“Euskal Herrian oso gutxi izango dira ikastetxe barruan hezegunea egitea erabaki dutenak”, diote Irungo Plaiaundi Institutuko irakasleek. Hezegune bat ez, hiru egin dituzte bertan, ikasleek eurek: hiru putzu, hiru habitat; ikasgelako teoriatik praktikara salto egiteko laborategi naturala lortu dute batetik, eta inguru horretan bizi den eta mehatxupean dagoen apo lasterkariarentzako erreserba ezin hobea sortu dute bestetik.
Urtarrilaren 24a da, eguraldi ona dugu eta putzuak egiteari ekingo diote institutuko ikasleek. Aurretik, Gabonetako oporretan, makina hondeatzaile txiki batek hiru zulo utzi ditu eginak ikastetxeko zelai-guneko hiru lekutan. Putzuen sakonera, neurria, toki zehatza (itzaletan edo eguzkitan)… ez da ausazkoa, bertako espezieengan pentsatuta diseinaturiko hezeguneak dira. Palak eta aitzurrak prest dituzte, eta segituan jabetuko dira ikasleak: putzua sortzea ez da zulo bat egitea eta kito, ez horixe. Batxilergoa egiten ari diren 16-18 urteko hiru ikasgela –eta hiru irakasle– dira, 50 ikasletik gora: ikasgela bakoitzak putzu banaren ardura izango du, orientazioaren arabera izendatu dituztenak: Larrun putzua, Jaizkibel putzua eta Aiako Harriak. Aranzadi Elkarteko Jon Garin ere bertan da, azalpenak ematen, Aranzadi bidelagun izango baitute proiektu honetan.
Eta hasi dira ikasleak, palekin zulora lurra botatzen, aitzurrekin garbitzen, putzutik ura ateratzen… Gero, geotextil geruza jarri dute denen artean (oinarrizko geruza da, euri-ura ez dadin etorkizunean iragazi eta lurrak ez dezan dena xurgatu); eta oraindik beste bi geruza ere jarri beharko dituzte (butilo geruza eta geotextila berriz ere). Lurra bota, inguruan hesia egin… Lau bat egunetan jaitsi behar izan dute patiora, prozesua behar bezala amaitzeko, eta lortu dute azkenean, hiru hezegune diseinatu dituzte, euriak modu naturalean beteko dituen hiru putzu. Ikasleek eurek egitea ideia ona izan da, proiektuan gehiago inplikatuko direlako: propio sentitzen duten putzuaren jarraipena egingo dute, aldaketak ikustera gerturatuko dira, jakin-mina dute… eta aldi berean, gizakiak onerako eta txarrerako naturan eragin dezakeela konturatu daitezela nahi dute irakasleek.
Karlos Cruz, Ana Uriz eta Iñaki Sanz-Azkue dira Lur eta Ingurumen Zientziak ikasgaiko irakasleak Plaiaundi Institutuan. Bakoitzak talde bana du eta hiru taldeek asteazkenetan, azken bi orduetan ematen dute ikasgaia. “Hasieratik garbi ikusi genuen ez ikasleak ez gu ez ginela prest gela barruan bi orduz segidan eduki teorikoak ematen aritzeko astero-astero”. Horrela jaio zen ekimena.
“Zenbat landare ezberdin zeuden begiratzeko esan genien. ‘Dena belarra da-eta!’ erantzun ziguten. Bada, begiratu eta sei espezie ezberdin aurkitu zituzten, hain eremu txikian” (Iñaki Sanz-Azkue, irakaslea)
“Zergatik ez da hazi belarra?”
Hasieran ikasgelatik ateratzeko aitzakia eta kasik jolasa zena, beste dimentsio bat hartzen joan da, pixkanaka zentzua ere ikusi diote ikasleek egin dutenari, eta hezegunea ur-putzu bat baino askoz gehiago dela ohartu dira: mikrohabitatak eta txokoak daudela hezegune barruan, maila teorikoan lantzen dituzten gaiek (ekosistemak, biodibertsitatea, landareak, espezie ezberdinen bizi-zikloak…) lotura dutela bizitzarekin, “batzuetan badirudielako liburuan ematen duguna zerbait abstraktua dela –diote irakasleek–, baina ez, hor dago, naturan, putzuan bertan”. Aurten sorturiko hezeguneak, gainera, baliagarri izango zaizkie datozen ikasturteetan ere, eboluzionatzen jarraituko dutelako eta hurrengo ikasle belaunaldientzako laborategi natural bikainak izaten jarraituko dutelako.
Errealitatea ez baita teoria, aurreikuspenak beti ez dira betetzen, eta hori ere bada aberasgarri. Hasiera batean berdinak ziruditen putzuek ezberdintasunak dituztela agerian geratu da denborarekin eta putzuetako bat, adibidez, ez da apenas aldatu, oso hezea delako eta ingurua putzutzen delako. Gogoetarako baliatu dute irakasleek: zergatik ez da aldatu? Zergatik ez da belarra hazi? Zertan da beste hezeguneekiko ezberdina?...
