ETAren desegitea denboran oso gertu dugun honetan, gatazka armatuaren ondorioak konpontzeko baldintzei dagokienez eraberritutako eszenatokia estreinatu dugu Euskal Herrian. Zikloa ixtera bidean, baina, badago zer ibili oraindik: preso eta iheslarien etxeratzea eta biktima guztien aitortza eta erreparazioa zintzilik dauden egitekoak dira oraindik orain.
Are gehiago, azken aspektu horri dagokionez, lanak biderkatzen ari zaizkigu. Izan ere, indarkeria jakin baten intentsitatea jaisten doan heinean jendartea sostengatzen duten beste indarkeria batzuk azaleratzen ari dira, Emaginek 2016ko Eskola Feministan ohartarazi bezala. Euskal Herriko gatazka politikoaren baitan emandako indarkeria sexuala, biderkatzen ari zaigun lan horren adibide garbia dugu.
Guda testuinguruetan emakumeen gorputzak gerra-arma bezala erabiltzeko joera historian zehar han eta hemen errepikatua izan da. Hasi Kolonbiatik eta Bosnia-Herzegovinaraino, Txile, Irlanda eta beste hainbeste herrialde tartean hartuta. Emakumeen kontrako indarkeria sexualaren erabilpena etsaiaren kontrako arma boteretsuenetarikoa izan da gatazka testuinguruetan, eta Euskal Herria ez da inolako salbuespena. Esparru eta forma ezberdinetan, espetxe barruko bortxaketetatik kalekoetara, emakumeenganako indarkeria sexuala hor egon da uneoro. Honako honetan, biktima guztien aitortza ardatz, historiaren kontakizunak orokorrean bazterrean mantendu dituen zenbait eraso ekarriko ditugu erdigunera, denak emakumeek pairatutakoak eta elkarrekin lotura dutenak.
Ana Tere Barrueta eta Mari Jose Bravoren izenak lagundu gaitzakete erasook kokatzen, erasoon biktima mortalak baititugu biak. Ana Tere 19 urte zituela bortxatu eta hil zuten GAE (Grupos Armados Españoles) talde parapolizialeko zenbait kidek Loiun. Mari Jose aldiz, 16 urterekin bortxatu eta hil zuten Donostian BVEeko (Batallon Vasco Español) kideek, bikotekidea ere larriki zaurituz, jipoiak eragindako kalteen ondorioz zortzi urte beranduago hil zela. 1977-1980. urteen artean modus operandi berberarekin burututako aldarrikapen politikodun bortxaketa multzo baten biktima tragikoenak ditugu Barrueta eta Bravo, gainontzeko emakume bortxatuak bezala Barne Ministerioko biktimen zerrenda ofizialetik kanpo geratu direnak. Kasuok, talde parapolizialek burututako hilketa gehienak bezala, ez dute ez sumariorik ez epairik izan, eta erasotzaile zein hiltzaileak zigorgabe atera dira.
Foro Sozialak Euskal Herriko gatazkak utzi dituen argitu gabeko kasuen gainean egindako informearen lehen zatian, zeina heriotzan amaitu diren kasuetara mugatu den, gatazkaren biktima gisa aitortuak izan dira Barrueta eta Bravo. Pausu bat harago, Argituz giza eskubideen aldeko elkarteak argitaratutako informe batean lehen aldiz eta ofizialki aitortzen dira Euskal Herrian emakumeen kontra emandako aldarrikapen politikodun erasoak. Elkarte honek luzatutako datuen arabera, eskuin muturreko talde parapolizialek burututako motibazio politikodun bortxaketak hamalau izan ziren – aipatu bi kasuetan biktimaren heriotza eraginez– eta oraindik hainbat kasu daude zehazteke.
