argia.eus
INPRIMATU
Laugarren industria iraultza hemen dago
  • Barakaldoko BECen joan den astean ospatu den 30. Makina-Erremintaren Biurtekoak –Euskal Herrian giltzarri den sektorea– ohartarazi digu jadanik iristen ari den laugarren industria iraultzaz eta bere eragin sozial eta laboral esanguratsuez.

Juan Mari Arregi 2018ko ekainaren 05a

Atzean geratu dira XIX. mendeko lehen industria iraultzaren ondorioak, hala nola XX. mendean Euskal Herrian jasandako birmoldaketa larri eta basatiak. Industria digitala finkatu egin da eta bere adierazle nagusienetakoa da makina-erreminta.

Baina globalizazio ekonomikoak nolabaiteko dardara sortzen du, Europan roboten lehen lantegia eraiki baitute eta giza-enpleguari ekarriko dion galerari zaion beldurra berpiztu du. Robotikako konpainia garrantzitsuenetako batek, Yaskawa japoniarrak, orain arte Japonian eta Txinan produzitzen zuen, baina orain Europan, zehazki Eslovenian, roboten lantegia irekiko du kontinente horretan hedatzeko asmoz. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen (ELGA) txosten baten arabera, 60 milioi langile robotengatik ordezkatuak izateko arriskuan izango dira datozen urteetan. Manufaktura-industria eta nekazaritza izango dira kaltetuenak.

Beraz, gobernuek ondo begiratu eta planifikatu beharko lukete hezkuntzaren, lan munduaren eta oro har jendartearen etorkizuna, laugarren industria iraultzaren eta robotikaren olatu hori kontuan edukita, milaka enplegu galdu baitaitezke. Ez da zientzia fikzioa. Kapitalismoak bere bidea egiten segitzen du, orain digitala zein robotetan oinarritua, eta etekinak pilatzen segitzeko bere mekanismoek bide bazterrean utziko dituzte beste behin milaka lagun. Hori da gobernuan daudenek euren bizkarrean duten pisua.