argia.eus
INPRIMATU
Sinesmen baten aitortza
Irati Elorrieta 2018ko ekainaren 13a
Antton Olariaga

Konfesiorik ez badut, jainkoren batean sinesten ez badut, zertan sinesten dudan galdetu zidaten azkenengo aldian, hirugarren lekuan esan nuen istorioetan sinesten dudala. Ipuinetan sinesten nuela esatea bezala izan zen. Inguruan eserita nuen epaimahaiak erantzun hori azaltzeko eskatu zidan. Istorioetan sinetsiko ez banu, ezingo nuke idatzi, esan nien, eta seguruenez, ez nuke irakurriko. Gauza batzuk, esaten ditugun arte, ez dakizkigu. Bueno, jakin bai, baina beste modu batean.

Egia lotsarik gabe esateko, istorioekin dudan harremanik gabe, mundua toki hotzagoa litzateke, bakartiagoa. Irakurtzean –eta idaztean– testua ni naiz. Edo ni naiz testua. Bat egiten dugu barruan. Ez dut lotsatu behar, jende askori gertatzen zaio eta, gainera, zientifikoki frogatuta omen dago. 2009an garuneko eskanerren bidez ikertu zuten zer gertatzen den jendearen buruan fikzioa irakurtzen dutenean: irakurleek mentalki simulatzen dute narrazioan topatzen duten gertaera bakoitza. Testutik hartzen duguna gure esperientzietan integratzen dugu. Garunean gertatzen diren prozesuak zeintzuk izan daitezkeen irudikatu dezakegu, baina “frogatu” egiten dutenean, aho zabalik geratzen naiz.

Gure oroitzapenak burmuinean idatzita ditugun istorioak dira. Uste dut hau ere frogatuta dagoela. Iraganarekin egin dezakegun bakarra da: kontatzea. Kontatzen dugun bakoitzean zentzu bat ematen diogu. Zentzu hori aldatuz edo zuzenduz joan gaitezke beharren arabera, informazio berrien arabera, ausardiaren arabera... Memoria historikoarekin egiten dena, memoria pertsonalekin ere egiten dugu. Liburuetan irakurritako istorioak prozesu horietan sartzen dira. Irakurketa batzuek terapia sesio baten eragina izan dezakete.

Gozamena ahalbidetzen duen irakurketa trebatu egiten den zerbait dela uste dut. Badu magia dosi bat, noski. Testuko mundua eta barruko munduaren elkarketa, talka, “gertatu” egiten da. Baina gertatzeko, irakurtzen harrapatu behar zaitu. Behin bizi izan duenak behin eta berriro bilatuko du. Bolada batez irakurtzeari uzten dionak ere, gehienetan “itzulera” bat bizitzen du aurrerago.

Irakurketan trebatzen eta murgiltzen ari den seme bat dut. Ez ditu liburuak orain deskubritu, baina fase berri batean sartzen ari da, bat-batean maitemindu egin balitz bezala. Zoragarria da kanpotik ikustea, ikusi ez, baina sumatu dezakedan zerbait gertatzen ari zaio. Ez da kontraesana. Bere barruan zer gertatzen den ezin dut ikusi, baina ikusten dut bere aurpegia: burua beste leku batean duelako, gorputzaren presentziaren eta absentzia mentalaren arteko tentsioa ikusgarri egiten duen aurpegia. Interesatzen zaion zerbait aurkitu du. Tamalez, ez da gertatu nik proposatutako liburu batekin, aitak ekarri dizkion Dragoi Bolaren komikiak izan dira giltzarria. Baina berdin dio. Gustua hartzen badio, eroriko zaizkio eskuetan beste gauza batzuk ere.  

Umetako bizipenek markatzen gaituzten bezala, umetako irakurketek ere markatzen gaituzte. Gure barruko eraikuntzaren materialak dira biak ala biak. Beste batzuen bizitzetan, jokatzeko moduetan, pentsamenduetan sartzen uzten digute fikziozko istorioek. Eta sinesten dudana da, horrek prestatu egiten gaituela gu geu eta gure ingurukoak hobeto ulertzeko, munduarekiko jakin-mina izateko. Irakurtzen duen orok dakien zerbait da hau. Zergatik esan orduan? Aski da irakurtzen dugunean zer egiten ari garen kontuan izatea.