Poliziaren gas potoak, jendeak sakabanatzeko arma kimiko hutsak

  • Gerrarako debekatuak baina bake garaiko protestetan huskeria bezala erabiliak, gas negar-eragileek irudikatzen dituzte estatuen bortxa modernoaren kontraesanak. 1920ko hamarkadatik herritarren mobilizazioak zapuzteko prestatuak, gason erabilera fite ugaritu da azken urteotan mundu osoan. Eragin dituzten heriotza, zauri eta kalteen ebaluaziorik ez da ezagutzen. Ordainetan, gero eta negozio handiagoa mugiarazten dute, batik bat krisi handian sartu ginenetik.

‘Liberation’ egunkariak apirilean zabaldutako argazkian, ekintzaile bat Notre-Dame-Des-Landesen lurrun pozoitsuz inguratuta, ZADa desegitera bidalitako poliziek bota dizkieten gas negar-eragilezko potoak berriro haiei teniserako erraketa batekin jaurtitze
‘Liberation’ egunkariak apirilean zabaldutako argazkian, ekintzaile bat Notre-Dame-Des-Landesen lurrun pozoitsuz inguratuta, ZADa desegitera bidalitako poliziek bota dizkieten gas negar-eragilezko potoak berriro haiei teniserako erraketa batekin jaurtitzeko ahaleginean. Gasaren kalteetatik babesteko aurpegian daraman maskarak oroitarazten ditu I. Mundu Gerrako lubakietan soldaduek zeramatzatenekin, pozoia ere berdintsua izaki.

11.000 granada inguru jaurti dizkiete jendarmeek Bretainiako Notre-Dame-Des-Landesen ZAD famatua defenditzen zuten herritarrei, Bertrand Cavallier jeneralak prentsari aitortutako kopurua da. Aste pare batean 11.000 granada, horietatik 10.000 gas negar-eragilea hedatzen dutenak. Su etena heldu denean, ekintzaileek karkasa hutsak itzuli dizkiete agintariei Naoned-Nantesko prefekturaren atarian pila harrigarria osatuz.

Mundua etxeko pantailetatik ikusten duten herritarrei ke horiek hutsalak iruditu arren, arma kimiko arriskutsuak dira, Anna Feigenbaumek oroitarazi duenez “Negar gasa: I. Mundu Gerrako gudu-zelaietatik gaurko kaleetara” liburuan. Hasteko, kontatu digu zer nolako pozoi kimikoak daramatzaten lurrunok.

Batzuek CS gasa daukate, klorobenzilideno malonitrilo delakoa. CN deituek klororoazetofenona. CR tipokoek  dibenzoxazepina. Badira OC motakoak ere, piper gasa daramatena, oleoresina capsicum. Feigenbaumek azpimarratzen duenez, gasok pentsatuta daude igurzten dituzten pertsonei eragiteko “tortura, adorea birrintzea eta kalte fisiko eta psikologikoak”.

Gas negar-eragileak historian azaldu ziren 1914ko abuztuan, I. Mundu Gerran, tropa frantsesek alemanei jaurti zizkietenean bromuro metilbenziloz betetako granadak: negarra eragin, ikusmena lausotu eta itotzear jartzen ziren soldaduek, estutasun hartan ez zeukaten lubakietatik irtetea beste biderik eta orduan frantsesek fusilen tiroz bezala artileriaz garbitzen zituzten. Hilabete batzuk geroago 1915eko apirilean, Ypresen hartu zuten alemanek errebantxa, frantsesei kloro gasa jaurtiz.

"Erasokortasunean irabazteko tresna ziren gasok. Askoz geroago, Vietnamgo gerran negar-eragileak modu beretsuan usatzen ikusi ditugu. Vietnamdarrei jaurtitzen zizkieten beren bunkerretatik irten arazteko, ondoren haien gainean beste gasak, bonbak edo tiroak jaurtitzeko. Erabilera militarrongatik daude gas negar-eragileak debekatuta gerretan”.

Baina kontraesanak zer diren, Arma Kimikoen 1993ko Itunak lacrimo hauek  debekatzen dituen arren gerra garaian, matxinaden kontrolerako baimenduta daude. Grafikoki esateko, nazioarteko itunak urratuko lituzke militar batek publikoki erakutsiko balitu gas potook desfile batean; aldiz, edozein polizia demokratikok lasai ederrean eskuzko botiletatik igurzten ditu gasokin protestalariak, edo fusilez potoetan tirata.

1920 eta 1930eko hamarkadetan hasi ziren AEB eta Europako zenbait estatu gas negar eragileokin sakabanatzen jendeen bilkura eta manifestazioak. Britainia Handia hasiera batean uzkur omen zegoen munizio honekiko, bere herritarrek gogoan baitzeukaten Gerra Handian Europako zelaietan jasandako triskantza. Baina horiek ere laster ireki zioten atea ustezko aurrerapenari.

Inperioko bazter askotan matxinoak metodo berriekin hasi ziren aurre egiten kolonialistei. Indian  Mahatma Gandhik ekin zionean Satyagraha deitu borroka ez bortitzari, jende baketsua tiroka hiltzeak itxura txarra ematen zien agintariei. Gero, Nigerian emakumeek hartu zuten protagonismo handia inperioaren aurkako mugimenduetan. Londresko agintariek arma kimiko berri ahulago horiekin metropoliko herritarrei sinetsarazi zieten ondo enplegatuta gasak baliagarri izan zitezkeela matxino basatiak zibilizatuki menderatzeko.

