argia.eus
INPRIMATU
Toki jakinetako gutiziak
Jakoba Errekondo 2018ko maiatzaren 18a
Fiteron zumarraren loreak jateko ohitura dago; entsaladan edo zuzenean zuhaitzetik ahora. Argazkia: Jakoba Errekondo.
Fiteron zumarraren loreak jateko ohitura dago; entsaladan edo zuzenean zuhaitzetik ahora. Argazkia: Jakoba Errekondo.

Boladan dira baso jangarriak; bai, bai, baso jangarriak. “Baso jangarriak” deitzen dira, batez ere elikaduraren aiekatik begiratuta egiten direlako basoaren sorkuntza eta zaintza.

Lehenaz gain, gero eta ohikoagoa da basotik hartutako zerbait jateko baliatzea. Zenbaitek aspaldi-aspaldiko ohiturak eta elikadura ahalik eta zorrotzen berreskuratu nahi dituzte: paleojanaria edo dieta paleolitikoa. Agi danean, garai haietan basoetatik zetorrena da jateko egokiena: animaliak eta landareak.

Hedatuagoa da basora joan eta zenbait elikagai biltzeko ohitura: perretxikoak, boilurrak, zainzuri berdeak eta abar. Sendabelarrekin ere izugarrizko historia dugu, eta, itxura guztien arabera, baita etorkizuna ere. Gero eta maizago ikusten ditut belar horiek lantzeko tailerrak eta ikastaroak egiteko deialdiak. Baita basalandare jangarriak lantzeko ere: zein diren jangarri, zein ez, zein gordinik, zein prestatuta... Ez gara harritzen entsalada baten edo beste edozein jakiren laguntzaile basoko lore edo hostoren bat ekartzen badigute.

Duela gutxi aipatu zidan langun batek, Japonian udazkenean basoan astigarren (Acer spp) hostoak bildu, gatzetan garbitu eta kontserbatu eta gero nola arbaldatuta jaten dituzten. Oso toki jakinetan soilik topa omen daiteke jaki hori.

Udaberriak geurean ekartzen dituen landare batzuen eta besteen puntta berriek nori ez diote ahoa urtu? Oso toki jakinekoa da, Nafarroa hegoaldeko Fiterokoa zumarraren (Ulmus spp) loreak jateko ohitura; entsaladan bezala, zuzenean zuhaitzetik hartu eta ahora. “Txopeta” deitzen dute. Gauza samurragorik!

AEBetan eta Japonian garoen udaberriko hosto berriaren puntta kiribildua jaten da. Japonian ez dakit zein espezietakoak, baina AEBetan estimatuena ostruka garoa da, Matteucia struthiopteris. Salmueran edukita edo egosita, bietara jaten dituzte. Jende gutxiren gutizia, oso toki jakinetan.