argia.eus
INPRIMATU
Berpiztu Agrokultura proiektua
Permakultura baratzea Gatikan, hiriari jaten emateko
Garazi Zabaleta 2018ko ekainaren 21
Argazkia: Berpiztu Agrokultura.
Argazkia: Berpiztu Agrokultura.Argazkia: Berpiztu Agrokultura.

“Bilboko gaztea izanik, sumatzen nuen hiriko gizartea ez dagoela nekazaritzarekin konektatuta”. Horrela azaldu du Kepa Añibarro Zoritak nondik sortu zitzaion ingurumenarekiko eta lurrarekiko interesa. Ingurumen-kimikako eta Paisajismo eta Landa-Ingurumeneko ikasketak egin ondoren argi zuen nekazaritzarekin edo paisajismoarekin lotutako zerbaitetan egin nahi zuela lan. Non eta nola zen galdera. Iaz zalantzetatik atera eta proiektu berriari ekin zion: Berpiztu Agrokultura.

Mungiatik Gatikara

Mungiako lursail batean jarri zuen iaz proiektua martxan Añibarrok. “Elikagai osasuntsuak ekoiztu eta Km0 filosofia oinarritzat hartuta tokiko produktuak hirigunera hurbiltzea zen asmoa”, dio. Mungiako lur eremuak, ordea, ez zuen irisgarritasun eta urerako sarbide egokirik, eta horregatik erabaki zuen lekuz mugitzea. Aurtengo sasoiari Gatikako lursailean ekin dio Berpiztu Agrokulturak.

Bereziki permakulturan dago jantzia Añibarro. Iaz teoriatik praktikarako jauzia eman bazuten ere, hura froga moduko zerbait izan zela onartu du. Aurten jada proiektuak forma hartu duela dio. “Tokiko barietateak lantzen ditugu Gatikako lursailean, genetikoki eraldatu gabeak eta pestizida nahiz kimikorik erabili gabe”. Lurra aberasteko eurek egindako ongarria darabilte, termi-konpostera bidez lortutakoa esaterako. Aste gutxi barru jasoko dituzte Gatikako lursaileko lehen produktuak, hiriko hainbat jatetxetara eta bi banaketa puntuetara zabaltzeko.

Ekoizpenaz gain, heziketa eta aholkularitza

Berpiztu Agrokultura proiektuan, heziketara begirako ekimenak antolatzeko lanean ere badabiltza eta etorkizunean ildo hori jorratzea da euren asmoetako bat. Haurrekin, adineko jendearekin edota gaixotasunak dituzten pertsonekin aisialdiko ekimenak eta formazio tailerrak egitea dute asmo, besteak beste. “Baratzeak badu bere alde terapeutikoa eta medizinala”, dio Añibarrok.

Norbanako nahiz elkarteentzako aholkularitza lanak ere egiten dituzte Berpiztu Agrokulturan. Hiri baratzeak sortzen eta diseinatzen laguntzen dute. “Erabilpenik gabeko espazioei bizia ematen diegu”.