argia.eus
INPRIMATU
Notre-Dame-des-Landes
Jakes Bortayrou 2018ko ekainaren 05

NDDL bezala ezagutua den Nantes aldeko herri txikian 50 urtez aireportu proiektu baten kontrako borroka iragan da, bereziki azken hamarkadan. 2009tik goiti ingurumen eta bertako laborarien defentsari klima aldaketaren problematika gehitu zitzaion, eta oro har, produkzio-modu kapitalistaren erabateko kritika. Hasieran mobilizatu ziren jendarteko eragile desberdinei, beste sektore erradikalago batzuk lotu zitzaizkien proiektua oztopatzeko. Borrokaren dinamikak mikro-jendarte alternatiboa sortu zuen eta ZAD sigla desbideratuz “Antolaketa Gibelatutako Eremuaren” ordez, “Defenditu Beharreko Zonaldea” famatua bihurtu zen, espazio sozio-politikoa bilakatuz.

Jendarmeen erasoak ez ditu soilik barrikadak aurtiki. Jokoz kanpo utzi ditu aireportu proiektuaren kontra mobilizatu ziren hainbat sektorek balizko garaipenaren biharamunerako adostu zituzten helburu eta estrategiak

Pasa den otsailean Estatuak behin-betiko abandonatu zuen proiektua. Baina aldi berean, egoera “normalizatzeko” delibero irmoa hartu zuen. Arrazoiak ez zituen falta. Estatuaren autoritatea baieztatzea, amore ematearen afruntua garbitzeko. Hala berean, Vinci enpresak ordezkatzen duen multinazionalen sistemari desafioa gauzatzen eta alternatiba gogo guztiz irudikatzen hasi zen sinboloa errautsi zuen. Azkenik eskuin nahiz ezkerreko sektore produktibisten orroak isilarazi eta, azken asteetan argi gelditu denez, eremutik joatea onartu zuten, betiere beren lurrak errekuperatu nahi dituzten laborari handien interesak babestuz. Ondorioz, apirilaren 9tik Frantziako Estatuak sekula ikusi ez den operazioa martxan eman du: 2.500 militar mobilizatuak, tanketa, helikoptero, drone, kamioi, pala-mekanikoak; 10.000 granada baino gehiago erabili ditu, mota guztietakoak: flash ball eta negar-eragileak. Hots, 300.000 euro xahutu ditu egunero. Behin-behineko bilana: 300 zauritu, horietako bat larriki, bizileku andana suntsituak, baratze batzuk xehatuak eta pentze franko pozoituak.

Baina jendarmeen erasoak ez ditu soilik barrikadak aurtiki. Jokoz kanpo utzi ditu aireportu proiektuaren kontra mobilizatu ziren hainbat sektorek balizko garaipenaren biharamunerako adostu zituzten helburu eta estrategiak. Sei puntutan laburbildutako plataformak borrokan parte-hartzera etorri biztanle orok bertan egoteko eskubidea defenditzen zuen, besteak beste; baita libratutako lurren erabilera aireportuaren kontrako mugimendutik sortutako erakunde batek definitzea ere. Gaur egun, mugimendua perspektibak berpentsatzera behartua da, tarrapataka eta setio egoeraren presiopean. Estatuaren xantaiari uko egin eta dena galtzeko opzioa ala inposatutako baldintzak onartu esperientzia kolektiboak bermatzeko. Eztabaida beroak baina erresistentzia gogoa bizirik halere!