argia.eus
INPRIMATU
Aretxabaletako tomatea
Herritarrek jakintzak partekatzetik hedatu den fruitua
Garazi Zabaleta 2018ko maiatzaren 25
Marc Badal eta Marta Barba Gassó-k liburua osatzeko eskualdeko ekoizleei elkarrizketak egin dizkiete.
Marc Badal eta Marta Barba Gassó-k liburua osatzeko eskualdeko ekoizleei elkarrizketak egin dizkiete.

“Duela zenbait urte Katalunian bizi nintzenean, jada ezaguna genuen han Aretxabaletako tomatea”. Tomate barietate horren inguruan liburua aurkeztu berri du maiatzean Marc Badal Cristina Enea Fundazioko Haziera proiektuko koordinatzaileak. Azken bi urteetan Marta Barba Gassó ikerlariarekin batera egindako azterketa jaso du Aretxabaletako tomatea. Bioaniztasuna, lurraldea eta jakintza partekatua izeneko lanean. Euskaraz nahiz gaztelaniaz argitaratu dute.

Tomate mozkorraren historia

Aretxabaletako tomatea, tomate arrosa, tomate mozkorra… Hainbat izen ditu fruituak Debagoienan. Egileek tomate barietatearen historian sakondu dute eskualdeko ekoizleekin elkarrizketak eginez eta esperientziak eta kezkak partekatuz. Izan ere, historia nahiko bitxia du Aretxabaletako tomateak: 80ko hamarkadan ekoizle batek haziak landatu eta gustatu egin zitzaion jasotako tomatea. Hura galtzeko beldurrez, leku seguru batean sartzea erabaki eta ekoizpen ekologikoan ziharduen beste baserri bateko kideari eman zizkion tomate haren haziak. Horrela hasi zuen Aretxabaletakoak bere hedapena, eta hurrengo urteetan zabaltzen eta hobetzen joan zen bai eskualdean bertan eta baita handik kanpo ere.

Barietate “famatuaren” bidez kontzientziak pizten

Badalek uste du jendartean orokorrean ez dela hain ezaguna tomate honen historia. Ibilbidean sakonduz herritarren artean kontzientziazioa bultzatzea da egilearen asmoetako bat. “Hazi barietate famatu hauek lagungarriak dira bestelako barietateak zabaldu eta jendeak bioaniztasunaren inguruan hausnartzeko”, zioen Euskadi Irratiko Landaberri saioan egindako elkarrizketan.

Tomatearen beraren ezaugarri bereziak eta kalitatea bazterrean utzi gabe, bere izaera gizarteko sinergiei esker lortu duela da agian Aretxabaletako tomatearen berezitasun nagusia. Herritarrek lurraldea eta jakintzak partekatzeko izan duten esperientziatik hedatu da: “Aretxabaletako tomatea behetik hedatu da, horizontalki, egungo nekazaritza industrialaren markoan hazien produkzioa eta merkaturatzea inguratzen duten botere jokoetatik urrun”.