argia.eus
INPRIMATU
Padura Baratza
Gorbeiaren magaleko lurra eta pertsonak aberasten
Garazi Zabaleta 2018ko ekainaren 04a

Duela zazpi urte Zigoitiako (Araba) lursail batean familia proiektua martxan jartzea erabaki zuten Miguel Garcia de Cortazarrek, Ander Arrietak eta Peggi Jonasek: Padura Baratzaren hastapenak ziren, egun mugimendu handiko etxalde agroekologiko bihurtu dena. Eurek ekoitzitako elikagaiak eskaintzeaz gain heziketa lanean dabiltza jo eta su. “Kasik garrantzitsuagoa da guretzat heziketaren alorra”, diote proiektuko kideek.

Kaltetutako lurrari bizia itzultzen

“Lehen urteetan lurrari konposta eta humusa erruz ematen aritu ginen”, diote kideek. Izan ere, etxaldeko inguruak nekazaritzarako erabiliak izan ziren azken 40 urteetan, eta lurrotan pestizida eta herbizida ugari botatzen zituzten aurrekoek. “Hasieran harrituta geunden, belarrik ere ez zelako ateratzen, aurretik erabilitako herbizidek oraindik hor zirautelako”. Barazkiak erein eta jasotzen hasteko lurra mimo handiz tratatu behar izan zutela kontatu dute Padura Baratzako familiakideek.

Zortzi familientzako barazki saskiak osatzen hasi ziren lehen urteetan, baina pixkanaka ekoizpena eta landutako lursailak handitzen joan eta egun 50 familiek jaten dute Padura Baratzako hiru hektarea eta erditik. “Ekoizpen kantitatea handitzeaz gain, barietate geroz eta handiagoa dugu: frutalak ditugu orain, marrubi, masusta gorri eta andere-mahats gunea ere badugu”. Bost kiloko saskiak osatzen dituzte astero familientzat, eta urtebeterako konpromisoa eskatzen diete.

Etxaldea eskola

Agroekologiaren eta bioeraikuntzaren inguruko gaiak ezagutaraztea ere bada Padura Baratzako kideen helburua. Eskoletako gaztetxoentzako bisitak antolatzen dituzte etxaldean, Slow Foodekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan. “Ziklo osoa erakusten diegu gaztetxoei: nola animaliak izatea garrantzitsua den ongarria ematen digutelako, nola intsektuen beharra dugun polinizatzen dutelako…”.

Helduentzako ere antolatzen dituzte ekimenak Zigoitiako etxaldean. Lurrarekin zerikusia duten hamaika tailer eta ikastaro egin dituzte urteotan: kosmetika naturala, sukaldaritza, agroekologia tailerra, okintza… Aurrera begirako asmoez galdetuta, hona erantzuna: “Jada martxan dugunarekin jarraitzea eta hobetzea da asmoa, eta natura bizia duen zerbait bezala tratatzen jarraitzea. Denok dugu ardura honetaz hitz egiteko, jendeari gogorarazteko eta gure bidea aldatzeko”.