argia.eus
INPRIMATU
Ariyo, Antxon
Jose Ignazio Ansorena 2018ko ekainaren 05a

Honen eta antzeko herri abestien indar dramatikoa lehenengoz Manuel Lekuonak aztertu zuen:  

Itsasoa laino dago
Baionako barraraino.
Nik zu zaitut maiteago
arraitxoak beren
umeak baino.


Aurrenik girotzeko irudi bisuala eta zapla mamia. Etena deitzen den teknika. Apaiz hau 1936ko Gerran Lasarteko Brigiden komentuan babestu zen, nazionalek akabatuko zuten beldurrez. Ondoan jaio zen Antxon Mercero urte horretantxe eta, sei hilabeteko haurra zelarik, aita akabatu zioten gerra mendekuan. Antxonen ama maiz hurreratu zen On Manuelengana kontsolamendu eske. Honen iloba, Andoni Unanue Lekuona, izan zen hil arte, Antxonen adiskide minena.

Antxon 1990ean ezagutu nuen, filme batean neuk paper bat betetzea nahi zuelako: Está lloviendo y te quiero. Etenaren teknika izenburuan. Antxonen haur eta gazte garaiak ekartzen zituen gogora, Francoren urterik latzenak, ikuspegi kementsu, errealista eta herrikoitik. Filmea ez zen inoiz errodatu. Mandamasetan inori ez omen zitzaion gustatu haren kuraia librea eta ez zioten inongo laguntzarik eman nahi izan, ez Madriden, ezta Euskal Herrian ere.

Burutu ez zen filme horrek gure adiskidetasuna mamitu zuen. Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen zale porrokatu bihurtu zen eta Madrilgo biloba ugariek –horretan ere emankorra izan baita– euskarazko gure bideoak ikusten zituzten eta buruz ikasten.

La hora de los valientes –zorrotz, umoretsu eta samurra– egin zuenean ere, Espainiako agintariek ez zuten ontzat hartu anarkisten aldeko hautua eta boikot modukoa jasan zuen, filmeak tamainako sariak lortu arren. Berari bihoztun izateko ordua apur bat geroago iritsi zitzaion. Zerbait gertatzen ari zitzaiola konturatuta, Mediterraneoko inmigrazioari buruz –orain hamabost urte!– ilusio handiz prestatzen ari zen filma bazterrean utzi eta Y tú ¿quién eres? Alzheimerrari eskainitakoa ondu zuen. Prestatu bitartean, Espainian barrena jira-buelta handia eman zuen bere lagun ugariak bazkaritara gonbidatuz. Geroago jakin genuen azken agurra zela.

Behin inor agurtzeko Ariyo esaten entzun zidalarik, berehala aipatu zidan: “Amak eta Lasarteko baserritarrek horrela agurtzen zuten, Ariyo. Ez orain zabaldu den Ayo hegamotzez”.

Negu honetan euria izan dugu goitik, behetik eta alboetatik ere. Antxonek buruan geratu zitzaion filman Está lloviendo y te quiero aukeratu zuen izenburu: euskaldunoi esaten zigun hori. Gidoiaren bukaeran borroka armatuaren amaieraren iragarpena zetorren. Kointzidentzia kosmikoa ematen du: ETA desegin da bera hil baino egun gutxi lehenago.

Jada atertu du, baina maite zaitugu. Ariyo, Antxon.