Masak kontrolatzeko merke eta efikaza

Gaur gas negar-eragileak hain polemika gutxirekin erabiltzea ere hein batean agintari britainiarrei zor zaie. Ipar Irlandako manifestariei hura jaurtitzea justifikatzeko sortu zuten Himsworth batzordeak egiatzat ezarri zuen gas hori –ez armen baina drogen atalean aztertuz– toxikotzat jotzeko gutxieneko maila bat. Toxikotasun mailaren azpitik gasa arriskutsua ez dela argudiatuz, jendearen begi, aho eta sudurrak haiekin igurztea onargarri bihurtu zen.

Kontua da geroztik ez Osasunerako Mundu Erakundeak eta ez beste inork ez duela egin arma hauen ondorioen azterketa globalik, dokumentazio lan handia egin duen Feigenbaumek dioenez. Txosten mediku zehatz asko bai aurkitu ditu, esaterako azken aldian Turkia, Venezuela, Britainia Handia edo AEBetako medikuen elkarteek plazaratutakoak. Baina maila orokorragokorik ez. Feigenbaumek gasoi egozten dizkien arriskuak –malkoak, goragaleak, abortatzeak, itsutasuna, baita heriotza ere...– mundu osoan hain naro erabiltzen diren munizioekin nola gauzatzen diren azalduko duen ez kopururik eta ez baloraziorik ez dago, soilik dakigu arma legalak direla, inolako kontrolik gabeak.

“Gas negar-eragileena itzalpeko merkatu bat da –dio ikerlariak– kontratuetako askok ez baitute gobernuen baimenik ere behar. Industriak zuzeneko harremanak ditu poliziekin. Ez dago behaketarik Nazio Batuek indarra eta armak erabiltzeko ezarritako estandarren jarraipen planetan; beraz, erabilera okerren jarraipenik ere ez. Gehiegizko erabileraren eta komertzioaren arteko loturarik ez da aztertzen”.

Gasa merke eta efikaza da kaleko gatazkak kontrolatzeko, batik bat atmosfera kontrolatzeko [policing the atmosphere] teknologia bakarretakoa delako. Kautxuzko pilotak eta ur kainoiak linealak dira, ez atmosferikoak, soilik harrapatzen dute eremu txiki batean kokatutako itua, pertsona. Alde horretatik, gasak diru gutxiagorekin askoz eremu zabalagoa kontrolatzen du.

Feigenbaumek dio gaur, batik bat 2008ko krisia lehertu zenetik, protestan datorren jendearen aldetik taktika ezberdinak ugaritu egin dira. Europan adibidetzat jartzen ditu Frantziako azken aldiko mobilizazioak, zeinetan bildu diren klase askotako gizarte mugimendua, sindikatuak eta beste, eta badirudi polizia ez zegoela horri aurre egiteko prestatua. Eta gainera irudiak daude. “Agintaria bazara, larriena da telebista ekipo asko daudela protestetan, irudi horiek hartu eta jendeen etxeetaraino iristen direnak, eta poliziak nola edo hala irabazle atera nahi duela kaleetan jokatzen den komunikazio gudu horretan”. Notre-Dame-Des-Landesen ikusi denez, nor den nagusi garbi uzteko gasa aski ez denean poliziak prest daude matxinoei erasotzeko gerrako zauriak eragiten dituzten bestelako granada gogorragoekin, ZADetik zabaldu diren argazki beldurgarrietan ikusi dugunez.

Segurtasun konpainiek hurbiletik jarraitzen dute munduko protesten bilakaera. Esaterako, industrialek ba omen daukate Tear Gas Watch izeneko posta elektroniko zerrenda bat, zeinetan bateko eta besteko aktibistek zabaldutako informazioak fabrikatzaileek beren estrategiak fintzeko birziklatzen dituzten. Horra jendeak gaseztatzeko produktuen Ikerketa+Garapena+Berrikuntza.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arma kimikoak
Ehun urteren ondoren, arma kimikoen mehatxuak jarraitzen du

Duela mende bat, 1923ko uztailean, espainiarrek lehen aldiz erabili zuten iperita edo ziape-gasa deiturikoa Arrifeko populazio zibilaren kontra. Aurretik, Lehen Mundu Gerrako potentziek soldaduen aurka ondo probatuta zuten arma kimikoa. Erabilera horren ondorioak gaur nabari... [+]


Tran To Nga: Vietnamen AEB-ek erabili arma kimikoei gerla deklaratua dien vietnamdarra

Urtarrilaren 25ean Paris ondoko Instantzia Handiko Auzitegira begira izanen dira milioika vietnamdar. Egun horretan hasiko da Vietnamgo gerlan AEBetako armadak erabilitako arma kimikoei buruzko auzia.  Hego Vietnamen agente laranja  izenez ezaguna den herbizida eta... [+]


Vietnamgo gerra ez da bukatu

1961etik 1971ra AEBek 67 milioi litro agente laranja bota zituzten Vietnamen 20.000 kilometro koadro baso eta 2.000 kilometro koadro labore lur suntsituz.


Monsantok eta AEBek Vietnam kiskalita mende erdira erosi egin dute

Vietnamgo ordezkaririk ez da izan Holandako Hagan nazioarteko herri auzitegian Monsanto epaitu duenean, urriaren 14tik 16ra. Gerra bukatu eta gero sortutako gurasoen haurrak gaixoarazten ditu korporazioak ekoiztutako Agente Laranja pozoiak, hegazkinek kutsatutako oihanak ez dira... [+]


Eguneraketa berriak daude