ezinik” (Odisea), “Bizitza hautsi zitzaigun, mila zatitan apurtu, berriz erortzen banaiz heldu nazazu” (Erortzen).
Voltaia taldea Zumaiakoa da, 2014an sortu zen, eta lau urtean hiru disko kaleratu ditu. Oso ibilbide emankorra egiten ari dira, diskoez gain jendaurreko emanaldi ugari egin baitituzte denbora honetan.
Unai Eizagirre (ahotsa eta baxua), Ion Brakamonte (gitarra) eta Pablo Sanchez (bateria) dira orain taldeko partaideak, Jon Duran bateria jotzaileak 2017ko otsailean taldea utzi eta Pablo Sanchez hasi baitzen taldean jotzen.
Disko berria aurtengo otsailean kaleratu eta han eta hemen jotzen ari dira. Aurten emanaldi ugari egin dituzte, eta oraindik egingo dituztenak. Besteak beste, uztailaren 6an Oviedon (Asturias), uztailaren 7an Lugon (Galizian), uztailaren 29an Donostian, irailaren 1ean Irunen, irailaren 7an Legorretan eta urriaren 6an Orion.