argia.eus
INPRIMATU
Plentziako II. Azoka Agroekologikoa
Era guztietako produktu ekologikoak herritarren eskura
Garazi Zabaleta 2018ko maiatzaren 18a
Maiatzaren 20an egingo du II. Azoka Agroekologikoa Plentziako Txakinarto Kontsumo Taldeak. Argazkia: Txakinarto.
Maiatzaren 20an egingo du II. Azoka Agroekologikoa Plentziako Txakinarto Kontsumo Taldeak. Argazkia: Txakinarto.

Bigarren urtez jarraian, azoka agroekologikoa antolatu du Plentziako Txakinarto Kontsumo Taldeak. Maiatzaren 20an egingo da.

Inguruko ekoizleen erakusleiho

“Ez dugu gure kontsumora soilik bideratutako taldea izan nahi. Herrian eta jendearen buruetan eragiteko asmoa dugu” dio Gotzone Butron Kamiruaga taldeko kideak. Herritarrek inguruan dituzten ekoizleak eta horien produktuak ezagutzeko eta bestelako kontsumo moduak herriari eskaintzeko erreminta da Butronen ustez azoka.

Zer topatuko du maiatzaren 20an Plentziara hurbiltzen denak? Bada, kasik denetik: Okela, ogia, arrautzak, barazkiak, marmeladak, garagardoak, pizzak, pasta, kosmetikoak… Kontsumo taldearen ohiko ekoizleek hartzen dute parte batik bat azokan, baina besteei ere zabalik daude. Goizeko 11:00etatik eguerdiko 15:00ak bitartean kaleko kontzertuak, zuzeneko irratsaioa, bidezko merkataritza produktuen dastaketa eta lore eta belar mandalen tailerra izanen dituzte. Aurten herriko tabernek ere parte hartuko dute azokan, bertako produktuekin prestatutako pintxo bereziak eskainiz.

Kalitatearen berme

Azokaz gain, inguruko ekoizleengana irteerak eta horien produktuekin dastaketak antolatu ohi ditu Txakinarto Kontsumo Taldeak urtean zehar. Ekoizleekin zuzeneko harremana edukitzea da euren ustez kalitatezko produktuak jasotzeko bermerik onena: “Ekoizpen ekologikoa, gure ustez, konpromiso bat da. Zigilua ez da nahitaezkoa guretzat, gure ekoizleek lan nola egiten duten gertutik ikusi baitugu, ezagutzen dugu”.