argia.eus
INPRIMATU
Maria Luisa Fernandez
Eskulturak irri dagi
Xabier Gantzarain @gantzarain 2018ko uztailaren 04a
Materia Minimoa (III). 2011-2018. Egurra eta olioa. 185 x 12 x 12 cm.
Materia Minimoa (III). 2011-2018. Egurra eta olioa. 185 x 12 x 12 cm.

CVA kolektiboa sortu zuen Juan Luis Morazarekin 1979an, eta 1985era arte jardun zuten lanean. Arte kontzeptuala eta kritika instituzionala lantzen zituzten, ironia baliatuz, beti ere autoritatearen kontra. Euskal Eskultura Berria deitu zitzaion hartan sartu izan dute arte historialariek. 1985ean Gure Artea saria irabazi zuen eskultura alorrean. Erakusketa asko egin zuen hurrengo urteetan.

Baina gero, urte askoan ezkutuan bezala egon zen Maria Luisa Fernandez Olivera (Villarejo de Orbigo, 1955eko urriaren 24a), ez zen ageri arte munduan. Irakasle aritzeak artista irentsi zuela zirudien. Baina ez zen hala. Beatriz Herraez komisarioaren eskutik agertu zen berriro, indartsu, artearen plazara, 2015ean Bilboko Azkuna Zentroan jarritako Je je… ilargia erakusketarekin. Atzera begirakoa zen, aurrera egiteko behar zuena. Komisarioak egindako elkarrizketan ederki argitzen zuen kontua artistak: “Pentsamenduaren eraikitzean batek egiten duena bezain inportantea da egiten ez duena. Gelditzea aukera bikaina da, aberastu egiten zaitu. Garai bateko pasio bera daukat, eta aldi berean orduan ez neukan lasaitasuna, hobeto ulertzeko. Ilusioa daukat, gogoa daukat, eta espazio on bat, zer gehiago eska dezaket?”.

Pasioa eta ilusioa ez zaizkio itzali, Madrileko Maisterravalbuena galerian dauka erakusketa oraintxe, uztailaren 18ra arte, izenburu honekin: 7,608,766,433 + –. Munduan bizi garen pertsona kopurua da, gutxi gorabehera. Beti izan du abilezia berezia izenburuak jartzeko orduan, jostaria da, umorea baliatzen du, esaera zaharrak, ikuslea bere munduan sartzen asmatzen du. Eta bere mundua eskultura da. Materia, koloreak, formak, mundua zertaz egina den galdetzen dutenak.

Eta gizakia, dena hondatzen ari den espezie hori, zer den.