argia.eus
INPRIMATU
Ardoa, minagre
Jose Inazio Basterretxea 2018ko maiatzaren 22a

Sarako Joanes Etxeberrik, gauzak modu ilunean eta era desegokian azaltzen ibiltzea irudikatzeko, honela idatzi zuen hamazortzigarren mendean: “Arnoa kridatzen dute, eta minagrea saltzen”. Hau da, ardoa aldarrikatu, eta, haren ordez, ozpina eman.

Segitzen du Etxeberrik bere irakurketarekin: “Sugearen propietatea dute (ardo-saltzaile horiek): sugeak xistuz dagoela ausikitzen du”. Hartara, txirulari txerrena, delako suge hori.

Exeberriren narrasti musikaria kiribildu zitzaidan lepora lehengo batean, enkarguak egiten ari nintzela, erosgaien etiketak irakurtzen nenbilenean. “Gure” ardoen jatorri-izendapenak leitzen niharduen: Rioja, Rioja alavesa, Errioxa arabarra, Navarra... Eta horretan, letagin bik heldu zidaten.

Direnak eta ez direnak omen dauzka salgai merkatuak; baina, nik etxekoak nahi etxerako, eta aurkitu ez. “Gure” ardoak ez baitaki euskaraz... Ingeles hutsezko etiketak aurkitu nituen. Gaztelania hutsezkoak. Hizkuntza horien nahasturan oinarritutako elebidun erdaldunak. Baina, euskarazkorik ez.

Edarien etiketetatik informazio baliagarria –anekdotikoa baino, argigarria eta beregaina–euskaraz jaso nahi baldin banuen, txakolina eros nezakeen, sagardoa, garagardoa... baina ardo beltz arabarrik ez, ezta ardo gorri nafarrik ere. Non daude? Ala, ez dago?

Lehiakortasunezko norgehiagokaren barruan, merkatu-esparru jakin bat eskuratu nahi dute “gure” ardogileek. Diotenez, leku propio bat nahi dute, berezia eta bereizia: haien ardoa den lekukoa delako eta egiten den moduan egiten delako. Araba aipatzen dute batzuek, euren autoretzaren giltzarri. Nafarroa beste batzuek. Baigorri.

Araba, Nafarroa... euskara tanta bat etiketaren batzuetan; euskara batere ez etiketa askotan eta askotan. Salbuespenak ba omen dira; baina, salbuespen. Arabako eta Nafarroako ardogile horiek nora begira jarrita dauden ez nuke publikoan esan gurako....

Ekonomia-arrazoi bat da lekukotasunaren errebindikazioa. Logiko, zilegi eta beharrezkoa. Merkatua dute jomugan enpresa txiki eta handi horiek, kutxa erregistratzaileari so bizi baitira. Horretara dator autoretzaren aitortza etiketan atxikitzea. Eskertzekoa da, bestalde, zer nondik datorren azaltzea.

Baina informazio-ohar izateaz gain, etiketak badira, izan, irudi, erakusleiho, seinale, lorratz... ia-ia pasaporte. Nortasun-agiri.

Gauza serioa dira publikoari erakusten zaizkion dokumentuak, administrazioek bermatu behar dituzte bertako adierazpenen egiatasuna eta egokitasuna. Eta euskarak, lekurik ez etiketa, irudi, erakusleiho, seinale, lorratz eta nortasun-agiri horietan... Ardo onak galtzeko eta ozpintzeko lehen urratsa, hortxe.