Ariketetako bat izan da putzu banaren inguruan metro koadro bat aztertzea: belarra nola hazi den, zein portzentajetan, zein landare agertu diren… Hala, eboluzioa eta segida ekologikoa landu dituzte. “Zenbat landare ezberdin zeuden begiratzeko esan genien. ‘Zenbat landare? Dena belarra da-eta!’ erantzun ziguten. Bada, begiratu eta sei espezie ezberdin aurkitu zituzten, hain eremu txikian. Nik ez nien esan hori biodibertsitatea dela, baina izena jarri edo ez, kontzeptua ulertu dute, barneratu dute”, dio Sanz-Azkuek.
Galderaz, ariketez eta hausnarketarako aukerez betetako txosten osatua ere prestatu zuten hiru irakasleek. Zure hezeguneak zein orientazio du eta noiz joko dio eguzkiak? Zertan dira ezberdinak hiru putzuak? Zein da putzuko ekosistema, biotopoa, populazioa, habitata…? Ze fauna mota gerturatuko da putzuetara? Garrantzitsua al da putzua noiz egin jakitea? Osatu kate trofiko bat putzu bakoitzarentzat; eta abar luzea. Txostena betetzeko garaian, ikasleen artean iritzi-truke eta eztabaida interesgarriak sortu ziren; “gaiak jakin-mina eta interesa piztu duen seinale”.
Beste ikasgai batzuetan ere baliatu dituzte putzuak: uraren azterketa egiteko, mikroorganismoak bilatzeko edota laborategiko praktiketarako
Lur eta Ingurumen Zientzietan bakarrik ez, beste ikasgai batzuetan ere baliatu dituzte patioko habitat berriak: Kultura Zientifikoan, Biologian eta Geologian, esaterako, uraren azterketa egiteko, protozooak eta mikroorganismoak bilatzeko edota laborategiko praktiketarako oso ongi etorri zaizkie. Eta hurrengo ikasturteetarako, zientzia arloetatik harago gainerako ikasgaietan ere putzuak integratzeko egitasmoa planteatu dute.
Apo lasterkariak badu non ugaldu
Balio hezitzaileaz gain, biodibertsitatearen ikuspegitik ekarpen handia dira hezeguneok. Helburua izan da hiru habitat berri sortzea, anfibioak, intsektuak, txoriak, narrastiak… erakarriko dituena; ez da ahaztu behar anfibioen populazioa gainbehera dagoela eta %40ak desagertzeko arriskua duela. Baina beste asmo bat ere badute putzuek: apo lasterkaria espezie mehatxatuari bizileku aproposa eskaintzea (ez alferrik, hari egokitutako sakonera, tamaina eta ezaugarriekin diseinatu dituzte putzuak, moztutako belarraz inguratuak, eremu irekiak behar baititu apo lasterkariak). Hain juxtu, apo lasterkaria oso leku gutxitan aurkitu badaiteke ere, ikastetxearen atzealdean dauden baratzeetan eta institutu alboan dagoen Plaiaundiko Parke Ekologikoan bizi da, eta hori aprobetxatu nahi izan dute irakasleek. Une onean datoz putzuak: atzealdeko baratzeak kenduko dituzte eta apoarentzat kaltegarria izan daitekeela aurreikusten dute, eremu murritzagoa izango dutelako ugaltzeko eta bizitzeko. “Gutxienez, hiru hezegune berri izango dituzte orain, erreserba moduko bat”.
Ikasturtea amaitzear dela, ez dago inor Plaiaundi Institutuan apo lasterkariaren berri ez duenik. Eta ez gara bakarrik ikasleez ari. Ikasgai ezberdinetako irakasleek, bedelak, kafetegiko langileek… galdetzen dute apo lasterkariaz eta putzuen eboluzioaz. “Zerbait berezia izan da denontzat, harridura sortu zuen hasieran, jakin-mina ondoren, eta azkenerako elkargune indartsua izan da Plaiaundiko hezkuntza komunitatearentzat”. Horregatik, apirilean putzuetara eta ondoko parke ekologikora bisita antolatu zutenean arrats-gaualderako (apo lasterkaria ikusteko ordu onenak horiek direlako), jende ugari animatu zen, haur, ikasle eta heldu, linternak eta frontalak hartuta abentura gogoz.
Une onean datoz putzuak: atzealdeko baratzeak kenduko dituzte eta apoarentzat kaltegarria izan daiteke. “Gutxienez, hiru hezegune berri izango dituzte orain, erreserba moduko bat”
Maiatza da eta burruntziak, sugandilak, sugeak… hezeguneen parte dira dagoeneko. Bat-batean, ikasle talde bat sartu da gelara, oihuka: “Zapaburuak! Zapaburuak!”. Propio sentitzen duten putzura ohiko ikustalditxoa egitera joan, eta orduantxe izan dute ezustekoa, irrikaz esperotako albistea: apo lasterkariaren zapaburuak agertu dira putzuan. Itxura oso ona du Plaiaundi Institutuko putzuen etorkizunak.
