40 urte bete dira Polizia armatuak Iruñean San Fermin jaiak ospatzen ari zirenean zezen plazara tiroka sartu eta herrian zegoen askatasun egarria itotzeko ahalegin sutsua egin zuenetik. Emaitza: su armazko hamaika zauritu eta German Rodriguez gaztea eraila. Jakina, ez dute inoiz inor izugarrikeria horregatik epaitu ezta zigortu ere.
Iruñean eta beste leku ugaritan, ordea, jendeak ez du sarraski hura ahaztu eta egia, justizia eta erreparazio bila salatzen jarraituko du etsi gabe. Testuinguru horretan, Gor diskoetxe beteranoko kideei eta hurbileko lagunei bururatu zitzaien musikaren bidez ere Germanen eta gertatutakoaren memoriari eutsi eta belaunaldi gazteagoei jazotakoa helaraztea. Esan eta egin, Gor diskoetxeko kideek ohi duten bezala atzoko eta gaurko musikariak erakarri dituzte proiektura eta Nafarroako hamar musika ekimen batu dituzte bilduma honetan. Disko gogoangarri honek izango dituen etekin guztiak “Sanfermines 78 Gogoan” ekimenera bideratuko dira.
Hamar kanta horietatik hiru ez dira berriak, baina horien hitzak bat datoz gertatutakoarekin eta salaketarekin: La Venganza de la Abuela izan zen El Drogas musikari ezagunak 90eko hamarkada bukaeran sortu zuen proiektua, eta Zua kaleko aldarri metaleroa; La Chula Potra raperoak idatzitako German pieza (eta testu) ikaragarriak ez du iraungitze datarik; ezta memoria historikoaren ahots leun eta sentikorra den Fermin Balenciak eta haren Hilarria triste baina itxaropentsuak ere.
Gainontzean ez dira falta rock amerikarra erabat nafartu eta euskal poparekin ezkontzeko gaitasuna duten Balerdi Balerdi taldekoak –Ahaztezina da piezarekin–; hardcore melodikoaren sua itzaltzen inoiz utziko ez duen Leihotikan –Zakurren dantza madarikatua–; indarra, gaztetasuna, punka eta leku(n)berriren bat oso presente duen Altxatu sasoitsua –Kantu bat–; street-punk edo punk-Oi!a lanabes duten Sofokaos –Bala bat– zein Streetwise –78 pieza– talde grinatsuak; bertso eskaintza egin duen Iruñea Soviet Band; eta ekimen honetarako espresuki elkartu den antzinako Los Del Rayo: rock kaletarra eta iraganeko tempoak maisuki berpiztu ditu taldeak Los hombres de gris interpretatu eta grabatzeko.