Administrazio publikoan lanean ari diren hainbat laguni antzeko komentarioa aditu izan diet azkenaldi honetan: “Gure zerbitzuak gainezka daude”. Pentsatzekoa da egoera ez dela bera erakunde edota arlo guztietan; nolanahi ere, joera orokor samarra dirudi eta, krisiak utzitako orbain itxi gabeak tarteko, lanez lepo aritzea ohiko errealitate bihurtu zaie hainbat langile publikori. Gainera, kasu frankotan, langile horiek bitartekoak dira, interinoak.
Sindikatuen lelo ezagunak prekarietatea salatzen duen bitartean, langileon kulturak bestelako iruditegi batzuk sortzen ditu maiz. Hartara, etsipena eta onarpena uztartzen dituzten esapideak geure egin ditugu, eta elkarri errepikatzen dizkiogu ia kontrol sozialaren izenean: “Hauxe besterik ez dago”, “saiatu ahal duzuna egiten”, “ez kexatzea hobe”, “zertarako egin greba?”, “ez duzu ezertxo ere lortuko”, eta abar.
Neu ere mantra horien lozorroan nengoela, gizarte langile baten gogoetak ernatu ninduen kolpetik: “Ez dugu lan handiegirik, giza baliabide urriak baizik”. Izan ere, administrazio publikoak jendarte horri dagozkion lanak egin behar ditu berez. Arazoa, ohi bezala, politikan dago: ikuspegian eta kudeaketan.