argia.eus
INPRIMATU
Pilota kontuak
Leire Narbaiza Arizmendi @txargain 2018ko ekainaren 05a

Parkean nago, umezain. Zanbuluak daude, eta espazio huts bat. Inguruko pretilean jarri naiz. Badaroat tartetxo bat, eta mutiko batzuk hasi dira futbolean, aurrean. Halako batean, indarrez, pilotak oinean jo nau. Min handirik ez dit egin, baina ume bat altzoan dut, eta beldur naiz ez ote duen beste jaurtiketa batek magaleko umea kolpatuko; izan ere, konturatu naiz porteria bat kokatu dutela, eta ni atearen erdi-erdian nagoela. Agiraka egin diet, eta hamaika urte inguruko mutiko batek, hartzekoekin, esan dit ea ez ote den parkea denona. Nik, baietz, baina gurea ere badela.

Egia esan, espazio gutxi dago kalean horrelako kiroletan jarduteko. Gune bat dagoenean, gainera, enbarazu egiten dute, eta lekuz aldatzera behartzen ditugu, Donostiako Egiako kantxetan lez.

Halere, eremu ez espezifikoetan elkarbizitza gaitza da. Eskoletako jolastokietan ondo dakitenez, futbolak dena okupatzen du, zentralitatea hartu, beste guztiak periferiara baztertu, eta jaun eta jabe bihurtu. Batez ere jaun, baloi erabiltzaileak nagusiki mutilak direlako.

Uste nuen gaztelaniazko por pelotas esamoldeak gizonezkoen anatomiaren zati bati zegokiola. Baina baloien kontuari begiratuta, ez ote dago dena lotuta?