Eguneroko abiadura itogarritik atera eta eskola-proiektua amesteko, gogoetatzeko denbora hartzea aldarrikatu dute solaskideek, Superbotereak liburua aurkezteko mahai-inguruan. Patxadatsu aritu dira, hain justu, eraldatzeaz, inpotentziaz, ilusioaz, eskola bakoitzak egin beharreko... [+]
EHUko errektoretzarako hauteskundeak irabazi ditu Bengoetxearen hautagaitzak, botoen %63,6 lortuta. Beste taldeak berriz, Eva Ferreirarenak, botoen %36,3 jaso du. Parte hartzea %21,9koa izan da eta gora egin du aurreko hauteaskundeekin alderatuta
Hainbat ikaslek egin dituzte salaketak. Irakasleetako bat sare sozialen bidez ikasleei egindako jazarpenagatik eta sexu proposamenengatik salatu dute. Bigarrena, berriz, ikasgelan izandako jarrera desegokiengatik eta iruzkin sexistengatik. Hirugarrenari dagokionez, ikasleen... [+]
Palestinan genozidio bat burutzen ari den Israelgo estatu eta berarekin batera diharduten enpresa eta erakunde guztiekin eteteko asmoz sortu zen EHU Palestina. Israelen inpunitatea Europan eta Estatu Batuetan dituen harreman politiko, militar, ekonomiko, zientifiko zein... [+]
Esloveniako eskoletan izan duen arrakastari tiraka, Alberdania argitaletxeak Euskal Herriko ikastetxeetara ekarri du Joko Ona Denontzat irakurketa-lehiaketa: DBHko ikasleek “kalitate handiko liburuak” irakurriko dituzte taldeka, eta avatarra aukeratuta, horiei... [+]
Larraulgo eskolan da hitzordua, azaroaren 27an, 17:30ean. 'Superbotereak' liburuaren egile Koldo Rabadan ez ezik, hitzaurrea idatzi duen Nora Salbotx eta hainbat kide izango dira mahaiaren bueltan: Ainhoa Azpirotz (Hik Hasi-ko koordinatzailea), Irati Manzisidor... [+]
Asteartean, hilak 26, egingo dira EHUko errektoretzarako hauteskundeak. Kanpaina nahasia izaten ari da, eta, horren erakusgarri, Joxerramon Bengoetxearen taldeak eskatu izana "ustez Eva Ferreiraren hautagaitzako pertsonek edo ingurukoek egindako ekintzak eta kanpainako... [+]
Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]
Egunik goibelenetan ere, Larraulgo (Gipuzkoa) eskolako ateak ireki orduko irauli egiten da aldartea. Haurreskolako haurrengandik gertu, metro eskasera dago liburutegi-txokoa. Ordenagailuaren parean topatu dugu neskato bat, entzungailuak jantzita, arkatzez idazten eta koadernoari... [+]
19 urte ditu Maddik, Matematika Gradua ikasten ari da Leioan, EHUko Zientzia eta Teknologia fakultatean, musika ikasketak eginak ditu, eta gazteagatik ere, bertsolari iaioa da. Eta bertsolari ona baino hobea izateko zumitzak ditu, bateko eta besteko plazetan ikusi dugunez... [+]
Hezkuntzaren Soziologian bada galdera klasiko bat: zertarako existitzen da hezkuntza sistema gizarte batean? Galderari emandako erantzunak ugariak dira, eta aldatuz doaz garaiaren arabera. Baina horien artean nabarmentzekoak ondoko hauek izan ohi dira: eskolak nagusiki... [+]
Bi ordu edo bi ordu eta erdiz haur eta gazte andana hartzen ditu jantokiaren tarteak eskoletan. Jateko, jolasteko eta elkarbizitzeko espazio horretan jantokiko arduradunak esku hartzeko dituen mugez, jarraitzen diren irizpideez, begiraleen rolaz eta duten formazioaz arituko... [+]
Azaroak 20an, Haurren Nazioarteko Eguna, ikastetxe sarreretan krespoi belzdun bandera palestinarra eta bi zapata pare jartzea proposatu du hezkuntza arloko ekimen herritarrak. Azaroaren 30etik urtarrilaren 31ra bitartean haur palestinarrentzako elkartasun mezuak jaso eta ondoren... [+]
“Te Siklârel Romanipen” ikasketa plana prestatu dute Ijito Herriaren historia eta kultura Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan txertatzeko. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sortu du proiektua, EHUrekin eta Amuge Euskadiko Emakume Ijitoen Elkartearekin... [+]