Bi andreok hamar zentral nuklear gelditu dizkiete Zuma eta Putini

  • Makoma Lekalakala eta Liz McDaid ohoretu dituzte Goldman Ingurumen Sariz hamar zentral nuklear gelditu arteko kanpaina eraman dutelako. Hegoafrikako Gobernuak Errusiako konpainia atomiko publikoarekin elkarlanean eraiki nahi zituen. “Herritarrek lortu dezakete agintariek herria ez uztea salgai preziorik onena eskaintzen duenaren eskuetan”, azaldu dute pozik mugimendu sozialetan urte luzeak daramatzaten bi ekintzaileek.


2018ko maiatzaren 10ean
Goldman Fundazioak zabaldutako irudian, Liz McDaid (ezkerretan) eta Makoma Lekalakala kaleko ekintza batean. “Ingurumenari lotutako gatazka moduan hasi zena –esan du McDaidek–, orain bilakatu da etorkizun justuago baten aldeko mugimendu, herritarrok zutit
Goldman Fundazioak zabaldutako irudian, Liz McDaid (ezkerretan) eta Makoma Lekalakala kaleko ekintza batean. “Ingurumenari lotutako gatazka moduan hasi zena –esan du McDaidek–, orain bilakatu da etorkizun justuago baten aldeko mugimendu, herritarrok zutitu eta gure gobernuari demokrazian erantzukizunak eskatzeko. (...) Kontratu nuklearra ez zen inoiz oinarritu energia kontuetan: pertsona batzuen aberastu nahia zen kontua”.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Goldman Environment Price sariak irabazleari ez dio lasaitasuna segurtatzen ingurumena birrintzearen kontura aberasten direnen sikarioen atzaparretatik: Peruko oihanak defenditzen zituen Maxima Acuña hil zuten 2016an, urte berean ere Berta Cáceres Hondurasen urtegi baten promotoreei aurre egitera ausartu zena, 2017an Mexikoko Chihuahuan basoa eraisten ari zirenen kontra borrokatua...  Goldman saria ez da bizi asegurua, bai justiziaren alde egindako lanaren aitortza garrantzitsua.

Apirilaren 23an San Frantziskon (AEB) burututako ospakizunean eman zituzten 2018koak eta sei sarietatik bat Hegoafrikako bi emakumek jaso dute: beren herrialdea hamar zentral nuklear berriz hornitzeko planak geldiarazteagatik omendu ditu Goldman Fundazioak Makoma Lekalakala eta Liz McDaid.

2014an, presidentea Jacob Zuma zela,  Errusiarekin Hegoafrikako Gobernuak itun sekretu bat sinatu zuen hamar zentral nuklear berri –gaur egun bat dauka martxan, Eskom enpresa publikoak kudeatua– eraikitzeko. 64.000 milioi euroko tratua harrigarria zen, bai sinatzaileei eta bai kopuruei zegokienez. Tratua ondo itxita zegoela zirudien arren, bi andrazkorekin egin zuten topo agintari indartsuek.

“Etxean argindarrik ez daukaten emakumeekin egiten dut lan, argindarra pagatzeko adina ez daukatenekin. Horien beharrak asetzeko moduko erantzuna ez da herritarren zergetatik biloi bat rand [Hegoafrikako moneta] kostako den zentral nuklear sail bat”. Horrela mintzo da Makoma Lekalakala, 52 urte, Earthlife Africa ingurumen elkarteko zuzendaria. Errusiako ingurumen elkarteen bitartez jakin zuen Putinek eta Zumak eskuartean zekarten itunaren berri: “Plan horrek gure herria kiebrara eramango zuenez, guri zegokigun agintearen gehiegikeriei aurre egitea”.

Lekalakalaren elkarteak erabaki zuen gaia kalera ateratzea. Oinarrizko eskubideak kalera eramaten trebatuta daude Hegoafrikako militante asko, zerbaiterako balio izan die apartheid-aren kontrako borroka gogorrak. Eten gabeko salaketa kanpainari ekin zioten Earthlife Afrikakoek, parlamentuaren eta ministerioen atarietan protestak antolatuz. Baina lagun indartsuagoak beharko zituzten goi mailako aginteei aurre egiteko.

Lekalakalak, Johannesburgoko lider beltza bera, Lurmutur hirian aurkitu zuen bazkidea: Liz McDaid SAFCEI Justizia Ekologikorako Programaren arduradun zuria, borrokazko curriculum aberatseko emakumea hau ere. Bi andre  hortzak erakusten gizonen establishmentari, antzeko balio eta jokabideak dauzkaten emakume bi, ondo  konpondu zirenak hasieratik.

“Asteazkenero Hegoafrikako Gobernua biltzen denez parlamentuan, presidentea eta ministroak harantz doazenerako gu han biltzea erabaki genuen, agintariei egia esateko. Eta hala egin genuen 2014ko tratua sinatu zutenetik”.

