argia.eus
INPRIMATU
Hitz emandakoa konplitu dezatela
  • Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidente berriak bere ibilaldia hasi du Mariano Rajoyk ezarritako Estatuko Aurrekontu Orokorrek lotuta.

Juan Mari Arregi 2018ko ekainaren 13a

Uda ondorenean, baina, 2019koak aurkeztu beharko ditu. Horregatik, komeni da duela hilabete aurkeztu zituen plan alternatiboak gogoraraztea, gastu sozial eta zerga gehiagoko Estatua batean oinarrituak.

Gastu publikoa 8.000 milioi eurotan handituko dute egitura produktiboa modernizatu eta hazkunde ekonomikoaren etekinak hobeto banatzeko. Beste 5.500 milioi euro bideratu nahi dituzte krisiak eragindakoentzako. 2.400 milioi pobrezia borrokatzeko planerako eta 1.200 milioi epe luzean langabezian daudenak babesteko. Gastu sozialaren gehikuntza hori ordaintzeko, sozialisten plana zergak igotzea da, neurri berean. Multinazionalei eragingo lieke gehien, Sozietateen Zerga igo eta 4.000 milioi eurorekin. Bankuei ere zerga jarriko liekete eta horren bidez beste 1.000 milioi euro lortuko lituzkete pentsio publikoak ordaintzeko. Urtean 150.000 euro baino gehiago irabazten dutenek PFEZean ere igoera nabarituko lukete. Horrez gain, bikoiztutako egiturak ezabatuz eta hornigaien erosketetan hobekuntzak eginez 2.500 milioi euro aurreztuko lituzke gobernu berriak.

Beraz, konplitu dezatela orain hitz emandakoa. Espainiako presidente berriak ez du erraz izango. Ez soilik oposizio politikoagatik –batez ere mendeku gosez dabilen PPren partetik–, enpresek, multinazionalek eta bankuek jadanik erreakzionatu dute. Ez dute erreforma laborala eta antzekoak bertan behera uzterik nahi, euren interesei onura besterik ez baitie ekarri. Ez dute zerga gehiago nahi. Zentsura mozioa babestu zuten alderdiek, salbuespenenak salbuespen, seguruenik plan alternatibo horiek onartuko lituzkete. Baita, jakina, Espainiako Estatuko herritarren gehiengoak ere.