Erasoak egikaritzerakoan erabilitako modus operandia berbera izateagatik eta epe-tarte batean intentsitate handiz eman izanagatik batera multzokatuak izan dira eraso hauek. 1977 bukaera aldera eman ziren Iruñean lehen aldarrikapen politikodun bortxaketak, 1979 amaiera aldera hasi ziren ematen Bizkaia eta Gipuzkoan, azken lurralde honetan Pasaia eta Irun artean kokatu ziren gehiengoak. Kontzientzia politikoa indartsu zegoen herrietan burutu ziren erasoak, aurretiaz eta estrategikoki pentsatuta zeuden adierazle. Eraso guztietan bi erasotzaile edo gehiagok parte hartzen zuten, biktima gazteak aukeratzen zituzten, armatuta eta autoaz ageri ziren, biktimak galdekatu ostean bortxatzen zituzten eta gero bortxaketak politikoki erreibindikatu, gehiago emango zirela mehatxu eginez. Jarduteko moduaren azken puntua mehatxua izateak agerian uzten du, Argituz-ek azaltzen duen moduan, eraso hauekin biktimetatik harago “euskal nazionalismoarekiko sentikortasuna edo ezarritakoaren aurrean errebeldia partekatzen zuten jendarteko segmentu ezberdinetan ere terrorea eragitea” zutela helburu. Xede horrekin eta historian beste behin, emakumeak gerra-arma modura erabiltzearen teknika klasikoaren aldeko apustua egin zuten.
Begoña Aretxaga antropologoak bere azterketekin iradoki zuenez, “gorputzean eta gorputzetik egikaritutako biolentzia politikoak ezin dio ihes egin sexu ezberdintasunaren esanahiari”. Gatazka politikoek generoa dute, alegia. Ideia hori azpimarratzen du, Euskal Herriko kasua testuinguru gisa, biolentzia politikoak eta generoa elkar gurutzatzen diren puntua ikertzen aritua den Olatz Dañobeitiak. Honen ikerketan irakurri dezakegu, pertsonak jazartzeko hauek gizarte-harremanetan daukaten mendeko kokapena erabiltzen dela gatazka politiko testuinguruetan ere. Eta generoa gizarte egituratzaile nagusietakoa izanik, aspektu esanguratsua bilakatzen dela gatazka egoeretan alde bat jazarri nahi denean.
BEGOÑA ARETXAGA:
“Gorputzean eta
gorputzetik egikaritutako
biolentzia politikoak
ezin dio ihes egin sexu
ezberdintasunaren
esanahiari”
“Jazarria den gorputz zehatz eta partikular baten aurkako erasoak berau gainditzen duen gorputz sozial osoarengan edo komunitate zehatz batengan beldurra eragitea bilatzen duela ondorioztatu genezake”, azaltzen du Dañobeitiak. Emakume kondizioak gizon kondizioarekiko daukan mendeko posizioaz baliatuta emakumeak gerra-arma modura erabili eta bortxatzen direnean, beraz, larderia eta mehatxuaren bitartez komunitate edo pertsona talde baten obedientzia bilatzen ari da erasotzailea.
Beldurraren eraikuntza sozialaren erabilpenaz egiten dugu topo puntu honetan. Beldurra izatez biziraupenerako eta autodefentsarako oinarrizko emozioa izan arren, horren eraikuntza sozialak obedientzia bilatzen du. Mehatxua edo arriskua eragin dezaketen gauzak pertsona bakoitzaren –klase, arraza, ideologia, adin, genero edo sexu– kondizioarekin hertsiki lotuta daudela azpimarratzen du Dañobeitiak, eta sozialki kondizio horien gainean eraikitzen direla beldurrak. Hala bada, emakumeak gerra-arma modura erabiltzearen ondorioz generoaren gainean eraikitako bortxaketari beldurrak ideia, balore zein praktika komun batzuk elkarbanatzen zituen komunitate edo talde oso baten obedientzia eta desmobilizazioa bilatzen zituela ondorioztatu genezake.