Bi urte baino gehiagoz, asteazken guztiz goizean goiz jaikita ministroei ongi etorria egiten zieten, haien auto beltz distiratsuak hurbiltzen zirenean bandera antinuklearrak erakutsiz. Inoiz egokitu zitzaion McDaidi bakarrik egotea euripean. Beste askotan dozena batzuk egoten ziren protestan. Elkarretaratzeak egin zituzten Eskom energia konpainia publikoaren atarian, beste hainbat protesta, manifestazio eta sinadura bilketa ere antolatu zuten.    

Eta halako batean, tximistak jo zuen Pretoriako gobernua. Earthlife Africak lortu zuen Hego Afrikaren eta Errusiaren arteko kontratuaren paperaren kopia bat. Laster Mail & Guardian egunkariak argitaratu zuen osorik eta herritar askori ireki zitzaizkion begiak.

Putin ere aditua da negoziotan

Pretoriako gobernuak erakutsi nahi ez zuen papera, antza, Moskuko Atzerri ministerioak nazioarteko itunen zerrendan argitaratuta zeukan bere webgunean. Haren berri Johanesburgeko Earthlife Africa elkarteari Ecodefense mugimenduko Vladimir Slivyakek jakinarazi zion.

2014ko irailean Jacob Zumak osasun kontu batengatik Moskura bisita egina zuen. Bide batez han Vladimir Putinekin elkarrizketatu eta handik aste pare batera Hegoafrikako Energia ministro Tina Joemat-Petterssonek eta Rosatom konpainia publikoko buru Sergey Kirienko jeneralak sinatu zuten kontratua.  Herritar asko bost hilabete geroago  Mail & Guardianen leitu zutenean zur eta lur geratu ziren. Hegoafrikarrak urte luzetarako Errusiari eskuak lotuta geratzen baitziren

Kontratuak ezartzen zuen, de facto, Hegoafrikako zentral nuklearren inguruko afera guztietan Rosatom konpainia errusiarrak beto eskubidea edukiko zuela, gutxienez 20 urterako. Aldiz, batean edozein istripu gertatuz gero, Errusiari ezingo zitzaion inolako kalte-ordainik eskatu. Hitzez hitz: “Hegoafrika izango da herrialdean bezala atzerrian [zentral nuklearrek] eragindako edozein kalteren erantzule bakarra”.

Rosatomek jasoko zuen tratu berezia  zerga eta bestelako finantziazio gaietan. Bestalde, Hegoafrikak inoiz nahiko balu zentralotan garatutako teknologiaren bat esportatzea, Errusiaren baimena beharko luke edozertarako. Hori gutxi balitz, papera filtratu zenean Hegoafrikako agintariek berretsi zuten Errusiaren konkurrentzia diren Txina eta Frantziarekin ere Hegoafrikako agintariek hitzarmenak sinatuak zituztela, gobernuak ezkutuan atxikitzen zituenak.

Makoma Lekalakala eta Liz McDaid, beren mugimenduetako jendeak esan nahi baita, bi urtez herrialde osoa hitzaldi eta mobilizazioz astintzen saiatu ziren. Arazo ezberdinen inguruan mugitzen diren talde hegoafrikar askoren koalizioa jostea lortu zuten: emakume taldeak, gazteenak, ustelkeriaren aurkakoak, sindikatuak, fededun taldeak, enpresak...

Baina –gutxitan suertatzen den mirakulua– epaitegietatik azaldu zitzaien eguzkia: 2007an Hegoafrikako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zuen Zumak eta Putinek sustatutako kontratua, konstituzioaren aurka zihoalako eta horrelako erabaki handi bat parlamentuak eztabaidatu behar zuelako.

Goldman Fundazioaren saria jasotzerakoan Makoma Lekalakala eta Liz McDaidek beren gobernuari eskatu zioten amets nuklearrak bazter ditzan. Aitortu zuten beldur direla Hegoafrikak finantziazio iturri berriak lortuz gero agintariek berpiztuko ote dituzten zentral atomikoen planak. Kezkatzeko arrazoirik ez zaie falta. Industria militar-nuklearrak ez du deskantsurik, ez Eki eta ez Mendebaldean. Errusiak egunotan itsasoratu du lehenbiziko zentral nuklear mugikorra, Artiko bazterreko Pevek hiriari indarra emateko. Txernobyl eta Fukushimatik zerbait ikasi duten bakarrak militanteak dira, nonbait.


Azkenak
Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


2024-11-29 | Euskal Irratiak
Eguberriko merkatu solidario, etiko eta euskaltzale bat Baionan

Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.


Komunikazio libreago baterantz

Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.


Eguneraketa berriak daude