argia.eus
INPRIMATU
Murillo el Fruton euskaraz
  • Murillo el Fruto (Nafarroa), 1400 inguruan. Herriko 80 biztanlek, banan-banan, jabetzan zituzten lurren eta horiengatik ordaintzen zituzten uzta zati edo petxen berri eman zuten. Parean Gil López de Sarasa Erriberriko notarioa omen zegoen, murillotarrek esandakoa txukun-txukun jasotzen. Juan Fortuñoren emazte Romeak Legazpean sail bat zeukan eta almute bat ordaintzen zuen horregatik. Trankazarrako sailarengatik, aldiz, lau imina eta almute bat. Baratzezarrekoarengatik, lau almute eta erdi...

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2018ko maiatzaren 31
Murillo El Frutoko hilarri hauek XVI. mendean Andre Mariaren eliza eraiki aurrekoak dira, herrian euskaraz egiten zen garaikoak, beraz.
Murillo El Frutoko hilarri hauek XVI. mendean Andre Mariaren eliza eraiki aurrekoak dira, herrian euskaraz egiten zen garaikoak, beraz.

Datuok letra gotikoz idatzita jaso ziren Pechas de Murillo el Fruto izenburuko liburuxka batean. Herriko udal artxiboan gordeta egon zen luzaroan eta duela mende bat baino gehiago Nafarroako Errege Artxibo Nagusira iritsi zen. Berriki, artxiboko teknikari Maika Munarizek dokumentua Peio J. Monteano historialariari erakutsi zion, eta edukiarekin harrituta, agiria sakon ikertzea erabaki zuten –eta herriz herri dabilen Navarrorum. Euskararen gaineko dokumentu nafarren bi mila urteko ondarea erakusketan ikusgai ipintzea–.

Dokumentuak ez zuen ez datarik ez sinadurarik, baina XV. mendearen hasierakoa zela eta egilea Gil López de Sarasa zela ondorioztatu zuten, garai hartan zeregin horiek Erriberriko notarioari zegozkiolako. Monteano harrituta geratu zen dokumentuan bildu zituzten euskal toponimoekin: Aitzurieta, Areatzea, Baratzealzinea, Baratzeberrieta, Baratzebideta, Baratzetako hodia, Buztina, Legazpea, Txorrota, Odia, Uarte, Erteko erregua, Uarteko hodia, Garipentzuko zaldua… Toponimo erromanikoak ere baziren tartean (Malpuent, Parral edo Tranca), gaur egun oraindik erabiltzen direnak. Euskarazko izenak ugariagoak izan arren, ia denak galdu dira.

Monteano berehala Patxi Salaberri euskaltzainarekin jarri zen harremanetan eta hark, azterketa linguistiko sakona egin ondoren, emaitzak Fontes Linguae Vasconum aldizkarian argitaratu zituen. Toponimoez gain, murillotarren zenbait euskarazko goitizen ere jaso zituen Salaberrik: Johan Biperr (1396an herriko alkatea), María Garizu, Per Arceiz Lucea, Salvador Ederra edo García Zalduna.

Historialariek eta hizkuntzalariek euskarazko toponimiarik gordetzen ez duten herrietan Erdi Aroan euskaraz egiten ez zela uste izan dute orain arte. Baina, Monteanoren hitzetan, “Murillo el Frutoko petxen liburuak XVI. mendean Nafarroako Erriberan euskara hizkuntza bizia zela frogatzen du”.