Gerra egiteko arma erabilgarri moduan jo puntuan jartzen zena emakumeen gorputza izanik, komunitate guztiari eragitea bilatzen zuen bortxaketaren mehatxuak inpaktu bortitzagoa zuen emakumeengan. Paralizazioaren aurrean beldurra mobilizaziorako erregai bezala erabiltzen asmatu zuten hainbat emakumek ordea, horren adibide argia Oreretan mugimendu feministak bortxaketei emandako erantzun sendoa. Herriko memoria feministaren eraikuntzan lan egiten duen Memorandra taldearen baitan, bortxaketa hauek Oreretan eragin zuten erantzun feministaren kontaketa historikoaren eraikuntzan aritu da Eli Etxabeguren, eta honek “inflexio puntua eta praktikan mugarri potentea” bezala jotzen du gertakariaren aurrean mugimendu feministak emandako erantzuna. Orduko hartan “beldurra gainditu eta hau aliantza, ahizpatasun, emakumeen arteko kohesio, potentzia handiko diskurtso feminista eta borroka bilakatzeko” emakumeek erakutsitako gaitasunak azpimarratu ditu Etxabegurenek.
Gatazka politikoa medio egunero hilketak ematen ziren testuinguru hartan bortxaketei buruzko diskurtso politikoarekin herrian zeuden borroka guztien artean toki bat egitea lan nekeza izan zela kontatu digu Etxabegurenek, talde parapolizialekin eta Espainiako Estatuarekin ez ezik herriko mugimendu sozial eta politiko ezkertiarrekin ere emakume subjektutik borrokatu behar izan zutela azalduz. “Honek herriko mugimendu feministaren ahalduntzea eragin zuen”, egiten du irakurketa. Errenteriko Emakumeen Taldearen izenean sasoi hartan praktikara eramandako ekintzen artean azpimarratzen ditu bortxaketei erantzuna emateko espreski atera zen Garraxi aldizkaria, piketeak, gaua eta kaleak emakumeenak ere badirela aldarrikatzeko gaueko manifestazioa eta 1980ko urtarrilaren 17an bortxaketak salatzeko deitutako greba orokorra.
Paralizazioaren aurrean
beldurra mobilizaziorako
erregai bezala erabiltzen
asmatu zuten hainbat
emakumek ordea, horren
adibide argia Oreretan
mugimendu feministak
bortxaketei emandako
erantzun sendoa.
Memoriaren eraikuntzari berebiziko garrantzia ematen dio Etxabegurenek, bere hitzetan honek ahalbidetzen baitu identitate berriak sortu, aurrerapausoak eman eta mugimendu feminista aktibatzen jarraitzea. Egiten duen sexu erasoen kontaketak musu-huts uzten du emakumeei subjektu pasibo izaera ematen dien biktimizazioa, oso-osoan subjektu aktiboak diren emakumeak bistaratzen baititu. Isabel Piper Shafir psikologoak memoria eraikuntza kulturala eta politikoa dela defendatzen bazuen, hemen horren beste adibide bat: gizonek eta emakumeek kontakizunak gauza ezberdinen gainean eraikitzen dituztela jakinik, gizonezkoen bizipen pertsonal eta ekarpen partikularra orokor bilakatzeko joera androzentrikoaren aurrean emakumezkoen memoria berreskuratzen duen kontakizuna. Emakumeen bizipenetatik eraikitako kontaketa baten faltan, eraso hauen gaineko irakurketa –halakorik egingo balitz– emakumeen biktimizazioan eroriko litzateke seguru asko, gatazka armatuaren baitan emakumeak subjektu pasibotzat joaz beste behin ere, eta honek etorkizuneko emakumeen identitateetan ezinbestean eragingo luke. Memorandrak fin aritu dira ondorengoengana helduko den eragin hori egoki bideratzen.
Memoria lana emakumeen biktimizazio prozesua eten eta hauen agentziaren ukapenari aurre egiteko tresna baliagarria denik ezin ukatu, honek ahalbidetzen baitu gatazkaren irakurketak egiterako momentuan emakumeak ere ahots eta agentzia osoko subjektu aktibo gisa ulertzea. Lan horretan ari dira lerro hauek idazten lagundu duten emakumeak eta beste hainbeste. Emakumeek eraikitako kontakizunak plazaratu eta gaurdaino eraikitako iruditeria azpikoz gora jartzen ez ezik, gailendu izan den historia eta berau idazteko modua ezbaian jartzen ari dira. Berdintasunean oinarritutako herri baten eraikuntzari begira ezinbesteko pausua, soilik komunitate osoaren kontaketa barnebiltzen duen memoriak sortu baitezake etorkizuneko jendarte parekideago bat.